Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 4. domekea - 2018.eko Abenduaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak senide arteko ospakizun honetara!

Abenduko laugarren domekan gagoz, Jesusen jaiotzatik oso hur. Joan zan domekan Joan Bateatzailearen irudia eskeintzen jakun; gaur MARIA, Jesusen ama izateari baietza emon deutsan emakume apala eta zerbitzaria eskeintzen jaku. Jainkoa berarekin eroiala, prisaz joan zan Isabel lehengusinarengana, barruan eroian pozarekin biak poztu eta preminan egoanari laguntzera. Zerbait handiaren zain dagoan fedea daualako, zoriontsu sentitzen da.

Abendua, itxaropenerako aldi eta bihotz barritzeko dei lez sentidu behar dogu. Zertan aldatu garan itaundu daikiogu geure buruari, zer pauso emon ditugun Jesus gure bizitzetan eta bihotzean onartzeko. Itxaropenak, bihotz barritzeak, alaitasunak, solidaritzak eta fedeak izan behar dabe gure bila datorren Jesus aurkitzeko oinarriak.

Senideok: gertu gagoz, Mariaren antzera, Jauna onartzeko eta haren bideak jarraitzeko. Bera dogu OSOTASUNA.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Mikeas 5, 2-4a

Mikeas profeteak, gertatu baino askoz lehenago, Mesiasen jaiotza iragarten dau. Belen izeneko herritxo txiki ezezagunean jaioko da. Herri guztiak batuko ditu, bakea emongo deutse; Jaunaren indarra txikia eta apala dan horretantxe agertzen da. Benetan, pozezko notizia hemen eskeintzen dena. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 10, 5-10

Orain entzungo dogun Hebertarrei egindako eskutitzan hauxe esango jaku: Kristo da egiazko Abade Nagusi bakarra, kristau izan nahi dabenak jarraitu behar daben eredua; beste inork ez lez bete eban berak Aitak emon eutsan egitekoa. Haren antzera, beti egon behar geunke gertu esateko: “Hemen nozu zure nahia beteteko”. Hau da pasarte honen konbitea.


Ebanjelioa: Lukas 1, 39-45

Itxaron daben umearen jaiotzaren pozetan dabilzan ama bien topaketea deskribatzen deusku Lukas ebanjelariak pasarte honetan. Mariak onartu egin dau Hitza bere sabelean; eta Jainkoaren eskuetan jarririk, beharrean dagoan Isabeli laguntzera joan da. Zoragarria hemen eskeintzen jakuna. Onartu dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Senideok: munduko, Eleizako eta gure preminak gogoan izanez, otoitz egin deiogun Jainko Aita-Amari, Jesu Kristo bitarteko dogula eta Maria bere Ama otoitz lagun.

1.- Jaunaren egonleku dan Eleizearen alde: Maria lez gizakien bidera urten eta bere barruan daroan pozaren partaide egin daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko bakearen alde, gure herrien eta urien alde: gizakiari eta giza eskubideei leialak izateak, gizakien arteko zuzentasunaren, bardintasunaren eta solidaritzaren alde lan egitera eroan daizan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: Gabon jaien benetako zentzunez beterik, gure buruak eta bihotzak barriztatuta, gure ingurukoak be bihotz barritzera eroan daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Aintzat hartu daigula txikia, apala, Jainkoak bere Aita-Ama maitasuna azaltzeko aukeratu dauan bidea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkartearen alde: Andra Mariaren antzera, beti bidean eta gure senideei laguntzeko beti prest bizi gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELEA ISIOTZEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak isiotzen dau. Errez ikusteko lekuan eta ahal dala apaingarri bakarra izan daitela)

OTOITZA- AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak isiotuta daukaguz. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Berbeari baietza emon eutsan sabelean, eta, gero, gizakioi eskeini euskun bizitzan egon zan. Gabonak bizitekoak eta ikutzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini gura doguz; Mariaren antzera, bete eizuz zure argiz, gu be zure lekuko izan gaitezan. Kontsumokerian jausi barik, benetako Gabonak ospatu gura doguz.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Beragaz, kristauon prestutasuna agertu gura dogu)

OTOITZA- AZALPENA: Jauna, katilu hau dakartsut; ni eta nire kristau lagunak prest gagoz Zugandik jatorkuna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gagoz. Eurak barik ezer gitxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete eizuz gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DAN KUMA HUTSAREN AURKEZPENA

(Ume batek egiten dau)

OTOITZA- AZALPENA: Gure eleizan ipiniko dogun Jaiotzan egongo dan kumatxoa dakartsugu, Jauna. Inguru guztia apaintzen dogunean, hortxe ipiniko dogu Belengo Umetxoa. Gaur, zure Seme Jesukristo onartzeko gure bihotzak prest dagozala agertu nahi deutsugu. Jauna, egizu benetan gutariko bakotxarengan jaio dadila.

Agurra

Senideok: Eukaristian parte hartu ondoren, goazen bizkor Barri Ona iragartera: Jainkoa jatorku salbatzera. Jainkoak bere maitasuna eskeintzen deusku, apalenekin, behartsuenekin, ingurukoekin bizi daigun. Jaunak egin gaizala solidarioak, gizon eta emakume alaiak, itxaropentsuak. Berak lagundu deiskula beti! Gabon zoriontsuak! Topaketa zoriontsua gureekin!

Egun honetarako gogoetea

“Hona hemen Jaunaren mirabea;
gertatu bekit zeuk dinozun lez”




Abenduko azken domekea dogu gaurkoa. GABONETAKO ateetan gagoz. “Prestaera aldia” amaitu da. Jauna HEMEN dago. Itxaron aldia bete da.

Domeka honetako pertsonaia MARIA dogu. Beragaz batera, hauxe da egiten jakun konbitea: “GURE ARTEAN DAGOAN JAUNARI” harrera ona egin deiogula. Horixe bakarrik. Holan dala onartzea sarritan kosta egiten jaku. Ume eta babes bako egin dan Jainkoa ulertzea ez da erreza. Mariak ulertu eban, eta itxura baten ezina zana, bere baietzagaz, egia bihurtu zan.

Gabon giro honetan, Maria lagun dogula, KARITAS EGUNA ospatzen dogu. Egun honek, behartsuakaz daukagun konpromisoa gogoratzen deusku. Behartsuengan Jainkoa bera dagoala ulertzea be ez jaku egiten erreza.
Holakoxea da gure Jainkoa!

KARITASEN aldeko ESKABIDEA

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoriontsua, Jaunaren izenean esan yakozanak beteko zirala sinistu dauana!"

(Lk 1, 45)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue