Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. domekea - 2019.eko Irailaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Jaunarekin eta senideekin bat egitera.

Senideok: hemen gara Jesusen presentzia bizi eta haren mezua, Jainkoaren Barri Ona entzuteko etorrita.

Gaurkoan Jainkoak esaten deuskuzan hitz zorrotzen aurrean, Jaunari parkamena eta errukia eskatzea izango da ospakizun honen ezaugarria. Erruki horrek lagundu deigula gure bihotza eta bizitza barritzen, Kristoren oinordeko izatera heldu gaitezan.

Jesusek gaur ere hauxe esango deusku: gure bizitzan zorrotzak izateko eta gitxien dabenekin alkarbanatzen jakiteko. Jesus gure artean banatzen da gure gosea eta nahiak asetzeko. Jesusi jarraitu nahi deutsogunok, eskuzabalak izan beharko dogu, erantzun betea, asea, oparoa emon. Kristo osorik emoten bajaku, zergatik gabiltza gu gure ondasunei loturik eta ez gara gauza banatzeko?

Zoriontsuak banatzen dakienak! Aurrera! Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 6, 1a. 4-7

Aurrera doa Amos profetak bere garaiko gizarteaz egiten dauan deskribapena. Profetak bihotz barritzera deitzen deutse, sarritan pobreen duintasuna zapaldu eta lagun hurkoa atzipeturik, ondo jateari, edateari, ondo pasatzeari emonak bizi diranei. Merezi dau beren gogoeta hau entzun eta hausnartzea. Bihotz zabalez, onartu dagigun.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 6, 11-16

Munduko bidegabekeriei aurpegia emon nahi bajake, fedearen arabera bizitzea da bide bakar baliotsua, esango deusku apostoluak. Jainkoaren Erreinua onartzen dauana, ahalegindu daiteke, bere bizi-giro eta ahalbideetatik, mundu zuzenago baten alde. Fedearen borroka ona egitea da Kristogan barriztatzea, Jaunaren aurrera aurkezteko unea heldu bitartean. Hau da, guretzako be, Paulo apostoluaren proposamena.


Ebanjelioa: Lukas 16, 19-31

Gaurko ebanjelioko pasarteak, egoismo eta bidegabekeria, indarkeria eta gutxiespen egoerak salatzen ditu eta Jainkoaren epaia iragarten. Bizitzako jarrera lez bihotz barritzeko deia da, gainera. Entzun dagigun parabola hau, oso ezaguna, baina barruan indar haundia daukana.

Jaungoiko herriaren otoitza

Aurkeztu deioguzan Jainko gure Aita-Amari bizitza gatxago egiten deuskuen preminak, eta fidatu gaitezan haren maitasunean eta errukian.

1.- Eleiz artzainen alde: zuzentasuna defendituz eta errukia praktikatuz, ahalegindu daitezala beti behartsuen eta apalen alde. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko aberats eta indartsuen alde: gogoratu daitezala mundu honetan gosez eta eritasunez hilten diran hainbeste gizakiaz eta, bihotz zabal jokatuz, aurkitu dagiezala gizarteko preminak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Fededunon alde: ahalegindu gaitezela onaren, zuzentasunaren, bakearen eta pertsona guztien arteko hartuemon senidekorra bilatzen, batez ere behartsuenak onartuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Edozein egoeratako behartsu, apal, gaixo guztiak, euren pertsona duintasunari dagokion lez, gizartean onartuak izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteak eta ospakizun honetan gagozanak osotasunez bizi dagigula Ebanjelioa eta benetan alkarbanatu daiguzala gure mahaia eta gure ondasunak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARA BATEN AURKEZPENA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabilteko modukoa)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea gura izan dozu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dozuz hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten dozun guztia gogoratuz eta eskertuz, alkartearen izenean landara eder hau eskeintzen deutsugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zaindu daigula, Jesusen laguntzagaz hazten joan daitela eta guk besteei eskeini deiogula. Holan izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaungoiko Aita-Ama: maitasunez emondako ur apur bat be saritua izango dala gogoratzen deusku Jesusek. Alkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dagozan maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dot; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza alkar banatzea gura daben gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa be. Lagundu eiguzu eginkizun honetan.


PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten dau aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekaz Zu goratzea eta kristau alkarteari laguntza eta poza emotea bilatzen dogu. Jauna, kristau alkarteagaz batera Zeu goratu zaiguzala beti. Kantuaren bidez, gure sinismena sendotzen joan daitela eta itxaropenez bizitzen lagundu deiskuela.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza,aintza, aleluia»).


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Azken aldian agertu dan Teologiako liburu hau dakartsut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badogu, azaltzen ere jakin behar dogu. Testu barriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Naiz eta beste gauza asko egiteko euki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dogu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dogunaren ezaugarri da liburu hau.

Agurra

Senideok: amaitu da gure ospakizuna, baina oraintxe hasten da gure eginkizuna eguneroko bizitzan: lanean, familian, adiskideekin; baita gitxien dabenekin partekatzeko aukeran ere. Bizi dagigun jaso dogun mezua eta eroan dagigun hartutako zoriontasuna gure inguruetara. Aste zoriontsua kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Jesukristo, aberats izanik, behartsu egin zan,
Haren behartsu izatetik zuek aberastu zaitezen”




Gaur ere, Jaunaren Hitzak konpromezuz eta bizitzaz beteriko mezua eskeintzen deusku; esan leike Jesusi ulertzea asko kostatzen jakula eta berak, bere horretan ekin eta ekin jarraitzen dauala.

Olan da domeka honetan ere: kontzientzia hartu beharra daukagu; gauza batzuk itsutu egiten gaitue, bihoz-bako bihurtu, eta “bitarte haundia” haundia zabaltzen da; hori agertzen deusku gaurko ebanjelioak Lazaro behartsua eta aberatsaren kontaketeaz. Ebanjelioko aberats honi egiten jakon salaketea hau da: bihoz-bakoa izatea, ikusten ez jakitea, ez hurreratzea. Ez da agertzen zuzengabekeriarik edo zapaltzerik edo beste triskantzarik... Ez. Bakar bakarrik ez ikustea, ez sentitzea eta ondoren lez, SOLIDARITATERIK EZA. Horra hor bere pekatua.

Argi dago gauza batzuk errealitatea ikusterakoan bihoz-bako egiten gaituela; adibidez, aberastasunak. Gizakiok aberastasuna sarri jainko bihurtzen dogu, eta orduan benetako Jainkoa ilunduz gure bihotza norberekeriaz betetzen da. Hurrengo pausoa solidaritaterik eza da eta hori da gaurko ebanjelioak onartzen ez dauana.

Gonbidapena ez da arduragabekerian eta solidaritaterik ezaren sareetan ez jaustea bakarrik, SOLIDARITATEA ETA MAITASUNA nagusituko diran inguru bat sortzen joatea baino. Mundu honetako ondasunei lar lotuta egoteak gizakion bihotzak usteldu eta anaitasunerako bideak apurtzen dauz.

ZORIONTSUAK SOLIDARIOAK izatea aukeratzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Lazaro... pozik dago"

(Lk 16, 25)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue