Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. domekea - 2019.eko Irailaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak fede-topaketara zatozen guztiok!

Senideok: Jaunak gaur esango deusku: “Zorionekoa zu, ez dabelako zuri ordaintzekorik”. Dohaneko berbakera hori bitxia eta, zelanbait, ulergatxa egiten jaku. Ahaztu egin dogu zer dan dohanik bizitzea, eta ez dogu asmatzen ez gurerik ezer ez geure burua dohanik emoten. Trukaketa, onura, interesa nagusitu dira gure gizartean. Ia ez dago ezer dohanik. Hala ere, gure bizitzako unerik ederrenak eta beteenak, dohanik bizi ditugunak dira.

Dohantasunaren bidea gogorra da, kontrakarrean ibiltea esan nahi dau, eta geu ere Jainkoaren maitasunaren opari merezigabeak garala jakitea. Hori da Erreinuaren logika, Jesusen alkarte barriaren logika. Eta Jaunarekin egiten gabizan batzar honetaz baliatuko gara, gure bihotza aldatu deigula eskatzeko, dohanik bizitzen erakutsi deiskula.

Orain, bihotza erne, hasi dagigun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak 3, 17-18. 20. 28-29

Bizitzan apalak izatearen, Jainkoaren jakinduriara zabalik egotearen garrantzia gogorarazten deusku Testamentu Zaharreko jakintsuak. Geure buruarekin ados bizitzea, bake eta ongizate-bidea da; geure burua, argi eta kerizpe guztiekin, dan lez, opari lez onartzea proposatzen deusku. Jainkoaren islada gara. Gogoeta xume eta eder honeek merezi dabe gure harrera.


2. irakurgaia: Hebertarrai 12, 18-19. 22-24a

Irakurgai honek, Itun Zaharrean bildur santua egoala gogoratuko deusku; Itun Barrian ostera, konfidantza nagusitzen da. Jainkoak, “Israelgo pobreak” Jerusalemera daroaz, eta bihotzez apal et behartsu diranak lehen-semeen batzarrera. Entzun daigun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 14, 1. 7-14

Gizakiok geure burua goratzen zaleak gara. Apaltasunaren espirituan oinarritzen dan gizartea eraiki nahi dau Jesusek. Apaltasuna eta eskuzabaltasuna dira Jesusen ikaslearen ezaugarri bi. Benetan interesgarriak Maisuak egindako gogoetak. Entzun daiguzan.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen antzera, jo dagigun uste osoz Jainko Aita-Amarengana eta aurkeztu deioguzan gure eskariak eta preminak.

1.- Eleizako kide guztien eta batez be hierarkiaren alde: apaltasun espiritua biziz eta horrela jokatuz, behartsuenen alde egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Indar politikoa, ekonomikoa eta soziala euren eskuetan dabezanen alde: zuzentasuna izan dagiela eragile eta ahalegindu daitezala gizakien arteko desbardintasunak ezabatzen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Babesgabeen onerako lanean ahalegintzen diran gizon eta emakumeen alde: Jaunaren Espirituak eta graziak lagundu deiela eta zaindu daizala euren zereginean. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pastoral ikasturte barrirako prestatzen gagozan sinismendun guztion alde: behar dan erantzuna eta laguntza emoteko beti prest eta pozik egon gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: jakin dagigula behartsuak onartzen. Dogun guztia Jainkoarengandik hartua dogula konturaturik, behartsuen duintasunaren alde lan egin dagigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KATILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egiten dau. Katilua hutsik dago; sinismendun lez betetzen joateko konpromisua hartzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honegaz, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi deutsut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diran askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gagozala agertzen deutsut. Eurak barik txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete egizuz gure bihotzak zure graziaz.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Ez da lehenengo aldiz egiten doguna. Otoitz talde edo arduradunik balego, ondo legoke bertako kide batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Biblia hau dakartsut, Jauna; hemen dago guretzat idatzitako zure Hitza. Zuri entzuteko beti prest gagozala agertu gura deutsut. Jauna, ez zaitez inoiz ere isildu. Bialdu eiguzu gure bizitzak argitzen dituen zure Hitza. Eta ikutu egizuz gure bihotzak, zure Hitzetara beti zabalik egon daitezan.


ALBISTE ON BATEN AURKEZPENA

(Azkenengo egunetan egunkarietan edo telebistan agertu dan zerbait. Pertsona heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik albiste on hau dakartsut. Gizakiok ez dogu dana txarto egiten. Zure graziaz on egiteko gaitasuna dogu. Ez daitela izan salbuespen bakarra. Emoiguzu, Jauna, albiste onak sortzeko gaitasuna eta gizarte hau eraldatuz betiko biziaren seinaleak sortu eta ikusi daiguzala.


EZKONDU BATZUEN AURKEZPENA

(Parrokian bizi diran zaharrenak edo azken ezkondu diranak egin leike. Euretariko batek dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kristau andra-gizon lez gure maitasuna eta konpromezua eskeintzen deutsuguz. Gauzak hain errez apurtu eta maitasuna desagertzen dan mundu honen erdian, Kristo eta Eleizea betirako lotuta dagozanen ezaugarri izan nahi dogu. Hain zuzen, gure maitasuna egunero bizitzeko, lotura horretatik hartzen dogu Zugandik behar dogun indarra. Egizu, Jauna, ezkonduok sakramentuaren graziari esker, gure seme-alaben benetako hezitzaileak izan gaitezala.

Agurra

Senideok: erratua litzateke bakez bizi garalako, adiskide eta senideen artean ondo moldatzen garalako, gonbidatu gaikezanekin ondasunak konpartitzeko gauza garalako, hau da, aurrerago norberarekin eskuzabal izan daitekezanekin bihotz haundiko garalako, Jesusen alkarte barrikoak garala uste izatea.

Jesusek dohantasunean bizitzeko, kontrakarrean jokatzeko, trukean hartu barik emotearen testigu izateko dei larria egin deusku. Jainkoaren maitasuna da GURE ESKOLA, guk merezidu barik gainera isurtzen jakun Jainkoaren maitasuna. Dohanik hartua dohanik emotea da kontua. Bestearen onaren eta zoriontasunaren bila ibiltea, hori da zoriontasunerako bide ziurra. Aste konprometidu eta zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoetea

“Hartu egizue nire buztarria
eta ikasi Nigandik: bihozbera naz eta apala”




Barriro ere, munduko eskematan, eta nork jakin gureetan, ondo egokitzen ez dan bidea proposatzen deusku Maisuak. Izan ere... nori gogoratzen jako “azkeneko lekua hartzea” edo “bere burua beherazten dauana goratua izango dala” eta antzerako gauzak esatea; edo bazkari bat emoterakoan behartsuak edo trukean ezin dabenak bihurtu konbidatzeko, DOHAKO MAITASUNAREN ezaugarria hori dalako...

Guzti honekin, gure kristau izatearen oinarrizko alderdi bi eztabaidan ipinten ditu:

+ DOHAKO MAITASUNA da gurea? Bai ala ez? Behartsuei egiten deutsegun mesedea inoiz ez deuskue bihurtuko. Maite gaituana maitatzea, gurekin gozo diranekin gozoa izatea, norberekoi hutsaren konportamentua izan daiteke. Horren ordez, Jesusek beste hau dinosku: “Hartzean barik emotean dago zoriontasun haundiagoa”.

+ ZERBITZUA, APALTASUNA, nire bitzako jarrera nagusia da? “Igotea”, ondo ikusia izatea azkeneraino burrukatzen dan mundu honetan, zer esan nahi ete dabe Jesusen berba honeek: “bere burua beheratzen dauana, goratua izango da”?

Ulertu nahi dauanak ulertu daiala. Eta berari jarraitzeko prest dagoanak, bere indarra eta konbidapena sentituz, adi-adi entzun dagiala: gure erantzuna olan bakarrik izan leiteke benetakoa.

ZORIONTSUAK, ULERTUZ, JARRAITZEN DEUTSOENAK!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zorionekoa zu, ez dabelako zuri ordaintzerik"

(Lk 14, 14)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue