Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 3. domekea - 2018.eko Abenduaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Abendu aldian aurrera goaz. Aurreko domeka bitan itxaropenerako deia egiten euskun Jainkoaren Berbeak. Gaur, ostera, behin eta barriro esango deusku pozteko, alaitzeko; Jesus hurrean dogu. Jainkoak bete egin dau bere hitza eta geure antzeko egin jaku.

Hauxe da erronkea: Jesus gure artean jaioten da, baina Jainkoak nahi dauan senidetasuna adierazoten dauan bizimodua eginez prestatu behar deutsagu bidea. Alkarrenganako maitasunean eta begirunean, alkarrizketan eta tolerantzian oinarritutako hartuemon pertsonalak girotutako senidetasuna bizitera, guretik partekatzera, zuzentasunez jokatzera, duintasunez eta zintzotasunez bizitera eragiten deusku.

Holan biziteko gauza diranen bihotzak pozez gainezka egingo dau. Eukaristia honek alaitasunez bete gaitzala eta poz hori besteengana eroaten jakin daigula.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sofonias 3, 14-18a

Jainkoak bere herriarentzat lortu dauan askatasunetik, alaitasunera, bihotzeko pozera deika jabilku Sofonias profetea. Jaungoikoak zor guztiak parkatu ditu, eta etsai guztiak hondatu; gudari garaile eta herriaren salbatzaile lez agertzen da Jainkoa. Onartu dagigun itxaropenezko mezu hau.


2. irakurgaia: Filipoarrei 4, 4-7

Paulok pozik sakonenera eta garbienera konbidatzen dau Filipoko kristau alkartea: “Poztu zaiteze Jaunarengan”. Ez dogu bildurrez biziteko arrazoirik; “ez euki ezeren kezkarik”. Jaunari eskerrak emoten bizi behar dogu, Jauna hur-hurrean dogulako. Entzun dagigun.


Ebanjelioak: Lukas 3, 10-18

Joan Bateatzaileak berbea iragarten dau, eta Bateoaren ohikunearen bidez adierazoten deusku. Ez da nahiko entzutea, bihotz barritu, konprometitu egin behar da, erne bizi behar dogu. Entzun zertan aldatu behar dogun: nor bakotxaren bizitzan, lanean, hartuemonetan. Zabaldu deioguzan gure adimena eta gure bihotza mezu honi.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusek, bere izenean, Jainko Aita-Amari eskatzeko esan euskula gogoan izanez, aurkeztu deioguzan gure eskariak, entzunak izango garan itxaropenaz.

1.- Eleizeak eta kristau guztiak bizi daiela salbamenaren poza, salbamen hori onartzen eta gizaki guztiei iragarten jakin daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Bizitzari zentzunik aurkitzen ez deutsenen, tristerik, hutsik, gogo jausiak edo gizartera egin barik sentitzen diranen alde; gaixoen eta adin handiko pertsonen alde: behar daben laguntza, maitasuna eta alkartasuna izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduaren itxaropena eta alaitasuna diran umeen eta gazteen alde: ez daiela itzi euren buruak egoismoaren eta kontsumismoaren besoetan jausten, maitasunaren eta alaitasunaren, alkartasunaren eta gitxien daukienekin banatzearen pozaren barri izan daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen bila ahalegintzen diranen alde: sekula be ez daien etsi, eta bake hori aurkitzeko, agintariek ipini daiela euren eskuetan dagoana: alkarrizketea, tolerantzia, zuzentasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan alkarturik gagozanon alde: borondateak alkartzeko, pertsonen arteko hasarreak gainditzeko eta senidetasuna sortzeko gauza izan gaitezala, alaitasunaren eta itxaropenaren testigu izateko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELEA ISIOTZEA

(Arduratsu eta kezkatsu bizi dan edo erakunde zibil baten lana egiten dauan batek isiotu leike gaurko kandelea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau isiotzeko; hirurak batera argi hobea egiten dabe. Gizartean daukaguzan konpromisoen ezaugarri izan gura dabe. Zugan sinisten dogunok, Jauna, gure politikeak edo sindikalgintzak karitatea be kontuan izan daiala. Jauna, lotatik itzartu gaizuz, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezan. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz zure etorrerea erreztu daigula.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskeintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria be agertzen dabe: modea, musikea, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dogu gure zoriontasuna. Eta momentu hori arinegi pasatzen jaku. Praka honeek eskeintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna zugan aurkitu gura doguzala agertzen deutsugu. Bete gaizuz, Jauna, zure bizi pozez.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Alkartearen poztasuna agertzeko ume talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten dau. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, umeen ekitaldi honegaz gure alkartearen poza agertu nahi deutsugu. Zu ere gugaz poztuko zarala uste dogu. Poz hau zaintzen lagundu eiguzu. Gure itxaropenagaz batera gehitzen joan daitela, zure Semeak hasi eban Erreinu barrian danok bat egin arte, umeak aurretik diralarik.

Agurra

Senideok: Jesus Jaunaren mahaikideak izan gara. Dagoaneko ibilia dogu Abendu aldiko zati handia. Gure bizitzetan pozaren eta alaitasunaren testigu izatera, senideei itxaropena eroatera konbidatu gaitu Jaunaren Berbeak. Biziko ahal gara horrela aste honetan! Hartu daigun bere bedeinkazinoa.

Egun honetarako gogoetea

“Jaunaren Espiritua nigan dago,
behartsuei Barri Ona iragartera bialdu nau”




ABENDUKO BIDEAN aurrera goaz. Barriro AURKITZEAREN itxaropenean egiten dogu aurrera. Salbatzen gaituan Jaunak, indar barriagaz animatzen gaitu, eta gure ibilbidearen erritmoa markatzen deusku.

Abendu aldi erdia baino gehiago pasatu da. Eta irudirik ederrena eta politena bere semearen edo alabearen zain dagoan Amarena da; bere barruan daroan umearen zain dago, urduri, pozez, jakin-minez, gozotasunez, arduraz… Umearen zain dagoan ama, ekinean dago zain: egoera fisikoa, psikologikoa eta espirituzkoa zainduz prestatzen doa; baita detaile txikienak kontuan izanez be: prestatu beharrekoak, etxea, beharrezko gauzak. Bera ez dago zeregin barik. Esku, buru, bihotz eta bere izate guztia dago lanean, ume barria jatorkonerako dana prest izan daian.

Amaren irudi ederra benetan. KRISTAU ABENDUA be holan da. Eta domeka honetan mezu bi garbi-garbiak eskeintzen deuskuz:

* Bat: “egon zaiteze beti pozik”, “Jauna hurrean dagoalako” hauxe da Jaunaren Berbearen mezua.

* Bi: “aldatu”, “banatu”: hauxe da Bateatzailearen konbitea, Salbatzailearen Espirituan Bateo barria hartzeko gai izan gaitezan.

Beharrezkoa dogu BIDEAN AURRERA EGITEA!
Jauna HURREAN dogu!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Soingaineko bi daukazanak eman dagiola bat ez daukanari"

(Lk 3, 11)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue