Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. domekea - 2019.eko Irailaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak senide arteko eta sinismen ospakizun honetara.

Senideok: bada fededunok sekula ahaztu behar ez gendukeen zerbait: geure burua galduenik dogula ere, barruraino jausiak, errudun huts sentitzen garala ere, badogula urtenbiderik. Galdurik sentitzen garala ere, gauza bat da ziurra: Jainkoa bila jabilkigula. Eta hauxe da Jesusen barri ona: Jainkoa galduen bila dabilela. Jesusek gaur kontatuko dituen parabolak egia hauxe dakarre: Jainkoa gizakiaren alde dabil; Jainkoa gutako bakoitzaz, gure onaz arduratzen da.

Senideok: Jainkoaren maitasuna “gainean dogula” jakiteaz poztuta, ospakizunari hasierea emoten deutsogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 32, 7-11. 13-14

Testamentu Zaharreko pasartean entzungo dogunez, Itunari desleial izatea da Israel herriaren eta gizadi osoaren ezaugarria. Jainkoa leiala da, beti dago prest parkatzeko. Guztiz fidatzen da damutzen dan gizakiarekin. Onartu dagigun mezu pozgarri hau.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 1, 12-17

Paulo apostoluak bere esperientziaren barri emoten dau: pekatari zala, Jainkoak apostolu ministeritzarako hautatu eban. Eta jazarle sutsu izatetik, Jesusen ikasle leial izatera aldatu zan. Pekatua baino indartsuago dabilen grazia goratzen dau. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 15, 1-32

Jainkoaren aurrean geure burua garbitu nahirik ibilten garanean, eta Jainkoak besteekin zelan jokatu behar leukeen uste dogunean, Jainkoaren maitasuna guk uste baino aurrerago joaten da. Holan dinoe parabolak. Pertsona maitalea maite dauenaren alde ahalegintzen danaren antzera jokatzen dau Jainkoak. Berak emoten dau lehen pausoa. Zerbait baliotsuak gara Jainkoarentzat. Gu bakoitza bakarra gara. Azalpen honek liluratu eta bizitza erabat aldatzera eroan behar gindukez. Onartu dagigun hemen eskeintzen jakuna.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amagana zabalik, Haren aurrean haundiak garalako, aurkeztu deioguzan mundu osoaren eta gure senideen preminak.

1.- Eleizaren eta eleizkide bakoitzaren alde: Jainkoak gu bakoitzari parkatzeko eta ahulenak zaintzeko azaltzen dauan arduraren testigu izan gaitezela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetako agintariak ahalegindu daitezala herri guztien artean alkarrizketa, bakea eta adiskidetzeko bideak aurkitzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gorrotoz bihotzak erreta bizi diran gizon eta emakumeen alde: Jesusen antzera parkatzen ikasi dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pastoral Urte barri honen aurrean, gure Alkartearen alde eskatzen dogu: aurrean daukaguzan erronkei erantzunez, Zuk nahi dozun Famila eratzen joan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Hitzari leialak izanik, Jesusen jarraitzaileen ezaugarri lez bizi gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko katekista edo arduradun batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakartsut. Beragaz batera, urte honetako lana eskeintzen deutsut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gagoz. Gure lana, zure laguntza barik, ezerezean gelditzen da. Ikutu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak be. Zugaz kontatzen dogu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILAN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilan pertsona batek egiten dau, lan tresna bat eroanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskaintza bat egitera natorkizu. Badakizu zein den nire lana: gustura sentitu gaitezen eliza ingurua garbi eukitzea. Badakizu gustura egiten dudana. Egiten dudana elkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naiz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dut. Gauza bat eskatzen dizut, Jauna: egiten duguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta elkarte osoarentzat eskatzen dizut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egiten dau; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauan iratzargailu hau dakartsut. Famili bizitza ere martxan ipinten dau. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, izarrik egon behar garala gogoratzen deusku. Alkarte osoaren izenean eskeintzen deutsut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko doguzala eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituala. Jauna, lagundu eiguzu zure gauzetarako izarrik egoten.

Agurra

Senideok: Ebanjelioan entzundako parabolen mezuetako bat, gizarteko baztertuenekin Jainkoak dauan joera errukitsua da. Jainkoak desegin egiten ditu gure moldeak, gure arauak eta ohiturak. Jainkoak Jesusen bidez erakutsi deuskun izateko eta jokatzeko erak, zalantzazkotzat jotzen ditu gure balioak eta portaerak, guk besteentzat ditugun arrazoiketak. Jainkoak dohan emoten dau, eta hori erokeria iruditzen jaku.

Guztiok ere zerbait “erotuko” ahal gara gure bizitzak eta testigantzak inguruko eskemak apurtu dagizan! Zeregin bikaina eskeintzen deusku Jainkoak: nekatuen atseden, zalantza dabenen fede, atsekabetuen bake izatea, eta guztia dohanik eta apaltasunez egitea. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Jainkoa mundua Beragaz adiskidetzen ebilen Kristogan,
eta geuri emon euskun adiskidetzearen hitza”




Aurreko domekatan, bere JARRAITZAILEAREN irudia eta izatea moldatzen ibili jaku Jesus: zerbitzailea, ondasunetatik askea, kurutzea hartu eta jarraitzeko prest dagoena... JARRAITZAILEAREN BIZITZA OSOA konprometitzen dituan erabateko eskabideak dira.

Gaur, Jainkoa nor dan eta zelan jokatzen dauan aurkeztu gura deusku. GALDUTA dabizanen BILA dabilen Jainkoa; gure bizitzako pekatuaz inguraturik hainbeste zarata eta prisa artean noraezean, “urteera barik” edo galduta sentitu geintekezan unean, gure bila dabilen Jainkoa. Hauxe da Jesusek gaur eskeintzen deuskun Albiste Ederra: galduta dabizan gizakien ONDOAN DAGO JAINKOA.

Ebanjelioak eskeindu deuskun parabolan, Jesusek Jainkoa nor edo zelakoa dan azaltzen dauanean, “onak”, “legea betetzen dabenak” eskandalizatzen dira. Euren ahaleginean uste osoa ipini ebenak, merituak batzeko “legea zehatz betetzen ahalegindu ziranak”, gatx egiten jake DOAKOTASUN JAINKOA onartzea; pekatariagaz aurkituz jai egiten dauan Jainkoa; ONTASUNA DAN JAINKOA. Izan be... gizakiok giza-maila edo neurriekaz mugitzen gara eta Jainkoa doakotasunez. “Zenbat euki hainbeste balio dozu” esaerea, Jainkoak beste honekin aldatu dau: “maite dozun beste balio dozu”.

ZORIONTSUA Jainko hau benetan hartzen dauana!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Poz haundia izango da zeruan, bihotz-barritzen dan pekatari bategaitik"

(Lk 15, 7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue