Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. domekea - 2019.eko Urriaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: egun on eta ondo etorriak ospakizun honetara.

Sinismen eta itxaropen bardinean alkarturik Eukaristia ospatuko dogu.

Domeka honetan Jainkoaren Hitzak OTOITZAREN preminea gogoratuko deusku; Jesusek berak irakasten deuskun eta Espirituaren eraginez egiten dogun otoitza. Jainko Aita-Amaren maitasunean eta indarrean konfiantza ipiniaz, bere eskuetan gagozelarik anaitasunaren eta Erreinuaren alde lan eginez, atseden barik, iraunkortasunez eta etsi barik otoitz egitera deituak gara.

Jaunagaz eta anai-arrebakaz bat egiten gaituan batzar hau benetan otoitz giroan ospatuko dogu poz eta alaitasunez. Eta giro berdinean, gure Eleizeak MISINOEN EGUNA (DOMUND Eguna) ospatzen dau. Egun bat besteen alde bizia eskeintzen dabilzan andra-gizonak gogoratzeko, horreekin alkartasunean sentitzeko. Besteak bizia ugaria izan daien eurena oparotasunez urtzen dabilzan bizitzak. Egin daigun otoitz euren alde.

Senideok, holan hasten dogu gaurko ospakizuna.

DOMUND eguna, MISINOEN eguna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 17, 8-13

Testamentu Zaharreko zati honetan agertzen dan lez, desertuan zehar agindutako lurraren bila doa Israel herria; erromesaldi horretan ezintasuna sentitzen dau; Jainkoarekin bat eginda bakarrik egin leike aurrera. Entzun daigun pasarte hau.


2. irakurgaia: 2 Timoteori 3, 14 – 4, 2

Paulo apostoluak, Timoteori eta kristau guztioi, hartu dogun mezua leialtasunez bizitzeko dinosku. Eta benetako leialtasuna hau da: hartu dogun mezuak Jainkoak damoskun Bizia dakar eta hori guztiei iragarri behar jake. Entzun daigun.


Ebanjelioa: Lukas 18, 1-8

Bizitzan agertzen jakuzan egoera eta oztopo guztien aurrean, otoitzaren preminea agertuko deusku ebanjelioak. Alargun behartsuaren eta epaile zorrotzaren paraboleak etenbarik otoitzean eta konfiantzan sendo irauteko deia egiten deusku. Jesusen proposamena entzuten dogu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusek Aitarekin topo egiteko preminea sentitzen ebanean, otoitzera joten eban; guk, Jainkoa behar dogun ezkero, Hari zuzentzen deutsoguz gure otoitzak.

1.- Jainkoaren Elizaren alde: otoitzean iraunkorra izan dadin eta arduradunak, fededunen onerako, otoitz-topaguneak sortu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: euren eguneroko buru eskeintza ez daitela jausi lur agorrean, eta Jaunak emonkor egin daiala; sentidu daiela gure otoitza eta euren lana onartua izatea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan zehar Ebanjelioaren zabaltzaile diran hainbeste abade, erlijioso eta laikoren alde: DOMUND egun honetan eurak gogoratzea, eta gure alkartasuna eskeintzea, pozgarri eta lagungarri izan dakien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bakarrik edo adore barik sentitzen diranen alde: gure otoitzaren indarrak poztu eta adorez bete daizan; Jesusen jarraitzaileen artean onartuak sentitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteak jakin daiala etenbarik otoitz egiten, otoitz-eskolak sortzen eta eskeintzen; alkartearen bizitzarako Jainkoarekin topo egitea hain beharrezkoa dana errezten daben guneak, eta gazteei hau transmititzeko gauza izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OTOITZ-ORDUEN LIBURUAREN AURKEZPENA

(Orduen Liturgia errezatzen dauan batek egin leike. Bestela pertsona heldu batek Salmoen liburua aurkeztu leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, salmo liburu hau aurkezten deutsut; zugaz bat egiteko, eta zuri otoitz egiteko gizakiak zure laguntzaz eta argitasunez idatzitako liburua dogu. Otoitza hobeto eta gehiago egiteko preminea sentitzen dogun ezaugarri lez aurkezten deutsut. Jauna, otoitzaren preminea gure bihotzean sentitu daigula. Konturatu gaitezala, zeuk esandakoa dala otoitzik ederrena.


MISIOLARI BATEK ALKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ondo legoke misino herrietako baten bateagaz hartuemona izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtea. Merezi badau, letra haundiarekin kartulina baten izten da danok irakurteko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honegaz hauxe agertu nahi deutsugu, Jauna: euren herritik kanpora eta misino herrietan dagozan hainbeste pertsonak egiten daben lana eskertu, onartu eta goratu nahi dogula. Zuk gizakioi deuskuzun maitasunaren jarraipena ikusten dogu ekintza horretan. Eskeintza hau zure gogokoa izan daitela eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezala.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKEINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza apurtzen dauan munduko beste sufrimentu bat aurkezten deutsut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekaz arduratuta bizi diran Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten deutsudaz; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dogun pertsonak gehitzen joan gaitezala.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten dauan batek egiten dau eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten deutsut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagundu eiguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak osatzen dabezan olio biguna; besteen arazoak arinduko dabezan onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzagaz, zure Seme Jesukristogandik ikasi doguna egiten jarraitu nahi dogu.


ESKUKADA BAT GARI GARAU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, eleizan dagoan ontzi batetik esku bete gari garau hartzen dau eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten itzi)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen daben esku honekaz eskeintzen deutsut, Jauna, eskukada gari garau hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi euskun ez dagoala biztuerarik heriotza barik, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hilten. Anaia-arreben zerbitzura euren bizia eskeintzen daben MISIOLARIAKAZ bat egin gura dogu. Zure gustukoa izango dalakoan eskeintzen deutsugu.


MISINO EDO BOKAZINO PASTORALTZAN DABILAN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balebe, ondo legoke idatziz aurkeztea. Alkartearen izenean batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA:Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dala esanez. Eskerrik asko gure BOKAZINOAGAITIK. Gure parrokian misino eta bokazino pastoraltzaz arduratzen dan taldearen egitasmoa aurkezten deutsugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten deutsuguz. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO euren bizitza eskeintzen daben pertsonak izan deiguzala beti gure alkarteetan.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitza prisaz, egonezinez, batetik bestera arineketan joateaz jabilkun bitartean, entzun dogun Jainkoaren Hitzak otoitz egitera, adorerik ez galtzera, fededun lez gelditzera, maite gaituen Harekin egotera gonbidatzen gaitu. Geldialditxo bat Harekin egitera. Aste zoriontsu eta betea guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Bizia da Jaungoikoaren hitza eta eraginkorra;
bihotzaren erabagi eta asmoak epaitzeko gai dana”




Gure kristau ibilbidean, errez ahazteko arriskuan doguzan alderdi eta irudiak, sarritan gogoratzen jakuz. Izan ere, Jesus gure Maisuak, bide hori egokitasunez egiteko behar ditugun arrazoi eta uste sendoz prestatu nahi gaitu.

Gaurko lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak, OTOITZARI buruzko kontaketa eder bi eskeini deuskuez. Hain sekularizatuta (Jainko barik bizi dana) bizi garan kultura honetan geroago eta gatxago egiten jaku otoitza; eta beste sentsazino batek inguratzen gaitu: gure premina eta erreguen aurrean Jainkoa isilik gelditzen ete dan... Eta honen aurrean hurrengo itauna: zertarako otoitz egin?

Guzti hau aurrean dogularik, Jesusek -ebanjelioko kontaketan- otoitzean irauteko eskatzen deusku. Izan ere otoitzaren ondorena ez da eraginkortasuna, momentuko egoera eta arazoak gainditzen dituan benetako KONFIANTZA baino; Jainkoaren maitasunaren nahia onartzera garoaz otoitzak. Olan izan zan Jesusentzat; olan bizi izan eban; olan agertu eban bere jarraitzaileei irakatsitako otoitzean.

Olan dala, eskaerazko otoitzean gelditu barik, gure otoitzaren ezaugarriak “oroitzapena egitea”, esker ona agertzea, gurtzea, goratzea eta erregutzea dira. Sinismendunak, Moises eta Jesusen antzera, Bizitzaren Jainkoagan konfiantza osoa ipiniaz olan sendotzen dira.

Zoriontsuak konfiantza osoz
biziaren Jainkoagana zabalik dagozanak,
euren erromesaldia guztiz argitua izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jaungoikoak egingo deutse zuzenbide"

(Lk 18, 7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue