Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. domekea - 2019.eko Abuztuaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: Kristau alkarte garalako, gure fedea alkarren artean ospatzera etorri gara, Kristoren jarraitzaileak garala oso gogoan dogula.

Jesusi gaur jarraitu esaten dogu sarri, baina hari jarraitzeak dituen eskakizunak atzera eragin dagikegu, “giroak” sarri errezenera bultzatzen gaituelako. Adorerik eza eta ohikeria odolean sartuak lez daroaguz.

Domeka honetako liturgia, barriz ere, eskakizunetan datorkigu; aldi berean, “Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen”; hau da, Jesusek eskeintzen daben Ebanjelioaren atetik sartzeko esango deusku. Hori da Jainkoak egiten deuskun deia. Gizaki guztiak salbatu daitezela nahi dauan Jainkoak dohainik egindako eskeintza da.

Jainkoaren Hitzaren itaunak zirrikatu gaizala bihotzean, eta berehala sentiduko dogu Jaunaren deiaren indarra.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 66, 18-21

Jainkoak gizaki guztiak batu eta salbamena orokorra dan ezkero, inor baztertu barik, bere dohaia guztiei eskeintzeko ardura agertzen deusku Isaias profeteak. Aldiak betetzen diranean hauxe da Nazareteko Jesusengan egi bihurtuko dan mezu itxaropentsua. Onartu dagigun mezu eder hau.


2. irakurgaia: Hebertarrai 12, 5-7. 11-13

ZUZENKETAK dakarzan fruitu bi gogoratuko deuskuz Hebertarren egileak zati honetan: Jainkoaren bizi bardinean parte hartzea eta bere seme-alabei eskeinitako ondarea lortzea. Bizi plan osoa eta zelan jokatu eskeintzen deuskuz. Edegi dagigun gure bihotza eta onartu proposamen hau.


Ebanjelioa: Lukas 13, 22-30

Jesus Jerusalengo bidean agertzen jaku ebanjelioko pasarte honetan; bizitza osorik eta borondatez eskeintzera doa. Salbamena guztientzat dala, eta Ebanjelioak ipinten deuskun bizitzako atetik sartzeko neurriak hartzea guztion egin beharra dala dinosku. Bere proposamena dogu. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen jokabideari jarraituz, jo dagigun uste osoz Jainko Aita-Amarengana, eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1.- Eleizaren alde: maitasunaren eta herrien arteko alkartasunaren oholtza izan dadila, eta transmititu deiegula Jainkoak bakoitzari deuskun maitasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Lehen Munduko nazinoen alde: ahalegindu daitezala bakearen alde, euren aberastasuna banatuz eta Hirugarren Munduko herri guztien garapena bultzatuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Arraza, ideiak edo erlijinoa dala-eta sufritzen dagozan guztien alde: horreen atsekabeak ireki daiala gizartearen bihotz erkina, eta garana eta daukaguna banatzera eroan gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gehien jasaten dabenen, bakarrik eta gaixorik dagozanen, behartsuenen alde: kristauen artean aurkitu dagiela onarpena eta solidaritatea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteen eta ospakizun honetan gagozan guztion alde: gure maitasuna zabaldu dagian, eta inolako bereizketa barik, gure bihotzean gizaki guztiak aterpe beroa izan dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATEO AGIRIAREN AURKEZPENA

(Alkarteko heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Bateoko AGIRI honekin, Zuk nahi dozuna eginez bizitzeko nire eta hemen gagozanon konpromisoa agertzen deutsut. Bateatuta gagozelako edo zure Hitza entzuten dogulako ez dagigula pentsatu salbatuak garanik, zure Ebanjelioa gure bizitzetako bide lez hartzen dogulako baino. Gure eskeintza eta ahalegina onartzen dituzun ezkero lagundu eiguzu zure graziaz.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo barik)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten deusut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dot. Bizi usaina da, Biztuerearen lurruna. Eta Alkarte osoaren izenean eskatzen deutsut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure berbeten, gure bizikeren eta jokabideen bitartez, Jesus berbiztuaren bizi barriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezala.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiagaz hurreratzen dan aita batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituan mahats mordo hau dakartsut. Errama ahul batek garaun ezbardinak batu eta lotzen dauz; gure familietan ere ezbardinak gara, baina batasunean bizi nahi dogu. Gurari hau eskeintzerakoan, zure laguntza eskatzen deutsugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezan.


BATEOKO OSKOL TXIRLAREN AURKEZPENA

(Alkarteko arduradunak edo Bateoetako arduradunak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bateoetan ura botateko erabilten dogun oskol hau dakartsut. Keinu honegaz, eskerrak emon gura deutsudaz, zure seme-alaba izateko eta zure zerbitzurako aukeratu gaituzulako. Gure meritu bakarra zure eskuzabaltasuna da. Horregaitik, gure eskerrik beroenak.

Agurra

Senideok: Ospakizunean parte hartzea eta Ebanjelioko Jesusen hitzak ohar zorrotza dira kristauentzat: “Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen”; borrokatu beharra dago, ez gaitezala geratu besoak batuta, dana arriskatu behar da. Ebanjelioa zabalik dago Jesus Jauna dala sinisten eta autortzen daben guztientzat. Berak lagunduko deusku Jainkoaren Erreinua eraikitzen, gure senideekin, anai-arreba giroan bizitzen. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Ni naz bidea, egia eta bizia;
ez doa inor Aitagana nire bitartez ez bada”




Aurrez jakin ezina dana irakasten dau Jesusek; nondik urtengo dauan ez dakizu. Eta sarritan deserosoa eta kezkagarria da bere mezua. Adibidez, “azkenak lehenak izango dira”. “Judutar izatea” Jesusentzat ez zan izan salbamen atea zabalik aurkitzea (bere herritar askok uste eben lez); beste hainbeste esan daikegu “bateatuta egotearekin”, edo sakramentuak hartzearekin.

Guk Berarekin benetan eta barrutik BAT EGITEA bilatzen dau Jesusek, horrek SINISMEN bizi eta arduratsua eskatzen daualako: hori da BIDEA. Salbamenari buruzko itaunen erantzuna hemen dogu.

+ Ez da Jainkoari buruz berba egitea, Berari buruzko “gauzak” baieztatzea, bere deiei IREKIAZ, Jaunaren ontasuna norberen barruan sentitzea eta edozein unetan Berarengana hurreratzea baino.

+ Ez da etikako betebeharrak ezagutzea eta kristau aginduak zorrotz betetzeko eskatzea, Jesusen jarraipena norberak bizitzea baino.

+ Ez da ortodoxia asuntoa, Ebanjelioaren eskakizunak bizitzea baino.

+ Ez da “iraultza egitea”, senideagoak izatea eta behartsuengana hurreratzea baino.

“Azken batzuk lehen izango dira
eta lehen batzuk azken”

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eguzki-sortzaldetik eta sartzaldetik... etorri eta maian jarriko dira, Jaungoikoaren Erreinuan"

(Lk 13, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue