Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. domeka - 2019.eko Uztailaren 28a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren Hitzaren eta Mahaiaren inguruan alkartuta gagoz.

Oporraldian ere Jesus gure Maisuak, alkarte lez batzen gaitu berak daukazan gauza garrantzitsuak guri ezkeintzeko eta irakasteko. Gure bizitza, zentzu orokorrean hartuta, gastatzen doa. Elikatu beharra daukagu gorputzak erantzun dagian; gure sinismena, gure espiritua ere elikatu ezean moteldu egiten da.

Gaurko liturgi ospakizunean, gure bizitzak indar barritzeko Jesusek euskarri sendo bat eskeiniko deusku: seme-alaba lez konfiantza osoz Aita-Amari zuzenduriko OTOITZA; Jesusek berak bizi eta egiten eban lez.

Otoitz giroan ospatu deigula kristauon batzar santua. Hasi gaitezan.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 18, 20-32

Hiri biren alde Abrahanek egiten dauan otoitza eskeintzen deusku irakurgai honek; Jainkoa eta bere lagunaren arteko alkarrizketa dirudi. Jainkoaren adiskidetasuna bizi eta bere nahia onartzeko prest gagozanean, otoitzak beste barik urteten dau. Holan bizi dau aitalehen sinismendunak. Onartu dagigun, bihotz onez, hemen agertzen jakuna.


2. irakurgaia: Kolosarrei 2, 12-14

Bateoak Kristogaz bat egiten gaitu; sinismenduna pekatuaren heriotzatik Jainkoaren maitasun bizitza osora igarotzen da, holan dinosku Paulok. Gure zeregina bizitza barri hori ondoren guztiekaz bizitzea da. Entzun daigun apostoluaren gogoeta.


Ebanjelioa: Lukas 11, 1-13

Jesusek bere ikasleei otoitz egiten irakasten deutse. Ebanjelioetan argi dago Jesusek otoitz egiten ebala eta otoitz egiten irakatsi. Kontuan eukitekoa: bere otoitz egiteko erak ez eukan zer ikusirik beste maisuak irakasten ebenagaz. Bere irakatsia guztiz barria da: seme-alaben konfiantzaz hurreratu geintekez Jainkoagana. Horren adibide ederra entzungo dogu oraintxe.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen exenplua jarraituz, konfiantza guztiaz Jainko Aita-Amagana joten dogu, gure otoitzak eta preminak aurkeztuz.

1.- Eleizearen alde: alkarte abegikorra izanez eta pertsona guztiak errespetatuz, anaitasunezko erreinuaren ezaugarri bizia izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gu guztiok Jainkoa, gizaki guztion Aita-Ama lez ikusi dagigun, eta gizakiak Aita-Ama bakarraren seme-alabagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetan aginpidea daukeenak, herrien arteko adiskidetasun eta batasunaren alde jokatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusen Espirituak bultzaturik, haundikeriazko gogoak gainditu daiguzan, eta Jainkoak nahi dauan senide-maitasuna nagusitu daiten gure artean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean alkartu garan guztion alde: eguneroko zereginak eta otoitza lotuaz, gure ekintza guztiak doakotasun ikutua izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OTOITZ ETA ESKARI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderen baten dagoanak edo Liturgia animatzaile dan batek aurkeztu leike. Liburua Patxi Loidiren “ITSASORATZEN” izan daiteke, edo besteren bat. Hurrengo azalpena emoten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zugaz bat eginda bizitzera gonbidatzen gaituzu; benetan zure seme-alaba egiten gaituan eta gure bizitza osoa hartzen dauan OTOITZ sakona egitera gonbidatzen gaituzu. Liburu hau eskeintzerakoan, beragaz otoitz egiteko konpromisoa agertzen deutsugu; Zugaz eta anai-arrebakaz daukaguzan hartuemonak hobeagotzeko lagungarri lez hartzen dogu. Hartu egizu gure eskeintza apal hau.


ERROSARIO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko adineko batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, herriko otoitz errezaren ezaugarri dan errosarioa dakartsut. Gehin bat eskola gitxiko eta pertsona nagusiak erabilten dogu otoitz egiteko era hau, baina gaur ebanjelioan entzundako era konkretu lez aurkezten deutsut. Bakarrean, eleiz-alkartean eta Eleiza osoan egiten dan otoitz hau, bihotzez onartzeko eskatzen deutsut.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Ez da lehenengo aldiz egiten doguna. Otoitz talde edo arduradunik balego, ondo legoke bertako kide batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Biblia hau dakartsut, Jauna; hemen dago guretzat idatzitako zure Hitza. Zuri entzuteko beti prest gagozala agertu gura deutsut. Jauna, ez zaitez inoiz ere isildu. Bialdu eiguzu gure bizitzak argitzen dituen zure Hitza. Eta ikutu egizuz gure bihotzak, zure Hitzetara beti zabalik egon daitezan.


ARGIAREN AURKEZPENA

(Ondo legoke bateo pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen alkartuta gagozan guztion izenean aurkezten deutsut argi hau. Bateoko ezaugarria eta bertan hartu genduan konpromisoaren oroigarria dogu. Zure Seme berbiztuak isiotu eban eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta berbakaz munduko iluntasunak argitzera bialtzen gaitu. Zaindu egizu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezan.

Agurra

Jainkoari Abba, aita, aitatxo deitu geinkion kristau batzarra ospatu dogu; hori guretzat benetako erregaloa da. Hemen sortzen dan ANAITASUNAREN testigu izatera deituak gagoz; gure munduak behar dau eta eskertuko deusku naiz eta sarritan kontra egin. “Seme-alaben” eta “neba-arreben” testigutza zoriontsua emon deigula!

Egun honetarako gogoetea

“Seme-alabatzako espiritua hartu dozue”
eta Horrek hotseginazoten deusku: Abba!, Aita!”




Jainkoaren Hitzaren mezua gaurkotasunez beterik daukagu domeka honetan; mintzen gaituan tokian sartzen dau atzamarra. Sinismendun askoren arazoa izan da seguruenik... Gaurko gizakiok eta kristauok OTOITZ egiteko ohiturarik ez daukagu: gaurko gizakiak ez daki otoitz egiten. Gure aurretikoak euki ebezan debozinozko otoitz asko baztertu egin doguz; otoitzerako eta hausnarketarako denpora gitxi hartzen dogu. Eta bizitzako abiaduran sarturik beti daukagu beste zerbait garrantzitsuagoa edo ustez probetxugarriagoa egiteko. Hainbeste gauza egiteko eta otoitzari denpora emotea, denpora galdua dan susmoa daukagu.

Eta otoitzaren preminea sentidu barik “nahiko ondo” bizi gara. Baina horren ondorena, aspaldian bizi dogun KASKARKERIA da; gure kristau sinismenaren bizitasuna galdu dogu. Eta astiro-astiro hainbat pertsona, barruko hustasunean, bizitzaren zentzunik ezean eta bakardadean jausi gara (eta honeek heriotz zeinuak dira).

OTOITZ EGIN BEHARRA DAUKAGU:
- senidetasunaren aldeko borrokan ez daigun egin atzera.
- geu garean benetako egiaz aurkitzeko.
- barruko bakardadea apurtuz, Aita-amaren aurrean, seme-alaba lez, pozik eta konfiantzaz ipini gaitezan.

Jesusen berbak dira: “Eskatu egizue eta emongo jatzue; bilatu egizue eta aurkituko dozue; jo atea eta zabalduko jatzue”.

ZORIOTSUAK OTOITZERAKO ahalmena eta gogoa daukenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Otoitz egin dagizuenean, esan egizue: Aita”

(Lk 11, 2)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue