Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. domekea - 2019.eko Irailaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak, senideok. Geu garan eta dogun guztia emon deuskun Aita-Amak deituta, fede bardinean alkartzen gara ospakizun honetan.

Gaurko liturgiak Jesusen jarraipena proposatzen deusku; Jesusen egiazko jarraitzaile izateko, ha "nahiago" izan behar d" guztien gainetik; ondoren, nor "bakoitzak bere kurutzea hartu eta ondasunei uko egin"; hori da baldintza. Jesusek, barriro ere, ustekabera garoaz; jarraipenak osoa izan behar dauala azpimarratzen dau; ez dau azalkeriarik, erdi-purdizko aukerarik ametitzen. Proposamen argia: Jainkoaren Erreinuaren alde osorik eskeinitako bizitza. Maitasuna, zerbitzua, besteen alde nor bakoitzak bere burua emotea da eskatzen jakuna.

Ospakizun honetan Espirituaren indarrak lagundu deiskula Erreinuaren bilaketan aurrera egiten.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 9, 13-18

Gogoeta sakon bat entzungo dogu. Ikutu daikegunak, ikusten dogunak, kontrolagarriak ihes egiten deusku eskuetatik; errealitatearen aldetxo bat baino ez dogu somatzen. Zelan jarraitu jainkotiar danaren, giza mugetatik kanpora dagoanaren arrastoari? Espirituaren jakinduriak bakarrik eroan gaikez bide zuzenetatik. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Filemon 9b-10, 12-17

Paulo apostoluak gogoratuko deusku: askatasunaren eta egiazko begirunearen dohaia da alkartearen oinarria. Ez dabe balio indarraren eta esklabotzaren arrazoiketak, lagun hurkoa maitasunez, senide lez hartzeak baino. Maitasuna da gizakien artean bizikidetzarako arau nagusia. Bikaina, benetan, apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 14, 25-37

Ebanjelioko pasarte honek dinoenez, ondasunei eta norbere buruari ere uko egin behar deutso Jesusen ikasle izan nahi dauanak. Egiazko jarraipenaren arauak eta ondorenak ezagutu behar ditu Jesusen ikasleak. Harretaz entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Bizia emoten dauan Hitzak argituta, otoitz egin deiogun konfiantzaz Aita-Amari, eta, itxaropen osoz, aurkeztu deioguzan gure beharrizanak.

1.- Eleizaren alde: bizi garan gizarte honetan, ahalegindu daitela Jesusen aurpegi eta ispilu izaten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Agintari guztien alde: egiazko giza askatasunaren alde alkarturik, ahalegindu daitezala ahulenak zapaltzen dituen esklabotzaren kateak apurtzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsuak, baztertuak, gaixoak ikusi dagiezala kristauengan egiazko senidetasunaren ezaugarriak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Jesukristoren jarraitzaile bakotxa maitasunaren eta bakearen, onarpenaren eta parkamenaren, tolerantziaren eta solidaritzaren testigu izan daitela. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteak eta Eukaristia ospatzera etorri garan guztiok: jakin dagigula Jaunaren Hitza entzutea lotzen ona egitearekin, justiziarekin, guztien bizitzaren aldeko konpromisoarekin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; aita batek egiten badau, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denpora zaintzeko eta neurtzeko erabilten dogun ordulari bat dakartsut. Gaur, ikasturte barri baten aurrean gagozala agertu nahi deutsut. Gure ibilbidean, pertsona lez eta sinismendun lez aukera barri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen doguzan mesede guztiakaitik; Zugaz kontatzen jarraitzen dogu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umea, meza-emoilearen ondora doa eta eskuak otoitz egiteko lez batzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer barik, gaur neu eskeintzen naiatzu. Apaltasun ezaugarri lez eta otoitzerako keinu lez, zure aurrean eskuak batu dodaz. Zuri eskeintzen naiatzu, Jauna. Esku hobeagotan ezin neitekenez egon, egizu nigaz, Jauna, zeuk nahi dozuna. Oso-osorik zeurea naz, Jauna.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakartsut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dogu. Gure alkartearen izenean dakartsut; zeu zara alkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipinten dogu gure sinismena eta konfiantzea. Zu kontuan izanez ulertu gura dogu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituan guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin eban antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dogu.

Agurra

Senideok: domekako ospakizunean alkartzeak pozturik, Jesusen ikasle izateko beharrezkoak dirala ikusi eta entzunak bizitzara eroateko asmotan, amaitzera doa gure batzarra. Jesusi jarraitzeak, bizimodu lez, geure buruari uko egitea eta senidetasuna onartzea eskatzen dau. Ez da gitxi. Aste zoriontsua Jesusen jarraipenean eta kristau testigantzan!

Egun honetarako gogoetea

“Daukazan guztiak izten ez dituana,
ezin daiteke nire ikasle izan”




Joan zan domekan, dohaneko maitasuna, apaltasuna eta zerbitzuari buruz berba egin euskun Jesusek. Beharbada, domeka honetako mezua deigarriagoa eta harrigarriagoa da: “Daukazan guztiak izten ez dituana, ezin daiteke nire ikasle izan”.

Jesusen proposamen hau ahalegintzen diran edo aukeratutako kristau batzuena dala esanez nasai geratuko ginan. Baina ez da olan: KRISTAU GUZTION EZINBESTEKO BALDINTZA DA. Eta Jesusen hitzak argiak eta biribilak dira. Nahiz eta bildur pixka bat sartu eta atzera eragin. Duda barik, ebanjelioko orrialde hau gogorra da.

Beste hau ere egia da: Jesus ez da, beratarrentzat eskakizun bereziak daukazan bakarra. Gure inguruan adibide ugari daukaguz. Ustez “gorenean” bizi diran (kirolari, zientzilari...) hainbeste pertsonengana hurreratzen bagara, eta horretara heltzeko zenbat gauza itzi edo baztertu behar izan dabezan itaundu ezkero, ziur, exigentzia edo eskakizun gogorrekin aurkituko garala. Honako andra-gizonentzat eskakizun eta sakrifizio guztiak beharrezkoak dira eta aurretiaz onartzen dira. Hau olan izanez... zer gertatzen jaku KRISTAUOI?

Gaurko liturgiari buru nahiko esan dogu honekin. Jesusen gonbidapena PROBOKATZAILEA da: bere antzera, bizitzaren sortzaile eta erreferentzia puntua dan Jainko Aita-Amaren esanean bizi; baita anai-arreba lez hartzen doguzan gizaki guztien zerbitzuan biziaz mundu barri eta gizakoiago baten alde gure ahalegina egin.

ZORIONTSUAK JESUSEN mezuaz eskandalizatzen ez diranak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuetariko edonok bere ondasun guztiak ukatzen ez badauz, ezin izan daiteke nire ikasle"

(Lk 14, 33)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue