Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. domekea - 2019.eko Uztailaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Jainkoaren izenean ondo etorriak ospakizun honetara.

Sarritan bizi gara ezertarako astirik ez dabenen antzera, baina gure bizitza bete barik. Gauza asko egiten ditugu, baina ez gaitue egiaz asetzen. Marta dirudigu, eguneroko lanak itsututa. Jesusek, gaur, bizitza beste era batera, Beraren ERARA bizitzera gonbidatzen gaitu.

Jainkoari irekita egon (Abraham lez), edo-ta Jesus Bera onartu (Mariak egin eban lez) dira gaurko ospakizunaren exigentziak. Jainkoaren presentziaz jabetzeko, hari gure ostatua eskeintzeko, bihotza erne dogula bizitzeko eskatzen jaku.

Hasi daigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 18, 1-10a

Testamentu Zaharreko pasarteak dinoenez, Abrahanek, sinismendun gizona eta harrera onaren asaba, bere denda aurretik pasatzen diran hiru gizon onartzen dauz. Jaunak Abrahanen dendea ikusten dau eta bizitzaren dohai ederra emoten deutso: seme bat izango dau, agintzariaren semea. Eguneroko jazoeratan Jainkoaren eskua ikusteko kontaketa erreza eta ederra. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Kolosarrei 1, 24-28

Paulo apostoluak, Kolosaskoai egindako gutunean, ezin dau gorde Kurutziltzatuaren testigu izateak emoten deutson poza eta alaitasuna. Paulo Elizaren zerbitzari bihurtzen da, Jainkoaren seme-alaben, senideen egiazko Alkartea dalako Eleiza. Entzun dagigun adi.


Ebanjelioa: Lukas 10, 38-42

Ebanjelioko pasarteak dinoenez, Jesusen mezua entzutea, onartzea, horren barritasunez gozatzea, hori da alderik onena. Mariak ondo ulertu dau Jesusek dakarren barri ona, eta horretan buru belarri sartzea nahi dau. Marta ikaslea da, Hamabiak lez, baina Martak Legeari, ha betetzeari lotuta darrai, hori ikusten dau leial izateko bide bakarra. Oraindik ez da jabetu Jesusen mezuaren barritasunaz. Entzun daigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen exenpluari jarraituz, jo dagigun konfiantza osoz Jainko Aitagana eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1.- Eleizaren alde: hitzez eta keinuz Jesusen mezuaren barritasuna zabaldu daiala, eta horrela Jainkoaren Erreinuaren testigu argi izan dadila. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintari guztien alde: euren erantzukizuna betetzean, behartsuenen justizia eta ona bilatu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Edozergaitik sufritzen dagozanen alde: guregan aurkitu daiela onarpena eta poza. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gaurko gizartean karitatea, harrera ona eta adiskidetasuna baloratzen eta bizitzen ikasi dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garanon alde: gure eguneroko lanak otoitzarekin alkartzeko gauza izan gaitezala, gure bizitzak Jaunaren presentziaz bete daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erreza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Alkartearen izenean, enbor hau dakartsut, Jauna; Eleizearen sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti barria da. Badakigu maitasunez emon deuskuzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zagozala. Zure laguntza eta indarra behar doguz zure hitza eta gurariak bete daiguzan. Eleiza honek, Zuk nahi dozuzan maitasunezko eta zuzentasunezko frutu ugari emon daizala.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek esku biak katilu antzera batuta eta hutsik erakusten dau eta hau dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, esku huts honekin, zeu zarala gure betetasuna eta guk ez daukagula ezer agertu gura deutsut. Ebanjelioak agertu deuskunez, bakar-bakarrik gure borondatea zure grazia onartzeko. Zuk beteko dozuzan itxaropenez, esku huts honekin horixe eskeintzen deutsut.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Gizon heldu batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, erlojupean, presaka, heldu ezinik, “estresatuta” bizi diran hainbeste andra-gizonen ezaugarri lez dakartsut erloju hau. Niretzat eta hemen gagozanontzat konpromiso hau eskuratu gura dogu: arazo sortzaile barik, atseden eta baretasun sortzaileak izatea.


INAUSTEKO ARTAZIEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek inausteko artaziak aurkezten dauz)

OTOITZA – AZALPENA: Nik inausteko artazi honeek dakartsudaz, Jauna. Danok dakigu zertarako diran. Alperrik dagoana kenduz, bizi barria eta indartsuagoa sortzen da. Zure Seme Jesukristogaz bat eginez, guri ere inauste ordua helduko jakula dakigu: berbizteko hil beharra daukagu. Inausteak, Jesukristori lotuago egoten, berak hasitakoa jarraitzen eta Beragaz bat egiten lagundu deiskula.


MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gazteok, musika entzuteko asko erabilten doguzan kasko honeek dakartsudaz, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo lez aurkezten deutsuguz. Bakardadea, laguntasunaz konpondu daitekean ezkero, konpromiso hori geureganatu gura dogu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.

Agurra

Senideok: ENTZUTEN ikasi beharra dogu, isiltzen ikasi beharra, hainbeste presari agur esaten, hainbeste larritasuni ihes egiten, gure barruan lasai gelditzen, geure buruari egia esaten, gure inguruan bizitza sentitzen, jendeekin bat etorten, Jainkoaren dei isila entzuten.

Gure bizitzaren atal bat isilik egoteari, besteen poz eta atsekabeak entzuteari, Jainkoaren samurtasunaz jabetzeari emonak bizi behar dogu. Orain hasten dan aste honetan, ahaleginduko ahal gara isiltasuna bizitzen, gure egiarekin topo egiten, Jaunaren aurrean egoteko asti bila ahalegintzen?

Egun honetarako gogoetea

“Zoriontsuak bihotz haundiz eta emonkorrez
Jaunaren Hitza gorde eta zainduaz frutua emoten dabenak”




Domeka honetan ere Jesus Jaunak deituak izan gara eta bere etxean onartu gaitu Berak. Bere mahai ingurura gonbidatzen gaitu, guk ere besteak onartu daiguzala eskatuz (olan agertu jaku lehenengo irakurgaian). Berak, Mariaren jarrera eskeintzen deusku: “Jaunaren oinetan jarrita, bere hitza entzuten eban” (Gaurko ebanjelioa).

Laburpen hau, Jesusen jarraitzaile izan gura dogunontzat, esanguratsua da eta gonbidapen bat dauka: kristau izatea horretan datza. Hortik Paulo apostoluak dinoskuna: “Poza dot orain, zuen onerako eroaten dodazan nahigabeakaitik; holan beteten dodaz nire haragian Kristoren nekeak”. Inork dudarik balitu, hain lotuta dago apostolu haundi hori Jaunagaz, senideen alde bere izatea osoa eskeintzeko prest dago. Hauxe da Jaunagandik hartu dauan eginkizuna eta anai-arreben benetako askatasunerako bere osotasunera eroan gura dau.

Berari entzun eta bere hitzen indarrak gure barrua “hartu” daiala (Mariaren antzera); Kristok dakarskun benetako askatasuna gauzatzen ahalegindu (Pabloren antzera): hauxe da domeka honetako gonbidapena. “Ordago”! Nork hartuko dau?

Besteak ONARTUAZ aste zoriontsua!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Mariak, Jaunaren oinetan jesarrita, bere hitza entzuten eban"

(Lk 10, 39)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue