Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN SANTUA - 2019.eko Ekainaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinesmen eta anaiarteko batzar honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren jaia ospatzen dogu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dala bakardadea, FAMILIA dala gogoratzen deusku gaurko jaiak. Jauna komunikazinoa da, maitasunezko komunikazinoa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide lez alkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bialtzen gaituen Maitasuna.

“PRO ORANTIBUS” EGUNA:
KONTENPLAZINOZKO BOKAZINOEN JARDUNALDIA





Gaur Eleizak, gainera, euren bizitzak otoitzari eta kontenplazinoari sagaratu deutsezan gizonak eta emakumeak gogoratu daiguzala nahi dau; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten barik otoitzean. Gaur, batez ere, horreetako bakoitzaren alde jasoko dogu gure otoitza.

Hasi dagigun gaurko ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esakunak 8, 22-31

Lehenengo irakurgai hau, Jakituria pertsona lez hartzen dauan olerki didaktiko baten zatia da. Sorkuntza guztiak baino lehenagokoa dan Jakituria. Gaurko jaiak, benetako Hitza dan Jesu Kristo, Jakituriarekin bat egitera garoaz. Onartu dagigun Testamentu Zaharreko fededunak eskeintzen deuskun gogoeta sakon hau.


2. irakurgaia: Erromakoai 5, 1-5

Bihotzaren bakea, eroapena eta itxaropena fedearen emoitzak dirala esango deusku san Paulo apostoluak. Gure gizarteko gizon eta emakume askok behar dabezan errealitateak honexek. Guztioi dagokigu beharrizanean dagozanentzat argi, atseden eta itxaropen izatea. Onartu dagigun apostoluaren fede aitormena.


Ebanjelioa: Joan 16, 12-15

Jesusek etsipenez josita dagozan bere ikasleei zuzenduriko agurreko hitzaldiaren zatia da gaurko ebanjelioko pasarte hau. Une latz honetan, Jesus Maisuak, bere lagunei eskeintzen deutse Espirituaren dohaia. Horregatik, Espiritu Santuak, Kristo errebelatzen jarraitzen dau, bere jarraitzaileak benetako egia ezagutzera eta historiako gertakizunetan salbamen misterioa aurkitzera eroaten ditu. Hauxe da mezua. Entzun dagigun.

Jaungoiko herriaren otoitza

Jainko Alkarte eta bizi-iturriarengana zabalduta, gizadi osoaren alde egiten deutsogu otoitz.

1.- Gure Eleiza maite eta gaixoaren alde: parkamena eta senidetasuna bideratzen dituan alkarte irekia izan dadin. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetan erantzukizun ardurak dabezan guztien alde: mundu solidario eta alkartuagoa egiteaz egunero arduratu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Baztertuak eta zapuztuak sentitzen diran pertsonen alde: atsedenerako bihotza eta laguntzeko esku leiala gugan aurkitu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Euren bizitzak otoitzari eta kontenplazinoari emonak bizi dabezanen alde: Jainkoarekin daben hartuemonaren testigantzak, eroan gaizala kristauok Jainkoaren esperientzia xamurrera. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan alkartu garan guztion alde: Espirituaren indarrak alkarte senideagoa eraikitzera eroan gaizala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DAU

(Alkarteko ume guztiak edo aukeratutako ume batzuk egin leikee. Aurretik ensaiatzea beharrezkoa da. Abestu ondoren, euretariko batek aurkezpena egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gagoz, eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoan maitasunaren ezaugarri izan daitezala gure familietako hartuemonak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO HORMAKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egin leike. Eta azalpena egiten dau:)

OTOITZA – AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen deuskun hormako kartela dakartsut, Jauna. Beragaz batera, gauza ederrak itzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabilzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten deutsugu. Sendotu eizuz, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz bizitzeko aukerea emon eiezu. Eta gu, batez be gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezala.


LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko pertsona heldu batek egiten dau; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badau, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ume eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabilten daben lur globo hau dakartsut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar barik danok uritar sentitzeko, gizaki askok amesten daben auzo haundi hori dirudi. Jauna, arrazakeri eta erlijino ezbardinak sortzen dabezan gorrotoak desegitea eskatzen deutsut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile barik bateratzaile izan gaitezala. Tolerantziaren, alkarrizketaren, alkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gagizuz.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gazte batek egiten dau. Katilua hutsik dago; sinismendun lez betetzen joateko konpromisua hartzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honegaz, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi deutsut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diran askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gagozala agertzen deutsut. Eurak barik txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete egizuz gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jaunarekin topaketa egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamentuak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera gonbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren barri emotera eragiten deusku. Gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jaunak deuskun maitasuna zabaltzeko gai izan gaitezela munduan eta gizartean.

Egun honetarako gogoetea

“Jaun bakarra, sinesmen bera, Bateo bera
Jainko Aita-ama bakarra”.




Pazko aldiko liturgia bizi izan badogu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA ere gogoratu jakuzala konturatuko gara. Hainbat bider aipatuak izan dira. Jai honetan, hirurak BATERA kontenplatzen ditugu: HIRUTASUN SANTUAREN jaia da. Hau da: JAINKOA ALKARTEA DALA. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Norbaitek esango dau: “misterio haundi bat da”. Beste batzuk dinogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Horrelakoxea da gure Jauna eta horrelaxe agertzen jaku: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria Harengandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituenez gero, “AITA”, “AMA” deitzen deutsogun Jainkoa dogu.

JAINKO HIRUTASUNA sinestea gatxa dala? Ulertzea gatxa dala? Jainkoa maitasuna dala onartzea beste; eta maitatzen dauanak Jainkoa nor dan badaki; eta maitatzen ez dauanak (baietz pentsatu arren ere) Jaunari buruz oso gitxi daki.

ZORIONTSUA JAINKO MAITASUNEAN sinesten dauana,
bere bizitzan argia izango daualako!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egiazko Espirituak irakatsiko dautsue egia guztia"

(Jn 16, 13)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue