Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 8. domekea - 2019.eko Martxoaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, anai-arrebok, Jesus Berbiztuaren inguruan egiten dogun ospakizun honetara.

Nazareteko Jesusengan sinesten dogunok, astero deituak izaten gara. Bere helburua: gu guztiok FAMILIA BAKARREKO KIDE izatea da; horixe da izan ere Aitaren gogo nagusia. Jesusek IZATEKO eta BIZITZEKO ERA BARRI BAT eskeintzen deusku. Bere proposamena ezagutu eta geureganatzen goazen neurrian, beragan dogun KONFIANTZA ere sendotzen joango da.

Kristauon berezitasuna ez da Jesukristori buruz zerbait jakitea, berak planteatzen deuskuna bizitzarako merezi dauala eta betetzera konprometitzen garala baino. Jesusi jarraituz, mundu hau gizakoiagoa egin eta benetako giza hartuemonak ditugun ingurua sortzen joan nahi dogu.

Jainkoaren Hitza horretarako bide eta argi izango dogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak 27, 5-8

Jakintsuak, bere esperientzian oinarriturik, pertsonaren irudi bat eskeiniko deusku. Barrutik ezagutzen gaituen Jainkoak, balore batzuk zaintzera konbidatzen gaitu. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 15, 54-58

Paulo apostoluak, Jesusen antzera bizitzera konbidatzen gaitu. Gure bizitza bere antzeko egiten dogun neurrian, heriotzak ere ez gaitu aldenduko beragandik; bere bizitza aintzatsuan parte hartzera deituak izango gara. Onartu dagigun gogoeta pozgarri hau.


Ebanjelioa: Lukas 6, 39-45

Besteei laguntzeko, lehenago gure barrua zaindu eta landu behar dogu. “Itsu batek ezin du izan beste itsu baten gidari”. Norberaren bizitza Jainkoari begira bizi izanaz, besteen laguntzaile izateko proposamena egiten deusku Jesusek gogoeta honetan. Zutunik ALELUIA abestuz prestatzen gara ebanjelioa entzuteko.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesukristoren bitartez Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1.- Eleizaren alde: Ebanjelioaren mezua pertsona guztiei iragartzeko aske sentitu daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: egiten daben lana ebanjelioaren zerbitzurako izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Borrokan edo guduan bizi diran herrien alde: alkarrizketaren bidez bakerako bideak egiten ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau familien alde: Jesusek tokia dauan benetako maitasun alkarteak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokietako eta Elizbarrutiko gazteen alde: eliztarron laguntzarekin, Jesukristorekin aurkituz, bere jarraitzaile izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko heldu batek egin leike. Ahal bada, itsu baten makilea hobeto legoke)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta alkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan gura dogula agertzen deutsut. Itsuak zuzentzen dabilen itsua izan ez naiten, zabaldu, Jauna, nire begiak. Iluntasunean dabilen mundu honen erdian argi apur bat ipini daidan, bete naizu zure argitasunez.


GARIZUMAKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

(Kontsejuko arduradunak egiten dau. Horma-irudi haundi bat iragarkien tokian ipinteko eta eskura emoteko orriak)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: hona hemen gure alkartearen Garizumako egitarua. Kristau Garizumeak bihotz-barritzera deitzen deusku. Jauna, emoiguzu gure barruan isiltasuna eginez zuri entzutea; Zuk eskatzen deuskuzuna onartzea; eta zure Seme Jesusi jarraituz Pazkora heltzea. Zugaz kontatzen dogu.


ATERKIN BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ni aterkin bategaz nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkina zabaltzen dogu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dogu edo hori, beste pertsona batzuentzat dala pentsatu dogu. Jauna, aldatu egizu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.


FRUTUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko ume batzuk egin leikee ezkeintza hau)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, frutu gozo eta ederrez beteriko otzara hau eskeintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi deutsugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dogula. Gure bizitzak antzuak barik emonkorrak izan daitezala. Zure graziari esker, kristau frutuak emon deiguzala.

Agurra

Anai-arrebok: gaurko ospakizuna amaitzera goaz baina izan daiala oihartzuna gure eguneroko bizitzan. Entzun eta ospatu doguna eguneroko bizitzara eroaten ahalegindu gaitezala. Garizumaren hasiera honetan, gure gizartean testigu izatera deituak gara. Hartu dagigun Jainkoaren bedeinkapena.

Egun honetarako gogoetea

“Ona danak frutu ona ataratzen dau bere bihotzeko gordailu onetik…
Bihotzean ugari dagoenetik berba egiten dau ahoak”




Jesusen ondoan jarraitzen dogu. Bere ESKOLAN ikasten jarraitu gura dogu. Gure izatea berak biziaz, zentzunez, argiz eta itxaropenez bete daikeela sinisturik gagoz. Eta… hainbatetan eta egoera ezbardinetan bere argia eta itxaropena behar ditugu…! Hemen gagoz bere alkarteko kideok Bera onartzeko prest.

Domeka honetako liturgiak gure barrura, GURE BIHOTZERA begiratzeko konbitea egiten deusku; hortxe aurkitzen da gure bizitzako, gure jarrera, gure ikusteko eta besteak ulertzeko SEKRETU NAGUSIA; baita gure biziaren eta ekintzaren zentzuna ere.

Errez ulertzen diran konparaketa batzuen bidez, Jesusek gure bizitzaren sakontasuna zenbaterainokoa dan ikustera konbidatzen gaitu; besteekaz doguzan hartuemonetan zelakoak diran gure portaerak. Horregaitik itaunduko deusku: “Itsu bat izan daiteke beste baten itsu-aurreko? Ez dira biak zuloan jausiko?”. Hurrengo hau ere nahiko argi planteatzen dau: “Zuhaitz onak ez dau emoten frutu txarrik, ez eta zuhaitz gaixoak frutu onik”. Indartsuago esan daiteke baina argiago esatea ez da erreza. Inork ez gaitu izendatu inoren epaile, eta gitxiago oraindik gure barrura behar dan bestean ez badogu begiratzen: “Zertan zagoz anaiaren begiko samarrari begira, eta ez zara konturatzen zure begian dozun hagearekin?”. Zelako jarrera izaten dogu besteen aurrean?

Jesusek planteatzen deuskun honek, besteen gainetik edo hobeak garala ez dagigun pentsatu konturatu gaitezan dinosku. Bere proposamena argia eta eskakizun haundikoa da: “Ona danak frutu ona ataratzen dau bere bihotzeko gordailu onetik… bihotzean ugari dagoenetik berba egiten dau ahoak”. Hor dago Jesus Maisuak izten deuskun abisua.

Holan amaitzen dogu Gabonak eta hurrengo egunetan hasiko dogun Garizumako tarte hau. Gure begien aurrean AUKERA barri bat izango dogu. Aukera barri bat Jesus Maisuagandik ikasi eta aurrera egiteko. Jainko Aita-Amaren PROIEKTUAREKIN bat egiten joan gaitezan Berak esango deusku zein dan BIDEA. Bide hori jarraituz ondo sentituko gara eta gure biziaren osotasuna aurkituko dogu.

ZORIONTSUAK Jainkoaren PROIEKTUA onartzen dabenak,
OSOTASUNEAN bizi izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zugatz bakotxa bere frutuetatik ezagutzen da”

(Lk 6, 44)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue