Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. domekea - 2019.eko Uztailaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak Jesusen mahai ingurura.

Sekulako eginkizuna da BAKEA, eta horren alde lan egitera deituak gagoz. Bakearen alde dabizanak, bakegileak eskatu behar jakoz Jaunari. Kristok, Jainkoaren Erreinua predikatzera bera joatekoa zan herrietara bialdu ebazan hirurogeita hamabi ikasleak. Bidean oztopo, harrotzeko edo distrazinorako arrazoi izan eikeen ezer barik joateko agindu eutsen. Eta, misino lez, bakearen mezua aldarrikatu behar eben.

Liturgia honek, hainbeste bider esaten eta desiratzen deuskulako “bakea” hitza, lagundu deigula gure bihotzak eta bizitzak eraldatzen, besteenak ere hobeak egin daiguzan. Eta, sari lez, lortu deigula Jainkoak agindu deuskun bakea.

Hasi dagigun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 66, 10-14c

Irakurgai honek Jerusalemera etorri diran erbesteratuak aurkezten deuskuz. Itxaropenak etsipen bihurtu ziran. Uria berreraikitzeko oztopo ugari sortu dira. Giro honetan, profeteak Jainkoa leiala dala gogoratzen deutse eta Jerusalem, ibaia lez isuriko da haren gainera bakea eta herrien ondasuna. Hitz hori onartzen dogu.


2. irakurgaia: Galaziarrei 6, 14-18

Paulok Galaziarrei egindako gutunean, zera eskatzen dau: Jainkoaren bakea eta errukia jatsi daitezala gizaki barri izan nahi daben guztien gainera. Jesusenganako leialtasunean bizitzea da, dituen ondorenak dituela ere, apostoluarentzat garrantzitsuena. Jainkoa gurekin bada, guztia eroan dagikegu. Entzun dagigun.


Ebanjelioa: Lukas 10, 1-12. 17-20

Hirurogei ta hamabi ikasleen misinoa eta bidean ipini aurretik Jesusen oharrak kontatzen deuskuz Lukas ebanjelariak. Oharrak zuzenak eta argiak dira: pobretasuna eta bakearen mezulariak izatea. Egitekoa ez dala erreza dinotse. Euren misinoa Jainkoaren Erreinua iragartea eta egi bihurtzea da. Gaur, guretzat esandako berbak dira honek. Prestatu gaitezen.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jesusen portaerari jarraituz, hurreratu gakiozan Jainko gure Aita-Amari eta aurkeztu deioguzan gure otoitzak eta preminak.

1. Eleizaren alde: hitzez eta keinuz bakea iragarri deien gizaki guztiei. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2. Lurreko nazinoetan agintari diran guztien alde: gizaki guztien egiazko zerbitzari izan daitezan eta erreztu dagien askatasuna, zuzentasuna eta bakea. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3. Gorputzean nahiz espirituan sufritzen dagozan guztien alde: gu guztion eta bakoitzarengan maitasunezko eta itxaropenezko hitzak eta keinuak aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4. Kristau eta Jesusen jarraitzaile guztien alde: Jainkoaren hitzaren entzule sutsuak izanez, gure inguruan iragarten jakin dagigun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5. Hemen gagozan guztion eta bakoitzaren alde: bake egileak, Erreinuaren alaitasunaren ezaugarri bizi eta hurkoak izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKEAREN ESKEINTZA

(Ospatzaileak bakea eskeintzen dau. Eta bake kantu bat kantatzen dan bitartean danok danori eskeini)

OTOITZA – AZALPENA: Senideok: bakea emoterakoan konpromisu hau hartzen dogu: familian, lanean, alkartean eta gizartean gure bakerako ahaleginak Jaunari eskeintzen deutsaguz.

- S/. Jaunaren bakea izan bedi beti zuekin.
- E/. Eta zure espirituarekin
- S/. Emon deiogun bakea alkarri.


EGUNKARI BATEN ESKEINTZA

(Sindikatu, herrigintza edo politikan sartuta dagoan batek egin leike; eta bestela edozein pertsona helduak)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari hau ekarterakoan hurrengo hau agertu nahi deutsugu: zuzengabekeri guztien aurka gagozala eta zuzentasunaren alde borrokatzeko prest gagozala. Bakearen keinua egin barri dogu; bakea eta zuzentasuna alkarri lotuta dagozala uste dogu.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Bideetan zuzen ibilteko lagungarri dan bideetako mapa hau dakartsut, Jauna. Alkarte osoaren izenean hau agertu nahi deutsut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean Zu zarala gure mapa eta gure gidatzailea. Zaindu gagizuz bide zuzenetatik ibili gaitezan.


FRUTUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko ume batzuk egin leikee ezkeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, frutu gozo eta ederrez beteriko otzara hau eskeintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi deutsugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dogula. Gure bizitzak antzuak barik emonkorrak izan daitezala. Zure graziari esker, kristau frutuak emon deiguzala.

Agurra

Senideok: beharrezkoa da alkarte-zentzuna daben gizon eta emakumeak izatea eta, Erreinuaren preminaz jabeturik, beharrezko diran baliabideak ipintea. Jainkoagan fidatzera deituak gagoz, gure egitekoa erantzukizunez hartzera; alkarte misiolari gara. Jainkoaren Erreinua iragartea eta presente egitea da gure misinoa, batez ere, zerbaitetan edo norbaitengan sinestea eta itxarotea gatxen egiten dan lekuan. Ez gagoz denbora galtzeko. Lanerako ordua da. Ez dogu denbora galtzeko unerik. Kristau testigantzan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoetea

“Kristoren hitzak, bere aberastasun guztian,
agindu begi zuen bihotzetan eta zuen artean”.




Argi dago: Jesusek bere ardurakaz bat egingo eban TALDE BAT ERATZEA nahi izan eban. Jainkoaren ardura bardina: bizia eta salbamena gizaki guztiekana heldu eitela. Hauxe da Erreinuko Albiste Barria.

Holako baieztapenen aurrean gaur batzuk agirian barre egingo dabe, baina kristauontzat oinarrizkoak dira, kristaua Jesusen jarraitzaile lez hartzen badogu behintzat (batzuetan hau ere zalantzan ipinten dalako). Jesus arduratuta, buruan sartuta dauka hori eta beretarrak binan-binan bialtzen ditu iragartera. Gaurko ebanjelioak hauxe agertzen deusku.

Ez ditu bialtzen esku hutsik, bere BAKEA emoten deutse, onartzen daben guztiei emon deioen; Erreinuaren ezaugarri eta presentzia lez gaixoak osatzeko eskatzen deutse. Batzuk uste dabe, “erreinua” zerbait “espirituala” eta “gerokoa” dala. Jesusengan ez da holan: Erreinua era konkretu eta ikustekoetan agertzen da: osasuna, ondoizatea, hurkotasuna, solidaritatea, anaitasuna...

Holan sentidu izan eban Paulo apostoluak (2. irakurgaia): “nire gorputzean Jesusen zauriak daroadaz”, bere mezua ulertzearen ondorena da: besteekin SOLIDARITATEAN bizi danak bakarrik eraikitzen dau Erreinua.

“Otoiz egin soloaren jabeari langileak bialdu dagizan”; Erreinua preminazko ekintza da, beharrezkoa, bizia dakarrena; Jesusen erreinua bada behintzat. Jainkoak nahi izan daiala zerbitzuan eta solidaritatean bizi izango diran andra-gizonak egotea.

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zoaze bidean aurrera"

(Lk 10, 3)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue