Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 18. domekea - 2019.eko Abuztuaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak sinismen eta senidetasun batzar honetara.

Gure kristautasunak eskatzen deuskun erara bizi ahal izateko Jainkoaren Hitza lagungarri izango dogu gaur ere.

Ondasunak larregikeriaz ibiltzeak bere arriskua dauala gogoratuko jaku, Jainko Aita-Amaren seme-alabak eta gure artean neba-arrebak garala ahaztuz gure senide erlazinoak apurtzeko arriskua daualako. Kontuan hartzekoa da: dirua eta ondasunak nagusi diran pertsona batengan, Jainkoak ezin dau bere erregetza agertu.

Senideok: Jainkoak gutariko bakoitzari hitz egin nahi deusku eta adi egotea dagokigu. Hasi dagigun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Kohelet 1, 2; 2, 21-23

Mundu honetako gauzak hainbeste buruko min eta neke emoten deuskuela, horreen bila arduratzerik balio ete dauan itauntzen deutso Israelgo jakintsuak bere buruari. Eta ondoren hau ateraten dau: dana da huskeria; ez dau merezi horreek eskuratzeko eta geureak egiteko horrenbeste nekatzerik. Gauza materialak ez deuskue behin ere zoriontasunik emongo. Entzun dagigun beren gogoeta.


2. irakurgaia: Kolosaskoai 3, 1-5. 9-11

Egiaz baliotsu diranetan, Jainkoaren gauzetan, bihotz-begiak jarrita bizitzera gonbidatzen gaitu Paulo Apostoluak. Baina Jainkoarengan eta Jainkoarengandik bizitzeko, bateotik eta Kristorekin egindako topaketa pertsonaletik datorren bizi barria esperimentatu behar da. Entzun dagigun beren gogoeta.


Ebanjelioa: Lukas 12, 13-21

Irakurriko dogun ebanjelio zatia, Lukasen ebanjelioan mundu honetako ondasunei buruz Jesusek esandako irakatsiak dira. Eta ondorena argia da: ondasunak pilatzeak ez dau ezertarako balio; ondasunak pilatzeaz bakarrik arduratzen dana burubakoa da. Hauxe dogu gaurko ebanjelioaren mezua. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesus eredu dogula, jo dagigun Jainko Aitarengana, eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1.- Eleizaren alde: Jainkoaren Erreinuko ondasunetan begiak dituela, behartsuenen alde bizia emon beharraren testigu izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien alde: alkarrizketarako bideak aurkitu eta zabaldu daiezan, eta lortu dagiela lurreko ondasunak guztien artean zuzentasunez banatzea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko gaixoen, baztertuen, aintzat hartuak ez diran guztien alde: sentidu daiela hurretik Jesusen jarraitzaileen solidaritatea eta beroa. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauok, Jesus hil eta berbiztuaren testigu izanez, gure ondasunak gizaki guztien onerako erabili daiguzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Fededun guztion alde: gure ezaugarriak solidaritatea, senidetasuna, onarpena eta bakea izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



DIRU-POLTSA HUTSAREN AURKEZPENA

(Alkarteko gizonezko heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Diru-poltsa hau hutsik dago, Jauna; Zu euki ezkero beste dana bigarren maila baten gelditzen da. Dana dala, tentaldiak ere ugariak dira, Jauna, eta ez da erreza zuri bihotz-bihotzez eta adimen osoz jarraitzea. Jauna, zure grazia eta laguntza eskatzen deutsuguz.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Alkarteko etxeko andre batek aurkeztu daike. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezan lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dodan tresna dakartsut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen dauan tresna da. Jauna, ez gaitezala jausi kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituan sasi-baloreetan. Zure argia behar dogu itzarrik egon gaitezan; emoiguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


KIMATZEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inausteko guraize honeek dakartsudaz. Badakigu zertarako diran: sobra dagoana kenduz, bestea indarbarritu. Zure Semearen jarraitzaileok ere gauza askori ezetza emon behar deutsagu, frutu ugariak emoteko gai izan gaitezan. Ebateak min emoten dau, baina zure Semeari jarraitzeko mesederako izan jakula, bere Ebanjelioa bizitzeko.


JAI EGITARAU BATZUEN AURKEZPENA

(Familia batek aurkeztu daike eta kide batek esaten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure herriko jaien egitaraua aurkezten deutsugu eta honekin batera gure herrietako jaiak gogoan ditugu. Ez gaitezala gelditu kontsumoan, zaratan eta soinuan. Jaietan bizi dagigula famili giroa, alkarrizketa, bakea eta senideekazko adiskidetasuna. Herriko jaiak baikor eta pozez bizitea emoiguzu.

Agurra

Senideok, gizakiaren bizitza zentzuzkoa eta aberatsa da Jainkoaren aurrean, Erreinuaren preminen araberako lehentasunak finkatzen jakin dauanean. Gure bizitzaren ardatz honako honek jarri behar dau: ebanjelioaren araberako helburu argiak eukitea, Erreinuarekin nahasten dan zeru ertza izatea, Jainkoaren nahiaren adierazpena eukitea... horrek egiten gaitu aberats. Gainerako guztia, gure nahierarik sakonenetan bide galdutik ibiltea da.

Baina Erreinuaren eskakizunen arabera bizitzeak, kontrakarrean aritzea eskatzen dau, gure gizartean nagusi lez azaltzen diran balioei lepoa emonez bizitzea. Jaunaren indarra behar dogu leialtasunez bizitzeko. Jaunak eutsi deigula, bizkortu gaizala gure ibilian. Aste zoriontsua eta ebanjelio testigantza oparoa!

Egun honetarako gogoetea

“Zoriontsuak espirituz behartsu diranak
eurena da eta Zeruetako Erreinua”




Jainkoaren Hitzaren aurrean ipinten garanean, batzuetan zirikatu eta noizik eta behin zapaldu ere egiten gaitu. Eta ez zerbait berezia esaten daualako, esaten dauana gordintasunez esaten daualako baino. Eguneko edo esaldi arrunta egiten jaku sarritan abesten dugulako “Jaunaren Hitza gure argia...”: Jainkoak horrela onartzen dau baina baita ere astindu.

Domeka honetako irakurgaiak, zuzen-zuzen, iruzurrean bizi ez gaitezan gure bizitzak argitzera datoz. Benetako gaia hau da: GURE BIZITZAREN ZENTZUNA eta gauzak, ondasunak, lur-ondasunak, aberastasunak, kontsumoak eta abarrek daben lotura.

Alde batetik munduak dinosku, “dozun neurrian balio dozu”; bizitzak sarritan agertzen deusku, “kanpo eder eta barruan pobre”; gaurko Jaunaren Hitza egoera horreek salatzera dator. Larregikeriak eta aberastasunak egiten dauan minarekin eta sortzen dauan solidaritate ezarekin ohartzen gaitu Jesusek bere oinarrizko planteamenduan. Horregaitik bere gonbidapena hau da: “Emon zure dirua pobreei eta jarraitu egidazu”. Hau da, BANATU ETA BIZI: zure gordailurik ederrena bizia dozu eta bizi zaitez; emon egizu, ez gorde, gordetzen badozu galdu egingo dozu.

Benetan, Jesusen planteamendua guztiz barria da. Ebanjelioa honela amaitzen da: “norberentzat aberatsa dana, Jainkoak nahi dauanerako ez da aberatsa”. Guzti hau guretzat esanda dagoela, argi dago: ondasunak pilatu eta Jesusen bizitzako proposamena “ez dira lotzen”. Argi ibili!

ZORIONTSUA, BANATUZ bizitzen dakiena:
Jesusen egitasmoa BERE GOZAMENA izango da!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Atondu dozuzan gauzak, norentzat izango ete-dira?"

(Lk 12, 20)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue