Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Abendua - 2. domekea - 2018.eko Abenduaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Abendu aldiko bigarren domekan Eukaristiara hurreratu zarien guztiok.

Jaunaren Berbea barriren barri jabilku gure barrua adorez beteten, guztiok hain gogokoak ditugun zuzentasuna, tolerantzia eta bakea nagusituko diran mundu barria prestatu daigun bultzaka.

JOAN BATEATZAILEA agertu da, etorria dan Jaunaren salbamenaren ezaugarri. Jaunaren deiari erantzunez, basamortutik urten eta Jordan inguru guztian zehar ibili zan, bihotz barritu beharra iragarten.

Itauna interpelazinoa da gutariko bakotxarentzat; Jauna onartu egin behar dala gogoratzen deusku. “Urten zaiteze Jesusen bidera” esaten deusku. Horretarako prestatu, bihotz barritu, bizimodua aldatu behar dogu. Onartu daigun; Berak dakarz grazia eta bakea.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Baruk 5, 1-9

Herriak bat-batean esperimentatuko dauan poza iragarten eta aldarrikatzen dau Baruk profeteak. Adorez eta itxaropenez beteteko deia da; Jainkoak aldatu egingo dau herriaren zoria; bera izango dau gidari. Jainkoak adierazoko ditu bere zuzentasuna eta bere errukia. Onartu dagigun profezia pozgarri hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 1, 4-6. 8-11

Filipoarrak lankide bikainak izan ditu Paulo apostoluak Ebanjelioa zabaltzen. Apostoluak uste osoa dau Jaunagan. Harek osotuko dau hasita dagoan lana. Otoitzean oinarritzen da Paulo, hareengan alkar maitasuna goraka joan daiten. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 3, 1-6

Lukas ebanjelariak dinoenez, Joan Bateatzailea da Itun Zaharraren eta Barriaren arteko zubia. Bera da basamortuan zehar bihotz barritu beharra iragarten dauan oihua. Gaur be baliotsua da Joanen mezua, Jesus egiaz onartzea eta bizitzan zehar horri jarraitzea nahi badogu. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Konfiantza osoz, Jainko Aita-Amarengana joten dogu gure preminak bere aurrean otoitz bihurtuz.

1.- Eleizearen alde: Jainkoaren Berbea biziz, gure arteko giza hartuemonetan, Jesusen mezua begien bistako eta sinesgarri egin daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: profeten salaketen aurrean sentikorrak izan daitezan eta hareen esanak isilduazotera ez daiela jo. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Eleiz artzainen alde: euren ardurapean dituen fededunen zerbitzuan arduratu daitezala; dudak dituen, nekatzen edo etsitzen diranen arreta berezia izanik, Ebanjelioa bizitera adoretu eta lagundu deioen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau guztien alde: itxaropen handikoak izanda, jakin daigula gorputzean edo espirituan sufritzen edo ilusino barik bizi diranei laguntza emoten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkarturik gagozan guztion alde: geureganatu daigula bihotz barritzeko deia, alkarrengandik banatzen gaituen jarrerak aurkitu eta kendu daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta alkartearen ibilbiderako lagungarri lez eskeintzen doguz keinu honeek.

Mesedez: inork ez daiala pentsatu, holan egin behar diranik. Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN BIGARREN KANDELEA

(Koroia altara aurrean edo ikusteko lekuan ipini. Alkarteko buru egiten dauanak bigarren kandelea isiotu eta hurrengo otoitza egiten dau:)

OTOITZA - AZALPENA: Jainkoa gure Aita-Ama, Abenduko bidea ametsez eta utopiaz beterik dogu; eurak laguntzen deuskue aurrera egiten. Zure Erreinua, bakezko eta zuzentasunezko erreinua dala konturatzen gara. Abenduko bigarren kandela hau isiotzean, amets horreek egia bihurtzen joan daitezala eskatzen deutsugu; zure Erreinua indarra hartzen joan daitela.


ETXEKO ARGAZKIAKAZ OSOTUTAKO ALBUM BAT

(Alkarteko pertsona nagusi batek egitea komeni da. Aurretik, berari azaldu keinu honen esanahia. Holan azaldu leike).

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nire urteak gogoratuz, itxaropenerako arrazoi handirik ez daukadala dinoe; oraintsuago edo gerotxoago, heriotza aurrean daukadala. Jauna, argazkien album honegaz nire eta nire etxekoen bizitza eskeintzen deutsut. Hor dago nire historia eta nire lehena. Baina lehen hori, biziaz beterik dago, Jauna, eta horregaitik dakartsut. Jauna, nire bihotzak itxaropenari lekutxo bat egiten deutso. Hur-hurrean sentitzen zaitut, eta egunen baten aurrez aurre ikusteko itxaropena daukat.


GURE BIDEETAKO ESKEINTZA AURKEZTEA

(Ospa lekuaren atzetik prozesinoa hasten da trafiko seinaleekin kartel batzuk dakarzela. Presbiteriora heltzean seinale bakoitzaren esanahia emoten da).

OTOITZA - AZALPENA:

* Nik STOP seinalea dakart, Jauna, eta seinale honen bidez norberekeriari gugana pasatzen ez izteko erabakia agertu nahi dogu.

* Ona hemen, Jauna, BIURGUNE ARRISKUTSUAREN seinalea: gogorkeriaren arriskua begien aurrean jarri nahi deusku.

* Nik, barriz, EMON BIDEA seinalea dakartzut, eta bai nik eta bai nire alkartekoak gure arteko txikienei bidea emoteko hartzen dogun erabakia eskeintzen deutsugu.

* NORABIDE GALARAZIA seinale honekin hedonismoaren, kontsumismoaren eta eukitze kulturaren aurka jokatzeko erabakia agertu nahi dogu, zure Erreinuaren aurka doazelako.

* Nik dakardan eta eskeintzen deutsudan NORABIDE BAKARRA seinaleak zure Erreinua geureganatzeko maitasuna eta justizia hartzen ditugula bide bakar lez agertu nahi dau.

* Baina bide honetatik abiada haundian joan beharra dogunez, nik AUTOPISTA seinalea dakartsut, solidaritatearen biderik onena.

* Nik, azkenik, HELMUGA seinalea dakartsut, zure bakearen Erreinua dalako gaur eta hemen gure ahalegin eta konpromiso guztien eragilea.

Agurra

Senideok: entzun barri dogun Jainkoaren Berbeak benetako barruko aldaketea eskatzen deusku. Honexek izan behar dau gure konpromisoa Abendu aldi honetan, pozez ospatu nahi dogun Jesusen jaiotzarako prestaera lez. Aste honetan landu daigula hain beharrezkoa jakun BIHOTZ BARRITZEA.

Egun honetarako gogoetea

“Prestatu bideak Jaunari, lautu bere bide zidorrak
Jainkoaren salbamena danak ikusiko dabe”




Joan zan domekan hasi genduan Abenduko BIDEAGAZ jarraitzen dogu: Jaunaren bideak prestatzeko atontzen gara. Gure helburua, SALBATZAILE lez ezagutzea da: Bera bakarrik izan daiteke gure salbamena eta gure itxaropena. Gure munduarentzat be bai.

Gaurko ebanjelioak Joan Bateatzailea aurkeztu deusku; leku eta historiako momentu konkretu baten, Mesias eta Salbatzailearen ekintza salbatzailea giza historian eta une konkretu baten jasoten dala agertzeko. Holan, “graziazkoa denporea” da, eta historia “salbamen historia” da. Joanek, salbamena hurrean dagoanez eta Jaunari bideak prestatu behar jakozanez, bihotz barritzearen bateoa iragarten dau.

Gaur eta beti asko dira itxita dagozan bideak eta gatx egiten jaku salbatzen gaituan Jaunarengana heltzea. Bateatzailearen proposamena honango hau da: zabaldu bideak, salbatzailea etorri daiten. Bihotz barritzeak bideak lautzen ditu, gure lotura guztiak askatzen ditu eta Jainkoaganako egarria sortzen dau gure barruan.

Zoriontsua BIHOTZ BARRITZE bidean dabilena;
SALBAMEN BIDEAN dabil-eta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Gizaki guztiak ikusiko dabe Jaungoikoagandiko salbamena”

(Lk 3, 6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue