Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. domekea: JESUS KRISTO, UNIBERTSOKO ERREGE - 2019.eko Azaroaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara, Liturgia Urtearen amaierako domeka honetan.

Gaur, JESU KRISTO ERREGEAren festaburua ospatzen dogu. Errege da, baina ez mundu honetako erara. Ez dau menpekorik, ikasleak baino. Haren Erregetza ez da boterean oinarritzen, zerbitzuan baino: “Gizonaren Semea zerbitzera eta bere bizia emotera etorri da”.

Errege apala, zerbitzaria, ikasleen oinak garbitzen dituan Erregea dala entzungo dogu Ebanjelioan. Errukia eta parkamena, egia eta kurutzea dira haren armak. Kristok gaur, garrantzitsuena ZERBITZEA dala gogoratzen deusku jarraitzaileoi. Haren Espirituak indartu gaizala eta lagundu deiskula egiaren testigantza emoten munduaren aurrean.

Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Samuel 5, 1-3

Israelgo historian momenturik garrantzitsuenetarikoa Dabid, aukeratutako herri horren errege lez gantzutzea izan zan. Dabidek, bere agintepean, iparraldeko eta hegoaldeko leinuak bat egitea lortu dau. Horregaitik Kristo, betiko eta Errege barriaren aitzindari da. Entzun dagigun Testamentu Zaharreko pasarte hau.


2. irakurgaia: Kolosaskoai 1, 12-20

Kolosaskoai egindako gutunak dakarren ereserkian, Paulok zera gogoratzen deusku: Kristok kurutzetik adiskidetu zituela gauza eta pertsona guztiak. Berak, bizia azkeneraino emonik, eskuratzen deusku bere bakea eta agintzen maitasunaren eta errukiaren Erreinua. Gogoeta eta otoitz ederra benetan hemen eskeintzen jakuna guri, beren jarratzaileori.


Ebanjelioa: Lukas 23, 35-43

Jesusek kurutzean esandako hitzak, Jesus beraren eta Jainkoaren errukia adierazten dabe. Kurutzeak isurtzen deutse argitasunik distiratsuena bizitzeko eta Erreinua eraikitzeko oinarrizko jarrerei: maitasunari, errukiari, parkamenari. Lukasek gogoratzen deuskunez, sekula ere ez da berandu Ebanjelioaren bideetatik hasteko. Edozein egun izan daiteke salbamenaren “gaur” hori. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasuna oinarri dogula, eskatu dagigun, uste osoz, gizadiaren premina guztien alde.

1.- Eleizaren alde: bere hitzez, keinuz eta egitez, eroan daizala gizaki guztiak Jesusen Erreinura. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrialde guztietako Gobernuetako agintarien alde: asmatu dagiela euren boterea gizaki guztien askatasunaren eta zuzenbidearen alde erabilten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetako gurutziltzatuen, batez be gure herrikoen alde: zaintzaileek zauriak gozatzeaz gainera, maitasuna, bakea, eta itxaropena emon deioezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ekonomiaren, kulturaren eta zientziaren boterea dauketenen alde: Jainkoak emon deutsen jakintza eta zuhurtzia ipini daiela guztien onaren zerbitzuan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Kristo Erregearen jaia ospatzeak barritu daizala gure bihotzak, Jesusen jarraitzaile leialak egin gaizala, eta borrokatu gaitezala Jainkoaren Erreinua egia bihurtzeko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Alkarteko pertsona esanguratsu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Pastoral urtearen hasieran (badira domeka batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genduan konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako Hazia, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte barriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten deutsugu. Zaindu dogu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dogu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen deutsugu.


LUR GLOBOA AURKEZTEA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakartsut. Hainbeste nazinotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak batzen dituan bakarra Zeu zarala autortzen dogu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dogun ezaugarri lez dakartsugu.


OTZARA BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarigaz betea. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Amaieran, preminan dagoan familia bati eroan leikio)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otzara bete fruitu dakartsut. Naturearen bidez, gure onerako eta gozamenerako emoten deuskuzuz. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarala autortuz eskeintzen deutsut. Eskerrik asko, naturea zaintzea, erabiltea eta ekoiztea gure eskuetan itzi dozulako. Ondasunak behar diran lez erabilten eta banatzen ikasi daigula.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Domeka honetan amaitzen dan egutegia eta barriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten dau; bestela eleizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, alkartearen izenean LITURGI URTEKO EGUTEGI bi honeek aurkezten deutsudaz: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili doguna, eta datorren domekatik aurrera erabiliko doguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dogu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzuna izan dagian, uneoro zure laguntza behar dogu. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.

Agurra

Senideok: Kristo Erregeren jaia ospatzen dogun egunean, kurutzetik errege dan Jesusen irudia emoten jaku fededun guztioi. Biziaren erreinua, justiziaren eta bakearen erreinua bere odolez ezartzen dauan erregea. Bada gurutzean beti garbi entzuten ez dogun mezua: nor bakoitzaren odola isuriz salbatzen da gizakia, ez besteena isuraraziz. Jesusek, kurutzean hilak, gizaki osoarenganako begirunez kentzen deusku mozorroa, guztiok interpelatzen gaitu. Bide luzea oraindik aurrean doguna... Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera lez, Kristau Alkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen dau. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukien mundu honetan, ausardia behar da jai hau ospatzeko.

Jai honetan, zer ospatzen dau Kristau Alkarteak? Mundu honetako erregeekin badauka zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA BE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Holan esanez, benetako baieztapen bat egiten gabilz: Berak kristau bizitza guztia ikutzen dau. Bere ikusteko ereak, maitatzeko edo jarduteko ereak, bere jarraitzaileari be NORTASUN berezi bat emon behar deutso: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, alkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazan eremua.

Erregetza honek ez dauka zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere lekuan ipintea bere jarraitzaileoi jagoku. Kristoren erregetzaren giltzak KURUTZEA eta ZERBITZUA dirala munduari agertzea geuri jagoku.

Ez daigun ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naz. Egiarena danak, entzuten dau nire berbea”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN lez onartzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jesus, gomutau zaitez nitaz zeure Erreinura heltzean"

(Lk 23, 42)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue