Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. domekea - 2019.eko Azaroaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok, fede ospakizun honetara.

Liturgi Urtearen azkenaurreko domekan gagoz; Jainko Semearen behin betiko etorreraren zain ipinten gaitu gaurko liturgiak. Berbakera apokaliptikoa gaurko Ebanjelioak darabilena: gerrateaz, amaieraz, sasi-profetaz jabilku... Baina ez da inor ikaratzera, izutzera, aztoratzera datorren hitza. Hau da bere asmoa: eguneroko lanaren, zuzentasunaren eta egiaren bila egunero aritzearen garrantzia balioztatzen laguntzea. Besteengandik bereizten gaituena baino eurekin alkartzen gaituena gehiago lantzeko deia.

Zailtasunen eta giza tirabiren aurrean, bidegabekeriak nagusitzen dirala dirudien munduan, Jesusek mundu barriaren, Jainkoaren Erreinuaren testigu izatera gonbidatzen gaitu. Horregatik bidaltzen gaitu bildurrak, bidegabekeriak, gerrak menperatutako mundu honen bihotzera.

Zoriontsuak iraunkorrak, lan horretarako Jesus kontuan hartzen dabenak!

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Malakas 3, 19-20a

Historiaren amaierako azken gertaerak iragarten ditu profetak. Irudi indartsu eta misteriotsuz deskribatzen dau Malakiasek Jainkoaren azken esku hartzea. Aldien azkenean, lastoa lez erreko da bidegabekeria, eta kreazino barria argituko dau zuzentasunaren eguzkiak. Hau da mezua. Onartu dagigun hemen eskeintzen jakuna.


2. irakurgaia: 2 Tesalonikakoei 3, 7-12

Hainbat tesalonikar nagikeriari emonak bizi ziran, Jainkoaren etorrera behingoan zalakoan. Gogor erasoten deutso Paulo apostoluak jarrera horri: egin dagiela lan, Pauloren beraren antzera, Jainkoaren etorrera prestatzeko. Entzun dagigun apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 21, 5-19

Ebanjelioko pasarte honetan, iraupena arriskuan ipinten daben sasi-mesias eta sasi-profeten iruzurraren aurka erne egoteko esaten deutse Jesusek bere ikasleei. Azkeneraino irauten dauana salbatuko da eta horrek hartuko dau parte Erreinuaren proiektuaren betetasunean. Onartu daiguzan Maisuaren berbak.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasuna oinarri, uste osoz beteta, egin dagigun otoitz premina guztien alde.

1.- Mundu guztian zehar zabaldurik dagoen Eleizaren alde: eguneroko lanaren bitartez, asmatu dagigula zuzentasunaren eta egiaren alde dabilen Jainkoaren aurpegia gozotasunez eta adoretsu aurkezteko bidea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien alde: boterearen eta haundikeriaren tentaldiak menperatuz, lehiatu daitezala guztientzako zuzenbidearen, askatasunaren eta bakearen alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Osasunik, lanik eta itxaropenik ez dabenen alde: behar dabezan laguntasuna, hurtasuna eta laguntza aurkitu dagiezela Jainkoagan eta kristauengan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauen alde: Jainkoak gizakientzat onena nahi dauala jakinik, Espirituari zabalduak bizi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokiako gure Alkartearen alde: batasun egile izanik, besteen preminetara zuhur bizi gaitezala, Jainkoaren Erreinuaren etorrera errezteko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena alkarteko gaztetxo batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakartsugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen umeen joko bat dala badakizu. Beste andra-gizonekin batera gure denpora eskeini nahi dogunaren ezaugarri lez eskeintzen deutsut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoan lekuan, han egon gaitezala geure denpora eskeiniz eta ahal dogun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakartsut, denporaren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur, historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakartsut. Aitaren eskuma aldetik zuk zuzentzen dozu eta dana zeureganatzen. Zugan gauza guztiak bere betetasunera heldu daitezan zure laguntzaile izan nahi dogu.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dodan tresna dakartsut, baina era berean gure kontsumorako grina agertzen dauan tresna da. Jauna, ez gaitezala jausi kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituan sasi-baloreetan. Zure argia behar dogu itzarrik egon gaitezan; emoiguzu Jesusen Espiritua bere antzera bizi izateko.


GAZTE PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak eurak prestatzen dabe. Ondo legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dogu aurkezpen hau. Jauna, ez da erreza aurrean daukagun lana. Horregaitik, zure eskuetan izten dogu aurtengo egitasmoa, pentsatuta daukaguzan ekintzekin. Zure laguntza eskatzen deutsugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: Liturgi Urteko azkenaurreko domeka honetan, eta ospakizun hau amaitzean, Jesusen jarraitzaileak alaitasuna eta itxaropena izan behar dabez ezaugarri; ez deigula norabiderik galdu bizitzako ezbehar eta zailtasunen aurrean. Kristau testigantzetan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zure hitzaren argia eten barik deika dogu;
egon zaiteze beti izarrik; maitatu azkenera arte”




Liturgi Urtearen azken aurreko domekan gagoz eta liturgiak historiaren amaierari buruz hitz egin eta bere argia eskeiniko deusku. Gure mundu honetan hainbeste hondamendi iragarten diran unean, Jainkoaren Hitzak BIZIAREN JAINKOA guri eskeintzen jarraitzen dau; Jainko horrek mundu honetako baztertuen eta ahulenen alde egingo dau.

Jesus, Jainkoaren betiko hitza danak, azken horri begira daukaguzan bildurrak askatzera dator. Azken hori Jesu Kristorekin hasi da eta oraina biziaz, geroa itxaropentsu hartzen irakasten deusku. Jesusen bigarren etorrera mehatxua barik PROMESA bat dan ezkero, ez da gu estutzeko edo bildurtzeko. Bera gure aurretik joan da tokia prestatzera. Kristau bizitza itxaropen honetan oinarritzen da.

Zein da sinismendunaren ERANTZUNA? Jesusek berak agertzen deusku ebanjelioan: “Zeuon iraupenez salbatuko dozue zuen bizia”. Bildurra nagusitu eta ia dana kilikolo dagoala sentitzen dogun eguneroko bizitzaren eta ikusten dogunaren aurrean, norberen barruan Jesusen itxaropenezko hitzak entzutea oso garrantzitsua da. Hori bai: SINISMENEAN IRAUTEKO gonbidapena ere izan dogu. Jesusen esanetara, Jainkoa gure alde dago, Jainkoak BIZIA MAITE daualako (joan zan domekakoa). Betiko bizira daroan bidea dan ezkero merezi dau sinismenean irautea.

Zoriontsuak Jesusen AGINTZARIAN sinisten dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bizia zuen eroapenez atarako dozue onik"

(Lk 21, 19)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue