Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. domekea - 2019.eko Abuztuaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok.

Senideok: Eukaristian, Jesusegaz gure kristau bizitzako ogiaz, asetzen gara. Erne bizitzeko esango deusku gaurko liturgiak; erne bizitzea da kristauaren ezaugarrietako bat, itxaropenera irekiak bizitzeko aukera emoten daualako.

Gure bizitzan, sarri, ohikeriaz jokatzen dogu. “Bizi gara-eta” esan ere esaten da, eta ez gara konturatzen noraino dan jarrera ezkorra berba bi horreetan emoten dana. Fededunok gitxitan gelditzen gara zer eta zergatik egiten gabizan pentsatzeko. Gaur, Jauna barriz urtengo jaku bidera, eta "adi, erne egon" behar dogula esango deusku, bizitzako gertaerei fede begiz begiratuta, egiten dogunari zentzuna emonda, gure ibiltea bizkortuta.

Pozez beterik, hasi dagigun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinturia 18, 6-9

Jainkoaren herriak Egiptotik urten aurretik ospatu eban pazko afariaren oroigarria egiten dau Jakituriaren egileak. Israelek barriz irakurten dau bere historia, fedean irauteko. Nor bakoitzak bere sustraiak aurkitzeak, lagundu egiten dau fedearen bide horretan. Onartu dagigun Israelgo jakintsuak eskeintzen dauskun gogoeta.


2. irakurgaia: Hebertarrai 11, 1-2. 8-19

Hebertarrei zuzenduta epistolaren egileak atal osoa eskeintzen deutsez fedeari eta iraupenari. Giza itxaropen guztien aurka, Jainkoaren agintzarietan sinistu eban Abrahan ipinten dau eredu. Fedeak ez gaitu geratu azoten, aurrera begiratzera eragiten deusku. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 12, 32-48

Itxarotea da kristauaren funtsezko jarreretako bat. Jainkoa edozein unetan etor daiteke. Itxarote-aldia, erantzukizun pertsonala lantzen dan aldi emonkorra da. Beila iraunkorra da oraingo aldia, Jauna etorri arte. Entzun dagigun gogoeta hau.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen jokaerari jarraituz, jo dagigun uste osoaz Jainko Aita-Amagana, eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1.- Eleizaren alde: beti Jainkoaren Hitzari adi eta aldien zantzuetara zabalik bizi daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien eta, batez be, gertuenak ditugunen alde: ahalegindu daitezala giza eskubideen alde eta zuzentasuna ipinten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Egun honeetan oporretan dabiltzanen alde: familiaz, adiskideekaz eta izadiaz gozatzeko aukera izan dagiela, baina ahaztu barik, badirala bakarrik bizi diran pertsonak be. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gehien sufritzen dabenen, bakarrik bizi diranen, gaixoen eta behartsuenen alde: aurkitu dagiela beti gugan onarpena, maitasuna eta laguntza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Alkarteak eta gu bakoitza fededun leialak izan gaitezan, eta bizia ez dagigula alperrik galdu ohikerian eta nagikerian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TELEBISTAKO EGITARAUA DAKARREN ALDIZKARI BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, telebistako egitarauen aldizkari hau dakartsut. Honekin, gure munduak eta gizarteak goratzen dituen baloreak gogoratuz, horren aurka ezer gitxi egin daikegula agertu nahi deutsut. Ebanjelioko baloreak beste era batekoak dira eta zuk bizitzeko eskatzen deuskuzu. Bizi nazan, lana egin eta atsedena hartzen dodan tokian zure baloreen lekuko izateko konpromezua eskuratzen dot.


HONDARTZAKO TOALLA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte edo heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure gizarte honetan, eguzkia hartzea, “itxura zaintzea” desio haundi bat da eta horren bila gabiltza. Udaldiaren ezaugarri lez eskeintzen deutsugu toalla hau. Atsedenaldiak, Zugana, munduaren Sortzailearengana hurreratu gaizala, baita bake eta barruko lasaitasuna beharrean sentitzen dan norberen bizitzara. Opor aldian indar barriturik, gogo onez eta pozez ekin deiegula lan-urte barriari.


HATX HARRI BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, hatx harri honegaz, gure indarra eta aterpea zarala autortzen dogu. Baretzen gaituan eta zure bakea dakarskun hitza entzun nahi dogu. Inguruak ez deusku eskeintzen giro hori, baina guk holan bizi nahi dogu. Zure Seme maitearengan daukagun sinismenean sakonduz, bere laguntza sentidu deigula gure ibilbidean.

Agurra

Senideok: entzuna dogu erne bizitzera gonbidatu gaituen Jaunaren Hitza, senideen preminetara begira jokatzeko eskatzen deuskuna. Jarrera horri eutsi behar deutsogu gure gizartean; nire atera deitzen dauanak, Jesusek berak egingo leuskion harrera aurkitu daiala: aurre iritzirik bakoa, irekia, gertukoa. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Adi eta zuhur egon,
Gizonaren Semea gitxien uste dozuenean etorriko da ta”




Jesusen ikuspegian ipinten bagara, bere proposamena argia da:
+ sinismendun lez, bizi zaitez konfidantzan
+ “zure altxorra dagoen tokian, hantxe zure bihotza ere”
+ “prest egon”: hau da, adi dagoenaren jarrera.

Domeka honetan, Jainkoaren Hitzak emoten deuskun mezua dogu. Eta ez dago ihesbiderik; lehen ere ez (Jesusen aldian), ezta gaur ere (gure egunotan); zintzoak izan nahi badogu, behintzat. Irizpide horreekin eta horrela bizitzea ez da batere erreza!

* Gaur egun, materialismoak, ondasunen egarriak irentsi gaitu... zelan bizi gure konfidantza osoa Aita-Amagan ipiniaz? Jesusek horixe eskatzen deutse bere jarraitzaileei: Aita-Amak Erreinua emoten deusku.

* Gaur egun, hainbeste gauza behar ditugu bizi izateko... atsegin erreza, erosotasuna, “bizitza lasaia” sortzen daben gauzetan zelan ez “ipini gure bihotza”? Eta Jesusen proposamena: “saldu zuen ondasunak eta limosna emon”.

* Gaur egun, askoren desio haundi bat “itzi nagiela bakean” dogu... eta Jesusen proposamena beste hau dogu: Jaunaren zain dagozanen antzera adi eta zuhur egon.

Argi dago: Jesus gure bizitza korapilatzera dator! Zer egin?

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egon zaiteze gertu"

(Lk 12, 40)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue