Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 32. domekea - 2019.eko Azaroaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok.

Bizi beterako gonbidapena jasoko dogu gaurko ospakizunean. Izan ere, Jesusentzat ez dauka zentzurik hilen erlijinoak. Kristauen Jainkoa bizien Jainkoa da, ez hilena. Gure Jainkoa ez da menperatzen eta iruzur egiten dauan idoloa, gu mundu honetara bota eta hor konpon egiten deuskuna. Bizi oparoa, ugaria emoten deusku. Dana dala, gure kristautasunak ez dau beti zuzen asmatu, ez dau beti bide egokia eroan Jainkoa BIZIAREN JAINKOA lez aurkeztean.

Senideok: ospakizunari hasierea emotera goaz, eta hauxe eskatuko deutsogu: zabaldu daizala gure bihotzak haren presentziara eta onartu deigula harek eskeintzen deuskun bizitza.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Makabearrak 7, 1-2. 9-14

Helenismoa nagusi zanean hebertarren aurre egiteari buruz dihardue Makabearren liburu biak. Gerkarren ohiturak nazioaren eta sinismenaren nortasuna arriskuan ipinten eben. Makabear anaien martiri agiria entzungo dogu. Biztueran sinisten dabe eta euren fedea galdu baino lehenago martiritza onartzen dabe. Gizakiak bizia desegin leike baina gizadiaren Jainkoak betiko bizia emoteko indarra dauka. Onartu dagigun testigantza hau.


2. irakurgaia: 2 Tesalonikakoei 2, 16 – 3, 5

Emon jakun hitzari leialtasunez lotuak bizitzera gonbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Jaunak dohainik emon deusku bere burua, eta haren maitasuna dogu oinarri oraingo eta geroko bizitzan. Mezu itxaropentsua gure kristau ibilbiderako eta ekintzan irauteko.


Ebanjelioa: Lukas 20, 27-38

Saduzear batzuk (honek ez eben sinisten biztueran) Jesusengana hurreratuz eta danen aurrean lotsaturik izteko gogoaz, asmatutako kasu berezi bat aurkezten deutse. Jesusen erantzuna argia da: Jainkoa bizien Jainkoa da, ez hilena. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasunean finkaturik eta uste osoz beteta, eskean gatoz gizadiaren premina guztien alde.

1.- Elizaren eta fededun bakoitzaren alde: gure hitz eta keinuetan Jainkoak eskeintzen deuskun bizitza betearen eroaleak izan gaitezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernu eta erakundeetan arduraren bat dabenen alde: mundu zuzenago eta senideagoaren alde lan egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixorik, bertan behera itziak, baztertuak, askatasun barik sufritzen dagozanen alde: aurkitu daiezela bidean bakea eta itxaropena emongo deutsen jendea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ume, gaztetxo eta gazteen alde: alkarteko katekesia eta nagusion testigantzari esker, biziaren Jainkoagan sinisten daben kristau helduak izatera iritsi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gaur hemen alkartu garan guztion eta bakoitzaren alde: gure bizitzak beste bizitza beteago eta zoriontsuago baten hazitxoak izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko nagusi batek inausteko artaziak aurkezten dauz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Badakigu zertarako diran: errama batzuk ebagi ezkero besteak indar barritzen dira. Jesukristo zure Semeagan sinisteak ere inausketa edo heriotza dakar biztuerarako bide lez. Itxaropen horrek eroan gaizala Jesu Kristogaz bat eginda bizitzera.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike. Makilea, itsuak erabilten dana bada, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik makila hau dakartsut. Honegaz agertu nahi deutsut, ni eta alkarteko kideok besteen laguntzaile izan nahi dogula. Itsu gidarien itsua izan ez naiten zabaldu egizuz nire begiak, Jauna. Noraezean eta erdi ilunetan dabilan mundu honen erdian bete nagizu zure argiaz, besteentzat ere argi izan naiten.


EBANJELIO LIBURUTXOAREN AURKEZPENA

(Katekesiko arduradun batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelio liburu hau aurkezterakoan, eurak jarraitzeko eta iragarteko konpromisoa agertzen deutsugu. Zure Semearen ikasleen liburua dogu. Hortxe oinarritu nahi dogu gure bizitza. Hori jarraituz zure Seme Jesukristogaz bat egin nahi dogu, Berak osotu dagian guk ezin doguna edo falta jakuna. Jauna, gure gurariak egi bihurtzen joateko zure Espirituaren laguntza eta argitasuna eskatzen deutsuguz.


OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Holako talderik balego, bertako kide batek egiten dau aurkezpena. Eta zerbait idatzita balego, eleiztarrei eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Osasun Pastoraltzan gabizanon izenean, guk egiten dogun lana aurkezten deutsugu, Jauna. Zure Seme Jesukristogandik ikasi dogu gaisoen, behartsuen eta baztertuen ondoan egoten. Bere izenean hau da egiten doguna: gaisoekana hurreratu, euren ondoan egon eta euren preminak entzun. Jauna, lan eder hau aurrera eroateko, zure laguntza eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: zaindu dagigun sendo ideia hau: egiazko Jainkoa beti da bizi iturri; bizia sortzen, babesten, betetasunera eroaten dauan Jainkoa. Horregaitik, Harengan dogun fedea egokien adierazteko bidea, geu ere besteentzat bizi eta ongizate iturri izatea da. Bizia dagoen lekuan, bizi nahia pilpilean dan lekuan aurkitzen dogu Jainkoa. Bizia eta bizi zoriontsua kutsatzen badogu, Jainkoaren presentzia kutsatzen ibiliko gara. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jesu Kristo da hilen arteko lehen-semea;
Berari aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan”




Gure garaikide askorentzat, Jainko ez da BIZIAZ beterik dagoan NORBAIT. “Jainkoagan sinisten dabe”, baina “mundutik aparte bizi dan” Norbait lez; Jainkoa ez daukee bizi iturri lez.

Kristauontzat ostera, beste ezer baino lehenago, Jainkoa BIZIAREN LAGUNA da; norberaren izatearen barruan poztasuna eta itxaropena sortzen dauana; bizitza zentzunez eta osotasunez betetzen dauana. Joan zan domekako lehenengo irakurgaiak holan esaten euskun eta holan azpimarratzen dau gaurko ebanjelioak: “Ez da hildakoen Jaungoikoa, biziena baino”; hau da, sinisten dabenen, itxaroten dabenen, bizitza hobeagoa eta beteago baten alde lana egiten dabenen Jainkoa da.

Horregaitik, bizia dagoan lekuan, bizitza pilpilean dagoan lekuan, han dago Jainkoa; gizadiak gizakiago izatearen alde, zuzenago, anaikorrago izatearen alde borrokatzen dauanean, han dago Jainkoa. Kristau Alkarteak biziaz eta itxaropenez beteriko mezu hau aldarrikatu eta ospatzen dau. Biziaren erdian, sinismendunok, Jainkoa bizi hori zaintzen dauan lez, indar barritzen dauan lez, bizitzera eta bizitzen laguntzera deitzen deuskun Jainkoa aurkitzen dogu. BIZIAREN JAINKOA dogu.

Sarritan kristauok, beste edozein pertsona lez, gauza askoren baliotasuna onartzen dogu, eta Jainkoak eskeintzen deuskunaz ahaztu egiten gara; bere graziak eta indarrak ez dabe izaten zer esan edo zer egin haundirik. Baina benetako sinismendunak beste hau bizi dau: gure porrot guztien gainetik, egunen baten gure historia bere gailurrera helduko da, Jainkoaren betetasunean bat eginez.

Zoriontsua BIZIAREN JAINKOA onartzen dauana,
guztiz argiturik geldituko da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez da hildakoen Jaungoikoa, biziena baino"

(Lk 20, 38)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue