Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. domekea - 2019.eko Urriaren 06a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak fedearen ospakizun honetara.

Jai bakotxean lez, Aita-Ama baten seme-alaba lez, altarearen inguruan alkartu gara, beste senide batzuekin Eukaristia ospatzeko.

Fedea aipatzen deusku gaurko ebanjelioak, sakramentuen bidez Kristo biztuak gizon-emakumeen bihotzetan sorrarazten dauan dohaia. Opari bikaina da fedea, mendiak mugitu daikezan oparia. Bizitzak, fedeak argituta, fedez asea egon behar dau. “Jauna, gehitu egizu sinesmena guregan” da ikasleak Jesusi egiten deutsen eskaria; badakie sinistu eta zaindu beharrezko zerbait jaso dabela. Hauxe izan daiteke gure gaurko eskaria, guregan gehitzeko eta zaintzeko guraria.

Eukaristia honek lagundu deiskula fedearen oparia ikusten. “Jauna, gehitu egizu sinesmena guregan!”. Hasi gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Habakuk 1, 2-3; 2, 2-4

Bizia sarritan gatxa gertatzen da. Profeteak ere ezagutzen ditu zalantzak eta neke-orduak; bidegabekerian, zapalketa giro sozialean bizi da; giro horretan krimenak egunerokoak dira. Zentzugabekeria horren aurrean, Jainkoarengana joten dau itaunka, haren aurrean salatzen ditu gogorkeria eta jauntxokeria hori. Baina gauza guztien gainetik dator Jainkoaren erantzuna; guztioi eta bakotxari esaten deusku: “Zintzoa bere leialtasunari esker biziko da”. Entzun dagigun.


2. Irakurgaia: 2 Timoteori 1, 6-8. 13-14

Paulo apostoluak, Eleizaren jazarpen garaian, Espiritu Santuaren laguntzaz, hartutako fedearen gordailua zaintzeko aholkatzen deutso Timoteori, Kristorenganako leialtasunean sendo irauteko. Onartu dagigun testigu zintzo honen aitorpena.


Ebanjelioa: Lukas 17, 5-10

Jesusek fedearen eta Jainkoagan fidatzearen indarra erakusten deusku; jarrera apal eta erantzukizunez betea azpimarratzen. Fedea, zenbaten barik, jarreratan adierazi behar dan zerbait da, adibidez, txiki eta baztertuekaz daukagun konpromisoan erakustekoa da. Fedea landu egin behar da guregan hazi daiten. Bihotz onez, onartu daigun Maisuaren proposamena.

Jaungoiko herriaren otoitza

Maisuaren irakatsiak jarraitu nahi dabezan ikasleak lez, eta seme-alaben konfiantzaz, premina guztien alde otoitz egiten deutsogu Jainkoari.

1.- Munduan zehar zabaldurik dagoan Jainkoaren Eleizaren alde: gizaki guztientzat, batez be bidegabekeriak sufritzen dabezenentzat, egiazko ezaugarri eta bide izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazino eta herri guztien arteko bakearen alde: euren artean alkar ulertzea, alkarrizketa, senidetasuna eta zuzentasuna hazi daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauen alde: gure kristau sinesmenean leialak izanik, gure fedea behartsuenen alde eta geu garan guztia dohanik emoten bizi dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Zailtasunez eta bidegabekeriaz inguraturik sentitzean, fedean zalantzak dabezenen alde: sentidu daiela bizkortzen eta pozten dituen Jainkoaren indarra. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure alkarteen eta ospakizun honetan gagozanon alde: sekula ere ez gaitezela lotsatu aldi desbardinetan eta gure inguruan fedea autortzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATEATZEKO ERABILTEN DAN ONTZIAREN (OSKOLA) AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gutariko asko bateatzeko erabilia izan dan oskol hau dakartsut. Zure graziaz eta Espirituaren laguntzaz gure pekatua parkatu eta santuen alkarteko, lurrean zure familia dan Eleizako kide egin gaituzu. Gure izate barria zintzotasunez eta duintasunez bizitzeko zure laguntza eta babesa eskatzen deutsugu.


ARGIMUTILAREN GAINEAN ISIOTUTA DAGOAN KANDELEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko beste edozein pertsona helduak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kandela isiotu hau aurkeztean, zera agertu nahi deutsugu: gure eguneroko bizitzan, kalean, lanean eta Eleizan, zintzo jokatu nahi dogula. Mundu honen erdian zure ARGIA izateko konpromisoa eskuratzen dogu.


MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erreza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Alkartearen izenean, enbor hau dakartsut, Jauna; Eleizearen sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti barria da. Badakigu maitasunez emon deuskuzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zagozala. Zure laguntza eta indarra behar doguz zure hitza eta gurariak bete daiguzan. Eleiza honek, Zuk nahi dozuzan maitasunezko eta zuzentasunezko frutu ugari emon daizala.


KARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezbardinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldeagaz hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel haundi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten dau)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diran egoera mingarriekaz arduratzen da. Alkartearen izenean egiten dogun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dogu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: danok hurreratu gaitezala egoera horreetara. Onartu egizu, Jauna, gure eskeintza hau eta lagundu eiguzu inguruko preminetara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: amaitu da ospakizuna eta geure eguneroko bizitzara bueltatuko gara, familiarekin, adiskideekin, lagunekin, auzokoekin alkartzera; ez da harrigarria izango zailtasunak, haserreren bat edo beste ere agertzea. Fedeak lagundu deiskula besteengan Jesus ikusten; bizi-ezaugarriak emon daiguzala; besteak zerbitzerakoan zabalak izan gaitezala. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz betea!

Egun honetarako gogoetea

“Jaunaren hitzak betiko irauten dau.
Eta hitz hori da zuei iragarri jatzuen Barri Ona”




Jesusekin batera “Jerusalemeranzko bidean” (azken domeketako liturgia), gaur oinarrizko gai bat planteatzen jaku: SINISTEN IKASI beharra. Ez da txantxetako gauza; gizakioi sinistea kosta egiten jaku bai ekonomia arloan, baita politikan ere eta zelan ez gure uste sakonenetan ere. Desengainatua edo uste bakoa sentitzen da. Instituzinoak, familiak edo Eleizeak eskeintzen deutsona eztabaidan ipinten dau. Argi dago sinistea gatxa dala. Gaur egun dana krisi baten barruan dagola dirudi: baloreak, konpromisoak, egiturak...

Eta gizakia “SALBATUA IZAN” beharrean aurkitzen da. Hau da: bizitza benetan hartzeko non aurkitu zentzunezko arrazoiak? Zer egin gizatasunez bizitzeko? Bizitzako lan eta borroka guztiak zertarako dira?

Krisi horren barruan, sinismendunok SINISTEN ikasi behar dogu; gizatasunez bizitzen laguntzen deuskuna bakarrik onartuko dogu: Jesusengan sinisteak sakontasunez, zentzunez eta itxaropenez betetzen badau gure bizitza, gure sinismena onartua eta benetakoa izango da.

Horregaitik gaur, geurea egiten dogu apostoluen erregua: “gehitu eiguzu sinismena”; uste sendoagoaz, gaurkotasunez eta poztasunez sinistu beharra daukagu; ebanjelioak daukan indar askatzaile eta salbatzailean sinistu. Bizitza gizatasunez betetzeko bide bakarra da.

Zoriontsuak EUREN SINISMENA sakontasunez bizi dabenak,
euren bizitza ARGIZ JANTZITA egongo da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ziape-hazia ainako sinismena bazeukee..."

(Lk 17, 6)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue