Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. domekea - 2019.eko Urriaren 13a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Eukaristia honetara.

Kristauok sarri, Jainkoarekin hartuemon gozoak bizitzeko baino ardura haundiagoa hartzen dogu fedearen eskaera etikoak zaintzeko. Erlijinoarenak betetzea, erlijinoa praktikatzea azpimarratu dogu, baina ez dogu ikasi Jainkoa gure bizi-iturri maitea lez ospatzen. Bihotza prestatu barik ospatzen dogu Eukaristia, egintza hau eskerrak emote haundia dala egiaz konturatu barik, gure bizia, gehienetan, goralpen barik doalako.

Senideok: Nazareteko Jesusengan egiaz sinisten badogu, itzartu daiguzan gure bihotzak, Jaunak askatuak eta osatuak sentitzeagatik igo bedi gure esker ona. Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Erregeen 5, 11-17

Jainkoaren Hitzak osasuna emoten deutso Naamani (Israelgo herriko ez dan bati) eta, bide batez, fedearen oparia jasoten dau. Jainkoak bere alde eginak eskertu beharra sentitzen dau Naamanek, baina Jainkoaren grazia dohantasun hutsa da, eta Naaman Jainkoaren maitasun samur eta osatzailearen lekuko bihurtzen da. Entzun dagigun kontaketa hau.


2. irakurgaia: 2 Timoteori 2, 8-13

Apostolua kateatua eta preso hartua izango da, baina Jaunaren Hitza ezin da kateatu Paulok esango deuskunez. Hitz horrek gizakion bizitza aldatzeko beste indar dauka barruan. Entzun dagigun apostoluak sakontasunez beterik egiten deuskun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 17, 11-19

Jainkoaren presentzia askatzailearen eta haren mesedeen dohantasunaren zeinu nabaria da miraria. Berak emoten deusku bizia, berak osasuna eta aukerak, ez onak garalako, aginduak betetzen doguzalako, baizik maitasun eskuzabalez maite gaituelako baino, guretzat osasun-iturri dalako. Entzun dagigun ebanjelioko pasadizu hau eta ondorenak atera beharko ditugu.

Jaungoiko herriaren otoitza

Maisuak irakatsiak jarraitu nahi dabezan ikasleak lez, eta seme-alaben konfiantzaz, premina guztien alde otoitz egiten deutsogu Jainkoari.

1.- Gure Eliza Amaren alde: Jainkoaren dohantasunaren zeinu eta eredu bizi izan dadila; sufritzen dagozan guztiak onartzen dituen gunea; maitasun eta bakearen iturri izan dadila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernu, erakunde, alkargo eta alkarte guztietako gidarien alde: euren lana betetzean, bakearen eta zuzentasunaren alde ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Edozer errazoirengatik sufritzen dagozan gizon eta emakumeen alde: Jainko osatzailea, askatzailea, bizi-iturria aurkitu daien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau familia guztien alde: sinismenean heltzen joan gaitezan eta bide horretan hazten beste batzuei laguntzeko beti prest egon gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia hau ospatzeko alkartu garan guztion alde: etenbarik eskerrak emoten bizi gaitezan eta gutako bakotxa ingurukoentzat osasun eta bake izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SENAR-EMAZTEAK EUREN UMETXOA AURKEZTEN DABE

(Senar-emazteak umetxoarekin presbiteriora doaz. Biak parte hartzen dabe. Nahi izan ezkero ospakizun guztian bertan gelditu)

OTOITZA – AZALPENA:

SENARRAK: Jauna, hemen gaukazuz gure seme/alaba honekin zure oparia eta gure maitasunaren frutua. Zure errukiari erantzunez eskeintzen deutsugu. Zeurea da eta ipini egizu salbamen bidean.

EMAZTEAK: Bera zainduz eta heziketan parte hartuz, bera sortzeko izan genduan maitasunean ere aurrera egiteko gogoa eskeintzen deutsugu. Gure laguntza honi esker, bizitza osotasunean bizitzeko aukerea izan daiala.

BIKOTEAK: Jauna, badakigu ez dala lan erreza; gure gizarteak pertsona ahulak eta errez manipulatzen dituenak nahi ditu. Horregaitik, Jauna, gure egitekoa ondo betetzeko zure grazia eta laguntza eskatzen deutsugu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko domekan egitea ondo legoke. Gazte batek egin leike. Ondo ikusteko lekuan ipini)

OTOITZA – AZALPENA:Jauna, datorren domekan ospatzen dogun “DOMUND” eguneko horma irudia dakartsut. Gure alkarteak misiolaria izan behar dauala gogoratzen deusku. Guk baino aukera gitxiago daukien herriekin “Alkartasun katea” egin gura dogu. Horregaitik, DOMUND-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dogu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta alkartasuna agertu gura dauan ezaugarri hau.


ALTAREA PRESTATZEA

(Musika isila ipiniaz, andrazko bik altarea jantzi eta apaintzen dabe. Gauza larregi barik baina lorontzi eder bat ondo legoke. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zu gure artean dagoan senargaia zaran ezkero, altarea banketea ospatzeko prestatu dogu. Holan zure Erreinuko eztaien aurrerapena ospatzen dogu. Hartu egizu baita be gure bizitzen eskeintzaren seinu lez.


LUNTXEAN HARTUKO DOGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, alkarrekin zerbait hartzera konbidatzen doguz. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu leitekez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gagozan sinismen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dogu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, alkarrekin zerbait hartuko dogu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinismenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dogu.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Alkartean dagozan talde guztien aurkezpena egin leiteke. Egitasmorik eginda balego, ondo legoke horri baten batu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dogun aukereagaitik. Gure sinismen horretan sakontzen jarraitu nahi dogu, gaur agertzen jakuzan erronkei erantzun egokia emoteko. Gure kristau alkarteari jakitera emoteaz batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dogunaren konpromisoa agertzen deutsugu. Hauxe da gure eskeintza apala.

Agurra

Senideok: etekinik eta onurarik gehien ateratzeko baliagarria eta praktikoa besterik ikusten ez danean, gatxa da bizia opari lez ikustea. Ondoizatea, barriak, sentipenak, bizitzako hainbat gauza kontsumitzeaz baino arduratzen ez danean, ezin daiteke konturatu Jainkoa bizitza sakon eta pozgarriaren iturri dala. Gaur Jainkoak itauna egin deusku bere Hitzaren bitartez. Zer hartuemon dogu Jainkoarekin? Konturatzen al gara zelako oparotasunez isurtzen dabilen bere maitasuna?

Senideok: badogu nahiko gogoeta gai aste osorako, baita Jaunaren agindu argia ere: izan eguneroko bizitzan Jaunaren askapenaren eta osaketaren lekuko. Besterik ez! Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Emon eskerrak beti:
hauxe da zuentzako Jaungoikoaren nahia, Kristo Jesusengan”




Batez be aldi honetan gizakion bizitzetan honako jazoera hau daukagu: krisi egoera aurrean eta inguruan gertatzen diran aldaketen aurrean, lehena batzuk ahaztu egiten dabe (“ez dau balio” dinoe: gure guraso eta aurretikoak ez dabe jakin baliozko gauzarik egiten); beste batzuentzat oraina nazkagarria da: momentu honetan ez dago ezer onik ez baikorrik.

Guzti honekin gure gizartea, gizaki nahigabetu eta garraztuekin jositako gizartea eraikitzen doa, ezkortasunez betea, gauza onak, gure bizitzako gauza eder eta baikorrak gozatzeko eta eskertzeko gai ez dana.

Une honetan, Jesusek ESKER ONEKO izatera egiten deuskun DEIA entzutera deituak gara. Gizakia gizaki da esker oneko danian; bizitza, besteengandik hartzen dauan bizitza, esker onez hartzen dauanian benetako gizakia izateko bidean dago; bizitza, jakinduria eta abar ez dira guk sortuak, hartuak baino. Dohai ederrenak besteengandik hartzen doguz gizakiok. Horregaitik, osotasunera heldu nahi badogu, “ESKER ONEKO” izateko egiten jakun deia.

Lepradun osatuaren adibideaz, domeka honetako mezua, Jainkoagaz eta gizakiekaz esker oneko izateko daukagun gaitasuna garatzea da. Eta ondo begiratu ezkero... esker onekoak izateko zenbat arrazoi! Ea gure barruan esker oneko izateko gaitasuna esnatzen dan! Erdarazko esaera batek honako zerbait dino: “Esker onekoa ez dana, ez da ondo jaioa”.

Zoriontsuak ONTASUNEZ ETA ESKER ONEZ jantziak,
mundua eta bizitza Jainkoaren begiz ikusiko dabe ta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Arrotz hau baino ez da bihurtu Jaungoikoa goratzera?"

(Lk 17, 18)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue