Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. domekea - 2019.eko Ekainaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak guztiok!

Senideok: Jainko Aita-Amaren aurrean gagozala gogoratuaz, emoten deutsogu hasierea Eukaristiari.

Behin eta barriro sentitzen dogu Jainkoaren Hitza entzun beharra. Jesusen jarraipenak ahalegina, erabatekotasuna eskatzen dau. Pobretasuna besarkatu eta lotura guztiei, familiakoak ere bai, uko egitea eskatzen dau eta, behin ere atzera begiratu barik, aurrera egitea, gaur entzungo dogunez. Horrela egin eben antzinako profetek, eta historian zehar, hainbat gizon eta emakumeak be bai. Jesus gure kaleetatik dabil gaur ere eta berari jarraitzera gonbidatzen gaitu. Zein da gure erantzuna?

Ospakizun honek bete gaizala indar eta adorez, Jainkoaren partaide egiten gaituen zereginean beti aurrera egiteko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 16b. 19-21

Lehenengo irakurgai hontan, Testamentu Zaharreko pasarte bat entzungo dogu. Eliasek bere ikasle izatera deitu eutson Eliseori. Gainjantziaz inguratzeak misinoan lankide egiten ebala agertu eutson Eliseori. Eliseok biziera barria hasi eban, eukazan ondasun guztiak itzita. Onartu dagigun, gogo biziz, pasarte hau.


2. irakurgaia: Galaziakoai 5, 1. 13-18

Paulo apostoluak dinoenez, askatasuna da Kristogan dogun dohai itziezinetako bat. Kristau askatasunaren, bilatzen eta irrikitzen dogun balio absolutuaren adierazpena dira irakurgai honetako lehen hitzak. Kristau askatasunak Kristogan sinistea eta Espirituaren arabera bizitzea eskatzen dau. Apostoluaren testigantza sakona benetan!


Ebanjelioa: Lukas 9, 51-62

Ebanjelioaren pasartean ikusten dogunez, Jesus, Jerusalemera bidean, Jainkoaren Erreinuaren balioez katekisatzen dabil. Bideko herrietan bere mezua iragarten dau. Zorrotzak haren hitzak; erradikaltasuna eskatzen dau. Hauxe da guretzat ere gaur dakarskun proposamena. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituak eraginda, aurkeztu deioguzan Jainko Aita-Amari gure otoitzak eta preminak.

1.- Mundu osoan zabaldurik dagoen Elizaren alde: Jainkoaren Hitzaren entzule leiala izanik mezu hori bere bizitza bihurtu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Hezitzaileen alde: pertsonei alkarregazko begirunean eta tolerantzian bizitzen lagunduko deutsen bizitza eta balioak transmititzen ahalegindu daitezan. Eta gu, gizadia astintzen daben gerraren eta indarkeriaren, gosearen eta gaixotasunaren eta hainbeste arazoren aurrean sentikor egin gaizala eta konponbide bila ahalegindu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gazte eta umeen alde: adoretsu erantzun deioela besteekin banatzeko, eta solidaritatean eta senidetasunean bizitzeko Jesusek egiten deutsen deiari. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Ospakizun honetan alkarturik gagozan guztion alde: bizi deigula Jainkoarengandik datorkigun egiazko askatasuna eta jarraitu deigula Jaunaren nahia bakotxak jaso dogun bokazinoan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Alkartea egiten dogun guztion eta bakotxaren alde: Jesusen indarrez beterik, Ebanjelioaren testigu sinisgarriak izan gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Gari garaunez beteriko kristalezko ontzi baten egiten da. Emakume batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egun honetan gari hazi honeek aurkezten deutsudaz. Zeugandik hartu doguz eta euren garapena ere Zeuk zaindu eta babestu daizuzala eskatzen deutsugu. Bizidun guztiak bere heldutasunera heltzeko zure laguntza behar dau. Gure eta gure gazteen bihotzetan erein egizu zure Eleizea zerbitzera eroango gaituen hazi ona. Kristau alkarte guztiak izan dagiela laguntzaileren bat!


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Alkarteko militante batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai dan legamin apur bat dakartsut. Gizarte gizakoiago, bardintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dot eskeintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onartu egizuz euren bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dogun laguntza eta gaitasuna eskatzen deutsugu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten dau)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabilten dan krisma ontzi hau aurkezterakoan, bateoan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genduan konpromisua gogoratu eta gaurkotu nahi dogu. Sarritan kontrako indarrak, lotseak edo bildurrak gehiago egiten deuskue. Emoiguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezan.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.

Agurra

Senideok: Jesusi jarraitzearen erradikaltasuna aipatu jaku, baina ez deigula ahaztu, kristau izatea Kristoren Espirituaren arabera bizitea dala. Hitz bigunak eta gogorrak batera; bihotzari eragiten eta barritasuna sustatzen dabe; zeru ertzak zabaltzen eta kateak apurtzen dabez. Erantzun betea eskatzen deuskue. Aste zoriontsua hitza entzuten eta konpromezuei jarraitzen!

Egun honetarako gogoetea

“Zure morroi hau zure hitzen zain dago, Jauna;
Zuk, betiko bizitzako hitzak dituzu”




Honezkero familia asko opor giroan aurkituko dira: prestaketa, programaketa, zenbat gauza batetik bestera... uda eta opor ezaugarriak dira. Batean edo bestean egon, JESUS JAUNA beti gure ondoan izango dogu; gugaz arduratzen jarraitzen dau, GUGAZ BATERA EGIN GURA DAU BIDEA.

Domeka honetan Jesus BIDEAN eta SINISMENDUNENTZAKO bide lez agertzen jaku. Beretarrei zuzentzen deuskun hitz berezia eta esanguratsua, “jarraitu eidazu” da: beste urtenbiderik ez dauala emoten dau. Erabaki horrek aurreko gauzakaz apurtzea eta ukatzea dakar; arriskatzea eskatzen dau. “Jerusalemeko bidea” da, hau da: Aitaren nahia betetzea. Hauxe da Jesusen bidea.

Bide honetako oinarrizko osagaiak argiak dira: GUZTIZ PREST egotea eta Erreinurako ZERBITZUA eskeintzea. Hauxe da garrantzitsuena; garrantzizko gauza bakarra Jesusentzat. Hortik dator Kristau izatea, JESUSI JARRAITZEA (hauxe da “kristau izatea”) aukera bakarra eta betikoa dala, naiz eta eguneroko bizitzan, urtero eta momentu oro egi bihurtzen ahalegindu behar.

Hauxe dogu domeka honetako gonbidapena.

Zoriontsuak bere deia ENTZUN ETA ONARTZEN dabenak
bere ADISKIDETASUNAREN poza gozatuko dabe!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jarraituko dautsut, Jauna"

(Lk 9, 61)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue