Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 3. domekea - 2019.eko Urtarrilaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok ospakizun honetara.

Senideok: Jesu Kristoren heriotzearen eta biztuerearen oroigarria ospatzeko batu gara hemen. Jainko Aitak alkartzen gaitu, guraso batek bere seme-alabak lez, Hitza entzuteaz eta Jaunartzearen bidez Jesus beraren bizitzan partaide izan gaitezan.

Gure fedea eta gure bizitza ez dira izan hitz hutsez sortuak, maitasunez, jakinduriaz, ontasunez… betetako berbakaz baino; gure guraso, katekista, hezitzaile, irakasle eta lagun guztien testigutza eta euren bizi koherentziari esker sortuak.

Senideok: domeka honetan Jaunaren Hitzak berehalako erantzun betea eskatzen deusku gure bizitzetan eta gure kristau konpromisoetan. Hasi dagigun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Nehemias 8, 2-6. 8-10

Israelgo herria, erbeste aldiaren ostean, Hitza entzutera eta adiskidetasunezko jaiaren otorduan parte hartzera deitua izan da. Jainkoaren Berbea entzutera eta Ituna barritzera deitua. Gu be espiritua eta bizia dan bere hitza entzutera eta hausnartzera deituak gara. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Korintokoai 12, 12-30

Bateoaren bidez, Kristok bere gorputzagaz, Eleizeagaz bat egiten gaitu. Desbardintasunean batasuna da errealitatea. Gorputz atal guztiak dira desbardinak eta beharrezkoak, eta guztiak alkarren zerbitzuan batuak, oinazean eta itxaropenean alkartasuna agertuz. Hau da Paulo apostoluak adierazten deuskuna gogoeta honetan. Bihotzez, onartzen dogu beren testigantza.


Ebanjelioa: Lukas 1, 1-4; 4, 14-21

Ebanjelioko pasarte honek, indar haundia eta berezia dauka. Jesusek sinagogan profetearen berbea eguneratu egin eban eta bere buruari aplikatu eutsan. Profetearen berbea bete da. Behartsuak ebanjelizatzeko eta zapalduei askatasuna iragarteko izan zan Espirituak gantzutua. Bizitasunez betetako mezua dogu. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jaunaren Espirituaren eskuetan ipinita, aurkeztu deioguzan gure otoitzak Jainko Aita-Amari premina guztien alde.

1. Jaungoikoaren Eleizearen alde: Espirituaren deiari leial, jardun daiala mundu honetan Hitza argi iragarten, bizitzaren koherentziaz eta gizaki guztienganako presentziaz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2. Eleiz artzainen alde: behartsuen, etorkinen eta ezer ez daukienenganako maitasuna eta horreen aldeko arretaz ibiltea izan daitela hareen ardurea eta ezaugarria. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3. Kristauen batasunaren alde: pausoka-pausoka sendotu daiten Kristoren Eleiza bakarraren batasuna eta, egunen baten, fededun guztiok fede berberean anaia-arreba lez bizi gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Mundu osoan eta gure herrian bakea izan daigun, eta gure agintariak ahalegindu daitezala alkarri entzuten eta pertsona bakotxaren ideiak errespetatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Gu guztion eta gure alkartearen alde: Jaunagaz eta senideakaz alkartzeko gunea izan daitela Jaunaren Berbea entzutean, otoitzean eta konpromisoan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAUR MISIOLARIEN KARTELAREN AURKEZPENA

(Ume edo gaztetxo batek egiten dau. Ikusteko lekuan ipini daiala)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Eleizeak ospatzen dauan HAUR MISIOLARIEN eguna gogoratuz dakartsut kartel hau. Beronegaz gure ebanjelizatzako gogoa agertzen deutsugu. Dohanik hartu dogun fedea ez da ezkutatzeko, besteei argi egiteko baino. Fedearen alderdi hau gogoan izanez, transmititzeko ahaleginean ez daigula etsi. Jauna, emoiguzuz kristau bokazinoak eta misiolari bokazinoak.


SOKA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Azalpena egiten dauanean, kontsumoaren loturetatik askatzeko gogoa agertuz soka hori ebagi egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, soka honegaz kontsumoaz daukagun lotura agertu gura deutsut; baita gure gizarteak saldu nahi deuskuezan azaleko baloreak. Aurkezpen honetan soka hau zure aurrean ebagi egiten dot; lotzen eta menperatzen gaituen lotura guztietatik aske bizitzeko konpromisoa eskuratu nahi dogu eta Ebanjelioan agertzen diran baloreak onartu eta bizi. Lagundu gagizuz, Jauna.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Fedearen sarreran laguntzen nabilen ezaugarri lez dakartsut, Jauna, Biblia hau. Nire katekesiko kideentzat, zure Berbearen balioa aurkitzen lagun izan nakiela; nire bitartez ikasi daiela entzuten eta bizitzara eroaten. Katekistak eta alkarteko guztiak, sinisteko eta biziteko behar dogun elikagai lez hartu daigula.


HATX HARRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, hatx harri honegaz, gure indarra eta aterpea zarala autortzen dogu. Baretzen gaituan eta zure bakea dakarskun hitza entzun nahi dogu. Inguruak ez deusku eskeintzen giro hori, baina guk holan bizi nahi dogu. Zure Seme maitearengan daukagun sinismenean sakonduz, bere laguntza sentidu deigula gure ibilbidean.

Agurra

Adiskideok: Jaungoikoaren Berbea entzuteagaz eta haren mahaian parte hartzeagaz pozik, geure jardunetara, geure etxeetara itzuliko gara, Jaunaren salbamena gaur bete dala gugan, haren maitasunaz bete garala gizaki guztiei adierazotera. Asmatu daigula gure maitasuna senideen eta behartsuenen zerbitzuan ipinten. Aste zoriontsua eta kristau testigantza zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunak,
behartsuei barri ona eta lotuei askatasuna
iragartera bialdu nau”.





Jesusen PAUSOEI jarraitzen deutsegu. Berari ENTZUNEZ, Jesusen Bateo egunean Jainko Aita-Amak egindako gonbitea onartzen dogu.

Gaurko liturgiak JAUNAREN HITZAK daukan garrantzi bereziari buruz berba egin deusku. Lehenengo irakurgaiak Israel aurkeztu deusku Jaunaren Hitza entzuten eta AMEN esanez onartzen. Ebanjelioan bardin: Jesus, beste judutar sinismendun batzuekaz, sinagogara doa, salbamenezko berbea entzutera eta azaltzera. Izan be, Jainkoaren agerpenik behinenetarikoa bere BERBEAREN bidez da.

Hitz honi emoten deutsagun erantzuna hauxe da: “Eskerrak zuri, Jauna” edo “Aintza zuri, Jesus Jauna”. Benetako eta bihotzez esandako erantzuna izan bedi; fruitua emon ahal daigun, berba horrek blai eginda itzi gaizala. Jainkoak holantxe gura izan bedi.

Gaurko ebanjelioaren arabera Jesusen EGITEKOA, “behartsuei Barri ona emotea; lotuei askatasuna iragartea; eta itsuei, ikusmena. Zapalduei askatasuna eta Jaunaren graziazko urtea iragartea” da. Zein da bere jarraitzaileen egitekoa? Eta GUREA?

Zoriontsuak Jaunaren Berbea ENTZUN eta ONARTZEN dabenak:
BIZI ARGIA izango dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaungoikoaren Espiritua nire gainean"

(Lk 4, 18)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue