Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 7. domekea - 2019.eko Otsailaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesu Kristo Berbiztua anaitasunean ospatzera.

Gaur be gure senidetasunaren mahaiaren inguruan alkartu gara gure fedea eta itxaropena bizitera. Gure bizitzak beti egon behar dabe aurrera begira. Behin eta barriro jausten gara huts bardinetan, baina Jaunaren Berbeak zera gogoratuko deusku Ebanjelioan: “Zuek maitatu arerioak, egin ondo gorroto deutsuenei, bedeinkatu madarikatzen zaituenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsuenen alde”.

Sarritan, Jainkoa ahaztu eta senideengandik aldentzen garanean, urratu egiten dogu Jainkoak gugaz protagonizatzen dauan maitasun historia. Halan da be, ospakizun honetan, Harek barritu egingo dau gurekin dauan maitasun ituna. Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23

Dabidek ez dau atentaturik egin nahi Jainkoak gantzutu eban Saul erregearen aurka. Dabidek ez deutso gorrotoari gorrotoz erantzuten, eta auzia Jainkoaren eskuetan izten dau. Dabiden keinua parkatzen eta gizakiak onartzen dituan Jainko Aitaren ezaugarria da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 15, 45-49

Irakurgaiaren testuinguruan, Paulok hau gogoratuko deusku: Kristo hil eta biztu egin zala, eta Haren biztuereak ziurtatzen dauala gurea. Gizaki lurkoiaren irudiak gara; gizaki zerutarraren irudiak izango gara.


Ebanjelioa: Lukas 6, 27-38

Mendiko Berbaldiaren eskabideak oinarri-oinarrizkoak dira, arerioa maitatzeko eskatzerainokoak. Jesusek kontrasteen bidez azaltzen deuskuz bere irakatsiak. Zoriontasunak ez dabe eskatzen Jainkoarenganantz bakarrik zabaltzea, baita senideengana zabaltzea eta hareen zerbitzuan ipintea be.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituaren eskuetan ipinita, aurkeztu deioguzan Aita-Amari gure otoitzak premina guztien alde.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoan Eleizearen alde: gure Maisu Jesusengandik ikasi daigula arerioak maitatzen, guztiei parkatzen, guztiekin errukiorrak izaten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gizatasunik bako egoeran, beharrezko ondasun barik, giza eta kultura mailarik eta babes barik bizi diran hainbeste gizonen, emakumeren eta umeren alde: euren egoeran eskua emongo deutsen jendeak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gizon eta emakume guztien alde: ez gaitezala ipini giro errezaren eraginpean eta ahalegindu gaitezan gure bizitzetan eta gure inguruan ondo egina eta egia beti garaile urten daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde, guztiok errespetatu daiguzala besteen ideiak. Desiratzen dogun bakera eroango gaituan bide barriak zabaltzeko batzen eta alkarrizketatzen dabilzan hainbeste gizonen eta emakumeren alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako alkartearen alde, guztion onaren bilatzaile saiatuak izan gaitezan; Jesus Jaunaren, Maisu bakarraren antzera maitatzeko eta parkatzeko gai izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errezak" eta kristau alkartearen ibilbidean erabili daitekezan "EZAUGARRI" ugari eskeintzen dogu.

Mesedez: Alkarte edota Liturgia talde bakotxak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ZUZENKI BATEN AURKEZPENA

(Irakasle edo aita batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, oraindik gure familietan eta eskoletan uste dogu heziketa gogorkeriaz egin behar dala; horren ezaugarri lez dakartsut zuzenki hau. Jakin badakigu gogorkeriak ez dauala ezertarako balio eta gitxiago gure seme-alaben heziketarako. Hau eskeintzerakoan, beste pedagogia baten aldeko aukerea egiten dogula agertzen deutsugu: alkarrizketan, errespetuan, tolerantzian eta erantzukizunean oinarritutako heziketea.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Errukiaren eta bestea ondo ikusi gura izatearen ezaugarria dan botika hau dakartsugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan orioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten eban antzera egiten jarraitu nahi dogu.


KARITASEKO AZKEN HORMA-IRUDIAREN AURKEZPENA

(Karitas taldeko batek egiten dau. Gero eleiza barruan izten da)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitasek azken kanpainan ataratako horma-irudi hau dakartsut; Eleizeak pobrezia salatzeko dauan erakundea dogu. Abotsik bakoak isildu ez daitezan, gure abotsa erabiliko dogula agertu nahi deutsugu. Euren salaketak eta arazoak gizarteak entzun dagizan, gure lana eta ahalegina eskeintzen dogu. Jauna, egin gagizuz behartsuenen hurkoak eta solidarioak.


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai dan legamin apur bat dakartsut. Gizarte gizakoiago, bardintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dot eskeintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onartu egizuz euren bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dogun laguntza eta gaitasuna eskatzen deutsugu.


ARGI PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nik kandela (edo farola) isiotu hau dakartsut zure Seme Berbiztuaren ezaugarri lez; bere argiaren inguruan batu ebazan lehenengo kristau alkarte biziak. Hau da gure desioa: zure mezua oinarri lez hartuz eta alkarte bizitza biziz eta alkarbanatuz, “besteentzat argi” izatera eta gure alkartetik kanpora be, gure hitzez eta bizieraz gizakien aurrean zu iragartera heldu gaitezala. Jauna, emoiguzu zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Berbeak erizpide argiak emon deuskuz gure senideakazko jarrerak eta portaerak zuzentzeko. Bizitza aurrera doa, eta entzun eta ospatu doguna zabaltzea jagoku, gagozan lekuan gagozala. Ez da aste beterako lana, bizitza osorakoa baino. Zabaldu deiogun gure bihotza maitasunari, parkamenari, senidetasunari, pozik bizi daigun kristau egitasmoa.

Egun honetarako gogoetea

“Izan zaiteze errukiorrak, zuen Aita errukiorra dan lez”



Jesusen pentsatzeko erea, gauzak ikusteko erea eta maitatzeko erea ezagutu eta geureak egin gura doguzalako, bere LORRATZAK jarraitzen doguz. Holan, eskeintzen deuskun Barri Ona ONARTZEN eta barruan daukan indarrez bizi izaten ikasiko dogu.

Prestau gaitezan domeka honetako mezua entzuteko. Ea baldintza barik eta geure aldeko interpretazino interesatu barik egiten dogun. Bakar-bakarrik gure bihotza zabaldu eta onartu. Gutariko bihotz askotan, “zauri zaharrak” osatu leikezan mezua dogu. Ziur egon, gure munduak eta gure kultureak behar daben ikuspegi eder bat zabalduko deusku.

Proposamena argia eta erabatekoa da: hutsean maitatu eta baldintza barik parkatu. Hauxe da Jesusek seinalatzen deuskun bidea. Gure erlazinoak interesatuak eta norberaren probetxurako izan ez daitezan dinosku hori. Eskeintzen deuskun erizpidea gizatasunez beterikoa dogu: “ez eizu besteentzat nahi zeuretzat nahi ez dozuna”.

Deigarriena da era honetara biziteko arrazoia non dagoan: JAINKO BERBERAGAN dago. “Izan zaiteze errukiorrak, zuen Aita errukiorra dan lez”. Eskandalagarria eta neurriz gainekoa! Baina holan da. Benetan, gure Jainkoak ez dauka erremediorik. Horregaitik, hain errez eta arinkeriaz erabilten doguzan esamoldeak, “danak batera ordainduko deustazuz”, “parkatu, bai; baina... ahaztu, ez”, “egiten dauanak ordaindu daiala” eta antzerakoak ez daukie lekurik Jesusen planteamentuan, nahiz eta euren burua “katolikotzat” edo “eleizako” lez daukienak esan. Gaurko ebanjelio zatia lasaitasunez irakurri beharra daukagu.

Lehenengo irakurgaiko Dabiden irudia eta ebanjelioko lerro bakotxa JAINKOAREN EGITASMOA bere sakontasunean bizitera bultzatzen gaituan proposamena da: Erreinuaren barritasuna.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gizonak zeuei egitea nahi dozuenez, egiezue horrelaxe zuek be"

(Lk 6, 31)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue