Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. domekea - 2019.eko Irailaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gara barriro ere, domekea dala-eta, Jaunaren altara inguruan, gure erromesaldirako behar ditugun indarrak berreskuratzen lagunduko deuskun Ogi Bizia banatzera etorrita.

Oporrak, familiarekin eta adiskideekin atseden egunak egiteko aldia, amaitzen doa; barriro goaz geure errealitatera, baina pozik, geu gareana eta daukaguna beste batzuekin, beste errealitate eta giro batzuetan bizitzeko aukera izan dogulako.

Kristauak dirua eta beste ondasunak zelan erabili behar dituen azaltzen deusku Jesusek gaurko ebanjelioan. Eta hau da mezu nagusia: ezin garala izan, batera, nagusi biren morroi: edota onartzen ditugu Jainkoaren maitasuna eta errukia eta askatzen dauan maitasun horren zerbitzari egiten gara; edota esklabu bihurtzen dauan egoismoaren morroi egiten gara.

Giro honetan, hasten dogu Domeka honetako ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 8, 4-7

Hizketa gogorra darabil Amos profetak, gizarte aberats eta bere buruaz seguru sentitzen zanaren bidegabekeria sozialak salatzeko. Irabazi barriak eskuratu nahiez, aberastasunak pilatzeko urduri aurkezten ditu Israelgo aberatsak. Amosen hitzak gaurkotasun betea dabe gure gizartean ere. Fede bizitzak justiziaren alde egitea, senide behartsuari laguntzea eskatzen dau. Onartu dagigun gogoeta bizi hau.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 2, 1-8

Paulo apostoluak zera eskatzen eutsen bere garaiko kristauei: boterearen egituren aurka ez ipinteko, baina besoak jasota otoitz egiteko agintari horreen alde, agintea zerbitzea dala aurkitu eta guztientzat bizitza duina lortzen ahalegindu daitezan. Edegi gaitezan proposamen honetara eta onartu dagigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 16, 1-13

Ezinezkoa da, batera, Jainkoaren eta ondasunen morroi izatea. Administrari desleialaren zuhurtasuna goratzen dau Jesusek, baina bere jarraitzaileei, harek txarrerako dauan trebetasuna eskatzen deutse ona egiteko, senidetasuna sortzeko, Jainkoa Jaun bakartzat eukiteko. Hemen aurkituko dogu pasarte hau ulertzeko klabea. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Salbatzen gaituen Jaunagan konfiantza osoa dogula, aurkeztu deiogun gure eta mundu osoaren otoitza.

1.- Eleizaren alde: ez daiala bildurrik izan Ebanjelioaren egia osoa predikatzeko. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herri aberatsetako agintarien alde: euren bihotzak lurreko ondasunen interesetatik aske, behartsuenen eta baztertuenen interesen bila ahalegindu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Fededunon alde: ez gaitezala lasai eta ardura barik geratu gizakien funtsezko eskubideen aurkako injustizien aurrean, eta bizi garan giro eta egoeretan testigantza ona emon dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Guztien artean, ahalegindu eta konprometitu gaitezala gizakiaren egiazko duintasunaren alde dabizanekin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honen bidez gure begiak zabaldu eta gure bihotzak izartu daitezala Jainkoaren deira, eta beti Jainkoaren eta senideen zerbitzuan jokatu dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten dauan pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipinteko gure etxekoandrak erabilten daben Spray hau dakartsut, Jauna. Pastoral ekintzetan gabilzan eta ospakizunetan alkartzen garan guztien izenean dakartsut. Gure harrera onagaz eta gure jarrera egokiagaz, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diran ingurugiroa sortu gura dogu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emoiguzu zure Espiritua.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko heldu batek egin leike. Ahal bada, itsu baten makilea hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta alkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan gura dogula agertzen deutsut. Itsuak zuzentzen dabilen itsua izan ez naiten, zabaldu, Jauna, nire begiak. Iluntasunean dabilen mundu honen erdian argi apur bat ipini daidan, bete naizu zure argitasunez.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsonak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Irratia, ia danok daukagun aparatua dogu; pertsonak entzumena behar dabe, eguneroko albisteekaz bat egiteko. Entzumena behar dogu baita ere Jainkoaren Hitza entzuteko; hitz horren gainean eraiki nahi dogu gure bizitza. Zure Hitzak, Jauna, argitu daiala gure bizitza.

Agurra

Senideok: beste fededun batzuekin batera pozez ospatu dogu Eukaristia eta pozez beterik itzi gaitu Jaunaren Hitzak. Jaunak berak indartu gaizala eta askatu daizala gure bihotzak, Beren zerbitzutik eta senidearen zerbitzutik aldentzen gaituan diruaren esklabotzatik. Aste zoriontsua kristau testigantzatan oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Jesukristo, aberats izanik, behartsu egin zan,
Haren behartsu izatetik zuek aberastu zaitezen”




Jainkoaren Hitzak Jesusen jarraitzaileon barrua lantzen jarraitzen dau, Maisuaren Eskolako ikasle finak izan gaitezan. Gaur, Jesusek garbi aurkeztu deusku: “ezin zaree izan Jainkoaren eta diruaren morroi”. Sarritan “konseju on bat lez”, edo “desio lez”, edo “ondo legoken gauza lez” ulertu izan dogu. Eta ondoren, geure burua Jesusen jarraitzaile lez daukagunok, gai hori ez dogu benetan hartu. Eta badakigu hau holan dala.

Hori bai: “agindutako aginduak” bete doguz: lehenengo eta behin domeketako eta jai egunetako meza; Garizuma bijilia bete dogu; gure seme-alabak bateatu doguz...; baina eguneroko bizitza bakotxak bere erara daroa: hor dagoz diru gosea eta neurri bako ondo-izatea eta sarritan lagun-hurkoa baztertuta eukitea.

Jesusek, “ugazaba biren” morroi ezin garala izan dinoskunian, zein ete da bere HELBURUA? Zelan konpondu gure trikimainak? Ebanjelioko testua hartzen badogu, Jesusek gure “trikimaina” guztiei mozorroa kendu eta argi dinosku: “EZIN DA”. Nire jarraitzaileak (kristaua) Erreinuaren alde jokatu behar dau eta horrek argitu dau bere bizia. Erreinua da kristauon “izarra”.

Jesusek AUKERATZEKO konbitea egiten deusku:
Nor da zure JAUNA?

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ezin zaree izan Jainkoaren eta diruaren morroi"

(Lk 16, 13)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue