Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 31. domekea - 2019.eko Azaroaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: Eukaristiaren ospakizunak alkartu gaitu aste honetan ere; Jaunaren Hitza entzutera eta gure senideekin Jesusen Gorputz-Odolak banatzera etorri gara.

Ebanjelioan Zakeoren bihotz barritzearen kontakizuna entzungo dogu. Haren etxera joan da Jesus, pekatariak, gaixoak, ahulenak dituelako maiteen. Zakeo prest dago egindako kalte guztia ordaintzeko.

Eta gu, gaur... prest ete gagoz Jesusi gure bizitzan sartzen izteko, guregan ere egiazko bihotz barritzea gertatu daiten? Hau da, prest ete gagoz Jesusekin egiazko topaketa egiteko; prest Bera eta haren Ebanjelioa onartzeko; gure ondasunak eta gure denpora behartsuenekin banatzeko, horrela jokatzean gure segurtasunaren oinarriak lurrera botatzen ditugula ere? Beste berba batzuekin esanda, gure bizieran, ohituretan eta pentsaeran erabateko aldaketa eskatzen jaku.

Aurrera! Topaketa zoriontsua! Zalantza barik gonbidatu deigula gurera.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 11, 22 – 12, 2

Idazleak Jainkoaren eskua ikusten dau herriaren iraganeko gertaerakin gogoeta egitean. Jainkoak gauza guztiak maitatzen ditu, guztiak maitasunez egin ditualako. Jainkoak maite dau bizitza; maite dau bere egite kreatzailea, hor dabilelako haren espiritua. Entzun daigun bihotz apalez.


2. irakurgaia: 2.a Tesalonikakoei 1, 11– 2, 2

Liturgiako azkeneko domeka bi honetan, Tesalonikako kristauei egindako idazkia entzungo dogu. Gai nagusia, Jaunaren etorrerea eta Berarekin bat egitea da. Paulok sinismena azpimarratzen dau eta Kristoren etorreraren zain egoteko eskatzen deutse kristauei; eguna eta ordua ez da garrantzitsuena, Jainkoak nahi dauan eran bizitzea baino. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Lukas 19, 1-10

Ebanjelioko pasarte honetan ikusten dogunez, Jesusek alde batera izten ditu bere garaiko ohitura erlijiosoak eta sozialak, eta Zakeoren etxean sartzen da. Garai haretan kritikak sortzen zituen keinua zan hori. Zakeoren antzera, Jesusen maitasuna esperimentatzen dauana Ebanjelioaren eskakizunetara bihurtzen da. Onartu dagigun Barri On hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren aurrean, errukiorra eta bihozbera danez, aurkeztu daiguzan gure otoitzak premina guztien alde.

1.- Kristoren Elizaren alde: Ama eta Kristoren jarraitzaile leial lez, onartu daizala gizaki guztiak, batez be aldenduak eta pekatariak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintari guztien alde: guztien ona lortzen ahaleginduz, zuzentasunaren eta solidaritatearen aldeko borroka egin dagien, behartsuenen alde jokatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Nahigabetuen eta bertan behera itziak sentitzen diranen alde: izan dagiela behar beste fede, eta aurkitu daitezala onartuko dabezan eta preminetan lagunduko deutsen kristauekin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Egunokaz gure hildakoak gogoratuko doguz, eta gaur be horrela egingo dogu: Jauna, emon egiezu betiko bakea; et zugaz aurkituko garan itxaropena sendotu egizu gugan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkartearen eta gutako bakotxaren alde: Jainkoaren Hitza oinarri dogula, Zakeok lez Kristorekin bat egin deigula, eta garana eta daukaguna, banatzen jakin deigula, batez be, gitxien dabenei entzuten, eurak onartzen, eurei laguntzen ahalegindu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KOADERNO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pertsona batzuk euren barruko gauzen egunkaria egiten dabe. Horren ezaugarri lez dakartsut, Jauna, koaderno hau. Zuk ondo ezagutzen dozu; zuretzat ez dago ezer ezkuturik. Beragaz, nire gogoa eta ezina eskeindu gure deutsudaz: zure Semearen benetako jarraitzaile izan edo betiko sinismen lasaian bizi. Zure Semearen benetako jarraitzaile izateko gogoa eskeintzen deutsut eta horretarako behar dodan laguntza eta indarra eskatu.


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten dauan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots bakoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Euren egoera txarrak salatzea eta euren duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Euren ahotsa entzuten ez danez, geuk izan nahi dogu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


PITXER BETE URAREN AURKEZPENA

(Ura ikusteko kristalezko pitxarra izan daitela. Alkarteko pertsona batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: baso bete ur, maitasunez emona, saritua izango dala dinosku Jesusek ebanjelioan. Gure artean eta munduan egiten diran maitasun eta anaitasun keinu guztien ezaugarri lez dakartsut ur pitxerkada hau; sarritan isilean egindakoak dira. Gure konpromisoa ere hemendik doa: hurrekoak eta solidarioak izanez, gure bizitza apala alkarbanatzen daben andra-gizonak izan gura dogu. Jauna, zure laguntza behar dogu.


KANDELEN AURKEZPENA

(Gazte bik eroaten dabez altara gainean ipiniko diran kandela bi. Euretariko batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristogan dogun sinismenaren ezaugarri lez, gure ospakizunean bizturik eukiko doguzan kandala bi honeek dakartsuguz. Espirituaren dohai lez eta zuk emondako erregalo lez, zeuk isiotu dozu sinismen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinismen horrek gure bizitza zentzunez bete dau, eta sinismen hori eskeindu nahi deutsegu guk ere gure ingurukoei.


LITURGIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Liturgian laguntzen eta arduratzen diranen aurkezpena egiten dogu gaur. Zerbait idatzita eroan ezkero, hobeto. Gero, jendeari banatu edo bestela danok irakurteko tokian itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: zure Semearen bidez, zure izenean alkartzeko deia egiten deuskuzu. Sarri alkartzen gara zure izenean. Ospakizunak ahal diran ondoen prestatzen ahalegintzen gara. Gure helburua, ospakizunean alkartzen garanok Zugaz bat egitea da. Onartu eta zuzendu egizu gure lan apala. Gure zeregina aurrera eroateko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Eskerrik asko gugaz kontatzearren.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera goaz; barriro be etorri jaku Jaunaren Hitza, gure pekatua dala eta Beragandik aldendu ez gaitezan. Haren Hitza eta Gorputza ditugu indarra eguneroko bizitzara itzultzeko, bihotz ireki eta zabalez ibiltzeko. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Hain maite izan dau Jaungoikoak mundua:
bere Seme bakarra emon deutso;
Hari sinisten deutsonak betiko bizia izan dagian”





Geure eguneroko bizitzan Jainkoaren Hitzak sarri izten gaitu harrituta. Olan da. Egunero eskeintzen jakun mezuak, era askotara harritzen gaitu; gehienetan gainezka egiten deusku, eta horregaitik, batzuetan entzungor egiten dogu... bere proposamenagaz “harrapatuak” izan ez gaitezan.

Domeka honetako mezua honakoa izan daiteke: biziaren iturria eta maitasunez sortutako gauzak maite dauan Jainkoa aldarrikatuz (1. irakurgaia), galdutako bateri, zoritxarreko eta bere herriko arerioei saldutakoari, SALBAMENA eskeintzen agertzen jaku Jesus. Zakeo, nahiz eta barregarri geratu (gaurko kontaketan lez), “zerbait” ezbardina bilatzen daben baztertutako guztien ezaugarria da.

Jesusen “jokatzeko era” ere hunkigarria da: jendez inguratuta egon arren, Zakeoren keinu horretan “zerbait” deigarria ikusten dau: “begiak jaso” eta bere “etxean geratu” nahi dau. Ez da beste barik txiripaz gertatutako zerbait. Ebanjelariak Maisu gazte honen sentiberatasuna eta fintasuna agertzen deusku: “galduta egoana aurkitzera eta salbatzera etorri da”. Hauxe da, Jainkoak olan nahi izan da, bere misinoa eta egitekoa; Jainkoaren nahia gizadi osoa salbatzea dala ez dago dudarik.

Zerbait “zakeorena” danok daukagu: aberatsak baina txikiak, egiaren bila gabiltzanak, salbamen begirada bat ikusteko pikondo batera igoteko preminan, nahiz eta gure ingurukoen aurrean barregarri geratu. Bere dohaia gugana heldu daiten, Jainkoagandik jatorkun salbamenaren jabe izan gaitezan, Jesusek bere “begiak jasoten dauz”. Gaur, “nire etxean geratzea nahi dau”. Ez dago dudarik! Eta nigandik zerbait itxaroten dau BIZIAREN DOHAIA nigan eta nire ibilbidean egi bihurtzeko; nire pekatuan ere bai. Holakorik! Baina... egia da!

Zoriontsuak euren bizitzan zerbaiten “bila” dabizanak,
Jesu Kristoren begiradagaz aurkituko dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gizasemea, galdutakoa bilatzera eta osatzera etorri da"

(Lk 19, 10)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue