Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. domekea - 2019.eko Uztailaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara, Jesusen mahai inguruan.

Jesusek gizaki guztiei egindako deia ekarten deusku Eukaristiaren ospakizunak. SAMARIAR ONAREN parabola da gaurko ebanjelioaren edukia. Horren bitartez, Jainkoak sorreratik emondako askatasun osotik, erantzun bat merezi dauan deia jasotzen dogu.

Baina Kristo ere, Samariar on lez, gure bila urtengo da, gure zauriak eta ahuldadeak osatzera. Itaun serioa egin deiogun geure buruari: gaur, nor dot lagun hurkoa? Izan ere, asko dira gure inguruan sufritzen dagozanak, lagundu eta altxatu…, osatu beharrekoak, gure hurtasuna eskatzen dabenak. Nire lagun hurkoa nor dan aurkitu behar dot.

Aurrera! Ondo begiratuz gero, guztiok dogu zeregina besteen zerbitzuan. Zorionekoak “hurkoak” gertatzen direnak, lagun hurkoak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 30, 10-14

Liburu zaharrak gogoratzen deusku Legeko lehen agindua: “Entzun egizu Jainkoaren abotsa”. Beste guztiak hori dabe ardatz. Jainkoaren abotsari men egitea, zorionean bizitea da. Aginduak ez dira kanpotik ezartzen, bizi egiten dira, bihotzean eroaten dira idatziak. Onartu dagigun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Kolosarrei 1, 15-20

Irakurgai honek, Kristoren omenezko ereserki honek, Pauloren beste ereserki batzuek lez, Jesukristoren jainkotasuna abesten dabe: sekulako barritasun hori deskribatzeko Kristo kreatzailea, Kristo eroslea, Kristo adiskidegilea alkartzen dira. Entzun dagigun bihotz onez eta arreta biziz.


Ebanjelioa: Lukas 10, 25-27

Ebanjelioko pasarte honek dinoenez, beste pertsonengana hurreratzen dana da lagun hurkoa. Laguntza beharrean dagoan hurkoaren aurrean hartutako jarreren azalpen harrigarria da parabola hau. Jesus da Samariar ona. Horren sentimenduak izatera, horrek egina egitera gonbidatzen gaitu. Onartu dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen exenplua jarraituz, goazen konfidantza osoz Aita-Ama Jainkoagana, eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1.- Eleizeak Jainkoaren handitasuna, ez urrutiko hitzez, Samariar on lez hurreraturik baino, adierazten, zauriak osatzen, bihotz minduak pozten, solidario izaten jakin daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Nazinoetako agintarien, batez be hurrenak ditugunen alde: guztien artean, adiskidetzearen, zuzentasunaren eta bakearen alde egin dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Pobreen, behartsuen eta gaixoen alde: gure laguntzaz eta maitasunez, aurkitu daiela Kristoren aurpegia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Eleizan zaharren eta gaixoen zerbitzu eta arretaren karisma dabenen alde: behartsuenganako konpromisoa ilusinoz eta bihotz zabalez bizi dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Alkartearen alde: guztiak maitatuak, onartuak sentitzen diranen alkarte-etxe izan daiten. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEKO NAHIGABEEN AURKEZPENA

(Alkarteko buru danak egiten dau. Gaixo, zahar eta alkarteko kideen beharrizan ezbardinak aipatu leikez. Betiko hitzetan jausi barik, ondo prestatzea merezi dau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jauna eta Aita-Ama: alkarte honek pairatzen dauzan nahigabe eta beharrizanak aurkeztu nahi deutsudaz. Zuk bihotz onez hartu daizuzan zure Seme Jesukristoren oinazeekaz bat egin nahi dogu. Besteen zauriak ikusteko eta osatzeko adi egon gaitezala eskatzen deutsugu; samariar on lez, bidean jausita dagozanen ondotik ez deigula beste barik aurrera egin.


ORIOAZ BETETAKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun pastoraltzan dabilan batek egitea ondo legoke; eta bestela, gaixo, adineko edo ezinduren bat zaintzen dauan batek)

OTOITZA – AZALPENA: Orio ontzi hau dakartsut, Jauna. Honegaz batera nire eta nire alkartearen konpromisoa agertu nahi deutsut: zure Semearen Berbizkundearen testigantza hitzez eta egitez emon nahi dogu, batez ere gure beharrizana daben gizakien ondoan egonez. Jauna, lagundu eiguzu gizakien minak arintzen eta euren gatxak osatzen.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dala osasun arloan lana egiten dauan batek aurkezten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi dauan medizina hau dakartsut; kristau alkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dogu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak osatuko dituen gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten eban antzera egin nahi genduke: lehen Berak, eta orain gure bitartez osatzen jarraitu.


ESKU BETE GARI GARAUNEN AURKEZPENA

(Alkartean baserritar bat balego, berak egiten dau eskeintza. Eleiza atzean dagoan ontzitik esku bete gari garau hartu eta altara inguruan dagoan beste ontzi baten izten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabilten ditudan eskuekaz eskeintzen deutsudaz gari garau honeek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan daigun zure Semeak egiten dauan ereinaldiaren ezaugarri lez eskeintzen deutsudaz. Ereintza horrek, Jauna, gugan lur ona aurkitu daiala eta zuk itxaroten dozuzan frutuak emon deiguzala. Guretzat hain erreza ez dan ekintza honetarako zure laguntza eskatzen deutsugu.

Agurra

Senideok: entzuna dogu gure senide behartsuenak onartzera behartzen gaituen Jaunaren Hitza. Urten gaitezala eleizatik gure inguruko behartsuenen bila joateko prest, gure “hurreko” lagun hurkoa zerbitzera. Samariar onak, Jesusek, osatu deuskuz zauriak, indartu gaitu sufritzen dagozanen ondoan egon gaitezan. Samariar on lez lan eginez, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Zure hitzak espiritu eta bizi dira;
Zuk betiko bizitzako hitzak dituzu”




Jesusen mezua entzuteko eta onartzeko prestatzea beharrezkoa jaku. Nahiz eta “ez ustekoak” izan. Berak, oporretan ere ez ditu izten bakean beratarrak. Izan ere, Erreinuaren agertzea une oro eta egoera guztietan gauzatu behar da. Gogoan hartzekoak.

Jesus ez da galtzen aitu ezineko hitzekaz eta jendeak ulertu ezineko esaldiekaz. Jesusek eguneroko konparaketa errezak ipinten ditu, eta hortik, bere entzuleei, ZEIN BIDE JARRAITU agertzen deutse. Gaurko itauna argia da: “Nor da nire lagun-hurkoa?”. Eta Jesusek zuzen erantzuten dau: “Gizon bat Jerusalemetik Jerikorako bidean joian... eta lapurren eskuetan jausi zan...”. Historia hau buruz dakigu, baina bihotzez entzuten badogu, ziur gure barruan “dardara” bat sentiduko dogula.

Lagun-hurkoa aurkitu, hurrean dagoana, nire beharrizana dauna, horixe da KRISTOREN SAKRAMENTUA. Hauxe da gaurko liturgiaren irakatsia eta gonbidapena. Holan ez bada... nire kristau izatea eta kristau ez dan baten aldea non dago? Bere egoerea kontuan hartu barik (alkoholikoa, drogazalea, banatua, Sidaduna...) eta nere LAGUN-HURKOA bilatuz: hona hemen domeka honetako liturgiak eskeintzen deuskun ERRONKEA.

Zoriontsuak behartsuen lagun-hurko sentitzen diranak:
KRISTOREN SAKRAMENTUA aurkituko dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nor da nere lagun-hurkoa?"

(Lk 10, 29)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue