Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. domekea - 2019.eko Urriaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak ospakizunera.

Gaur Jesusek fariseuaren eta zergabatzailearen parabolaren bidez, jarrera espiritual bi, otoitzerako era bi, sinisteko eta Jainkoarekin hartuemona egiteko era bi ipinten deuskuz aurrez aurre. Jesusek salbamenaren DOHANTASUNA gogoratzen deusku, barrutik, gu bakotxaren sakonen eta egiazkoenetik hasi beharra. Gure pobretasunetik, gure egiarik sakonenetik bakarrik aurkitu daikegu Jainkoaren maitasuna, errukia eta salbamena.

Senideok: Jaunak zabaldu daiala gure bihotza, gure adimena, gu garan guztia Eukaristia hau fedearen berotasun guztiarekin bizitzeko; Jaunaren maitasun eraldatzaileak moldatu gaizala. Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Siracida 35, 15b-17. 20-22

Entzungo dogun testu sakratu honetan, batez be behartsuaren ezpanetatik urteten dauan otoitzean sakontzen joango gara; hau da: zapaldu, umezurtz eta alargunak. Idazle sakratuaren arabera, Jainkoa beti prest dago euren erregua entzuteko. Jainkoaren bihotz samurrera beti heltzen dira erreguka jabilkozanen oihuak. Entzun daigun.


2. irakurgaia: 2 Timoteori 4, 6-8. 16-18

Bi eratara izan daiteke Jesusen jarraitzaile: bata, egunero Jesusen izena ezagutzera emoteko bizia galduaz; bestea, hura autortzearren odola isuriaz. Paulok bietara bizi izan eban; Jaunagan eban konfiantza eta babes bakarra. Onartu dagigun apostoluaren testigantza bikain hau.


Ebanjelioa: Lukas 18, 9-14

Jainkoaren aurrean egoteko era bi agertzen deuskuz gaurko ebanjelioak. Fariseuaren eta zergabatzailearen otoitza. Jainkoak berbak baino gehiago bihotza begiratzen dau. Otoizlariaren izatea agertzen da otoitzean. Jaunaren aurrean ze otoitz egiten dogu? Hau da Jesusek planteatzen deuskun benetako itauna. Azterketea ondo jatorku.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusek, Aitarekin bat egiteko premina sentitzen ebanean, otoitzera joten eban; guk, Jainkoa behar dogulako, Hari zuzentzen deutsoguz gure otoitzak.

1.- Gure Eleizearen alde: Jesusen nahiekin eta aginduekin leiala izan daiten eta ez daitela ohore edo indar bila ibili izan, eta bere ahalegin osoa gizaki guztien, batez be behartsuenak zerbitzen ipini daiala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Jesusen Espirituak bultzaturik, haundikeriazko gogoak gainditu daiguzan, eta Jainkoak nahi dauan senide-maitasuna nagusitu daiten gure artean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko gaixo, baztertu eta zapaldu guztien alde: Jaunak euren oinazeak arinduz bakea emon deioen eta gure solidaritza anaikorra sentitu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gaurko gizartean karitatea, harrera ona eta adiskidetasuna baloratzen eta bizitzen ikasi dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Lurreko indartsuen alde: Jainkoaren graziaren bitartez, jarrera aldatu dagiela eta olan etorri daitela herri guztien arteko bardintasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

6.- Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: zerbitzari eta senide dan Parrokia-Alkartea eraikitzeko gai izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PAISAIA BATEN ARGAZKI EDER BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, paisaia eder honen argazkia dakartsut. Zuk eskeintzen deuskuzun salbamenaren antzera, edertasun guzti hori dohanekoa da; edertasun guztiak euren sorburua zeugan daukee. Argazkiagaz batera zure dohaia bizitzeko gaitasuna, nire garbitasuna eta nire zintzotasuna eskeintzen deutsudaz. Sentimentu honeek ez daitezala amatatu.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gizakion arazo eta nahi eta ezinekaz beterik dagoan egunkari hau dakartsut. Jauna, ez daitela gogortu gure bihotza. Gizakion arazoak solidaritzara eta zure aurrean otoitz egitera eroan gaizala. Gizaki guztiak eta gizakien arazo guztiak kontuan izan daiguzala. Jauna, zure aurrean aurkezten doguzan beharrizan guztiak entzunak izan daitezala.


GATZAZ BETERIKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko talderen baten sartuta dagoan batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez nire izenean, militante guztien eta alkartearen izenean dakartsut gatzez beteriko ontzi hau. Gizaldietan zehar beste testigu askoren antzera, bizitzea tokatu jakun mundu honetan zure hitzaren misiolari izan nahi dogu; ez da lan erreza baina hortxe egin gura dogu gure ahalegina. Zure laguntza barik gure gatza gezatzeko arriskuan dago. Zurekin kontatzen dogu!.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Andrazko batek egin leike. Esku hutsak erakutsirik dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dabe, baina zuk beteko dozuzan konfiantzea daukat. Alkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskeintzen deutsut, Zuk zure graziaz beteko dozuzan itxaropenaz. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emoiguzu behar dogun laguntza, emoiguzu bere Gorputza gure bizitzen janari lez.


KATEKESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ondo legoke zerbait idatzia eukitea, danok ikusteko eran, edo danoi banatzeko eran. Danon izenean pertsona batek aurkezten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Barri Ona iragartea da. Egiteko hau benetan hartzen dogu. Baina Zuk badakizu ez dala erreza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskeintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen deutsuguz. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen deutsugu.

Agurra

Bardinak dira atzoko eta gaurko fariseua: bere buruaz pozik eta bere balioaz ziur dago; arrazoia beti berea dauala uste dau; egiaren jabe sentitzen da eta, egia horregaz baliaturik, besteak epaitzen eta zapaltzen ditu. Fariseu jarrera dala esan leike, gure gizartearen eta gure kristautasunaren gatxik haundiena. Gauzak aldatzea nahi dogu, gizarte gizatiarragoa, bizitzeko egokiagoa lortzea, gizakien historia aldatzea eta hobea egitea; baina... a zer inuzenteak garan!, geure buruak aldatu barik nahi genduke gizartea aldatzea.

Jaunak isuri daiala gugan bere grazia, aldatu daizala gure bihotzak, erakutsi deiskula berak guretzat eraikitzea amets egindako gizartea eraikitzen. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jaungoikoa mundua Beragaz adiskidetzen ebilen Kristogan,
eta geuri emon euskun adiskidetzearen hitza”




Jainkoaren Hitzak ez deuskula atsedenik emoten begi-aurrean dago. Egia da gaur inork ez dauala ikusten bere burua FARISEU lez (belarrietara ez dau ondo joten), baina ez dau esan nahi ez dagozanik. Fariseua da: bere balioaz ziur egonez pozik bizi dan gizakia; errazoi guztia berak dauala pentsatzen dauana, berak bakarrik. Eta... zelan ez! Besteak epaitu eta kondenatzeko gai sentitzen dana. Berak ez dauka zertaz damuturik. Beti besteak dira aldatu behar diranak.

“Olako jendea” oraindik ez da desagertu gure mundutik, gure alkarteetatik eta gure bihotzetik. Danok nahi dogu mundua aldatzea, baina besteak dira aldatu behar diranak. BAKEA nahi dogu: baina gogorkeri zaleak besteak dira. Norbera, ezta pentsatu ere! Eta begiratu: sarritan gure inguruko indarkeri zeinuak ikusi ere ez edo gainetik pasatzen doguz; errudunak beti besteak dira.

Egoera honen aurrean, Jainkoari entzun eta bere bidetik ibili nahi dogunontzat gaurko MEZUA BIZIA eta ZUZENA da. Fariseismoaren arriskua aurrean daukagu; “gaixo edo gatx” horretatik inor ere ez gara libratzen.

Nahiko neuke pekatariaren jarrera guztiok norberaganatzea: zenbat eta zelako pekatuak ez da garrantzitsua. Jainkoaren aurrean makurtuz bere bizitza osoa aldatzen da; JARRERA horrek emoten deutso arrazoia.

Zoriontsuak BIHOTZ APALAK diranak,
salbatuak izango dira!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zerga-batzailea bere etxera zintzotuta bihurtu zan"

(Lk 18, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue