Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Pazkoa - 5. domekea - 2019.eko Maiatzaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Ondo etorriak sinismen ospakizun honetara.

Senideok: Pazko aldiko domeka guztiak lez, alaitasuna daroa ezaugarri domeka honek. Baina desadostasunak diran lekuan ezin da izan alaitasunik. Gure arteko desadostasunak behingoan gainditzera, alkarri begirune izatera, senide lez alkarturik bizitera gonbidatzen gaitu Jaunak.

MAITASUNA da Jesusen alkarteko lez tokatzen jakun berezitasuna, guztienganako onarpena, zuzentasuna; bake-ezaugarri izate nahi zintzoa gure ezaugarria. Maitasunaren agindua da ospakizun honen barruko deia.

Prestau gaitezan sakontasunez biziteko; Jaunak zabaldu daizala gure bihotzak bere mezura eta indartu eraldatzailera. Hasi dagigun ospakizuna.


PAZKO ZUZIA ISIOTZEA ETA INTSENTSATZEA

(Pazko domeka guztietan lez, sarrerako ibilaldia amaitutakoan, ospakizun buru egiten dauanak Pazko Zuzia isiotzen dau, argimutilaren gainean jarten dau eta intsentsatu egiten dau jarraian. Bien bitartean, sarrera kantua abesten da).


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-Ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu deuskunak, bete gaizala bere dohaiez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).

Senideok: Bere Semeagan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen deuskun gure Jainko Aita-Ama onari zuzentzen deutsagu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 14, 21b-27

Lehen Kristau Alkartearen ibilbidea entzuten jarraitzen dogu. Paulo, lehen bidaia misiolaria amaitu ondoren, Antiokiara bihurtu zan bizi izandako esperientziaren barri emotera, jentilek Barri ona zelan onartzen eben esatera. Gero eta estuagoak ziran alkarteen arteko maitasun-loturak. Misinoaren zailtasunak jasaten ditu Paulok eta hartutako aginduari leial izaten ahalegintzen da. Entzun dagigun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 21, 1-5a

Hainbeste zorigaitzek inguratzen gaituenean, hainbeste barri txar eskeintzen jakuzanean, zein gozo gertatu behar daben gure belarrietan Apokalipsi liburuaren egileak esaten deuskuzan “zeru barri eta lur barrien” itxaropenezko hitzak. Izadi osoa bere baitan itxia eta gizakien egoismoz kateatua, askatua izan da, etorkizunerantz zabaldua, eta geuk izan behar dogu etorkizun barri horren testigu. Hau da irakurgai honen gonbidapena.


Ebanjelioa: Joan 13, 31-33a. 34-35

Maisuari entzuteko prestatzen gara. Maitasuna zerbitzua dala eta zerbitzu horrek guztiengana hedatua behar dauala, arerioengana ere bai, baita bizia arriskuan ipinita ere, hori guztia Jesusek egintzen bidez erakutsi deuskuna. Jesusek argi gogoratzen deusku: pertsonak maitatuz maitatzen dala Jainkoa, Jainkoa ezin dala gizakiagandik aldendu. Lagun hurkoei deutsegun maitasuna dala Jainkoari deutsogun maitasunaren froga bakarra. Gogoeta bikaina benetan eskeintzan jakuna.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz deiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo berbiztu ebanari, gizaki guztienganako maitasuna agertzen dauanari.

1.- Bost kontinentetan zehar zabaldurik dagoan Elizaren alde: agertu daiala, alaitasunez, Jainkoak deuskun maitasuna, gizaki guztiok Aita-Ama baten seme-alaba lez bizi gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazino guztietako agintarien, baina batez be, gure herrikoen alde: gizaki guztientzat bake eta askatasun-bideak sustatu eta bultzatu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Familietako gurasoen alde: euren eginahal guztiak maitasun erantzuna izan daiela, eta euren etxeetan maitasunaren, gorputz eta arima ekitearen, alaitasun eta batasunaren eredu izan daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Pazko aldi honetan Lehen Jaunartzea egingo daben neska-mutilen alde: kristau heldutasunerako bidean alkarteetan eta euren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gagozan guztion alde: maitasunaren agindu barria bizi dagigun, eta inguratzen gaituenentzat atseden eta pausaleku izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORA TXORTEAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako lorena izan daiteke txortea, eta alkarteko edozein helduk eskeini daike)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, lora txorta eder hau dakartsut. Baina Kristogaz bat eginda ez dagozanei jazoten jakenaren irudia da. Izan be, txakada baten joaten da bere edertasuna. Lorak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jarten dira. Jauna, guk ez dogu gura lora txorta hau lango ederrak izatea, baina bai, gura dogu, Zure laguntzaz, Beraren bitartez emoten deuskuzun graziaren bidez, zure Semea bizi zan moduan bizitea.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko artazi batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke aurreko eskeintza gizonezkoak egin badau, edota alderantziz)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko artazi honeek dakartsudaz. Danok dakigu zein dan euren betebeharra. Azalekoa hilik, bizitza barria eta indartsuagoa sortzen dabe. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristogaz egoteak inausteko zorian jarten gaituala, hilteko eta berbizteko zorian hain zuzen be. Inausteko eragozpenak ez gagiezala aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, bere antza hartzetik eta Beragaz bat egitetik.


UME BATEN AURKEZPENA

(Umearen amak berak egin behar dau aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakartsut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan neban bertan, neure pentsura oso-osorik. Oraindik be neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kontura biziteko gauza. Baina badakit, umea pertsona ezbardin baten egitasmoa dala. Bere garapenak lagunduko deutso horretan. Holakoxeak izan gura dogu gu guztiok be, zure Seme Jesu Kristori lotuta. Beragandik hartu dogu bizitza, baina geuk izan behar dogu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaizuz, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


URI BATEN MAPEAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Bardin da bideetako mapea edo uri bateko planoa izatea. Alkarteko edozein kidek egin daike aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bide bila dabilzanentzat lagungarri izaten dan mapa hau (plano hau) eskeintzen deutsut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak be, guk geuk, gogotsu bilatzen dogu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzuna; askok, gainera, ez dabe aurkitzen.

Ezaugarri hau eskeintzean, Zure Seme Jesu Kristo dala gure bizitzako bideak zeintzuk diran jakiteko gure maparik onena eta bakarra autortu gura dogu agiri-agirian. Izan be, Bera ibili zan bide horreetatik lehenengo. Baina hau be eskatzen deutsugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argitu gaizuzala, zure Semeagan eta zure Semeagandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez daitela handiegia izan, baina igarri daitela eraikuntzarako dala. Eraikuntzan lana egiten dauan alkartekoren batek egin behar leuke eskeintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire lanagaitik, ondo dakit zer dakartsudan eta zertarako dan. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabilten dogu. Beraren antzekoa, eta gehiago oinarria dalako, da zure Seme Jesu Kristo gure alkartearentzat eta Eleizearentzat. Berak eusten deutso eraikuntza guztiari eta Beragan aurkitzen dau honek bere izatea.

Gaur eskeintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure alkartean haragi egiten dan zure Semearen Gorputza, eskeini gura deutsut, alkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan gura dau gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: sekula ere ez dogu behar beste azpimarratuko alkar maitasuna dala Jesusen alkarte izan nahi dauan komunitatearen egiazko froga. Kristau alkarte baten egia begi-bistako egiten dauana, ez dira haren ideiak, araudiak, haren antolaketa. Ezagutzeko bidea, gaur ere bai, Jesusen Espirituak eraginda bizi izandako maitasuna da. Hau da jasoten dogun gonbidapena: Jesusen maitasunari gure buruak eraldatzen iztea, geuk ere ingurua eraldatu dagigun. Senideok: izan gaitezan Barri honen ezaugarriak. Aste zoriontsua guztioi!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. Amen.

- Jaunaren Pazkoa pozez ospatzean, betiko Pazkoaren itxaropenez alaitu gaitezala. Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Agindu barri bat emoten deutsuet:
nik maite izan zaituedan lez alkar maite egizue”.




Pazko bizikizunean aurrera goazela, Kristau Alkarteak benetan eta serio hartu behar dauan gai bakarra proposatzen deusku Jesus Jaunak: “Honetan ezagutuko dabe guztiak nire ikasle zareena: alkar maite badozue”. Hauxe da gure NORTASUN EZAUGARRIA, izaera berezia emoten deuskuna, izateko eta biziteko era berezia emoten deuskuna. Pazko poza ospatzen gagozala, Jesusek, saldu eta heriotza aurretik, itzitako mezu nagusia gogoratzen jaku.

Gaurko liturgiak, naiz eta egunero ikusi ezinaren, minaren eta heriotzaren izatea, “zeru barria eta lur barria” aipatuko deuskuz. Jesukristoren berbizkundeaz beste “ZERBAIT” hasi da, eta hortxe agertu jaku benetan BARRIA dana: gugaitik bere bizia emon dauan Jainkoaren maitasuna.

Munduaren aurrean Jainko Aita-Amaren irudia agertu nahi badogu, eta lur hau itxaropen eta bizi seinale egin, Jesus Jaunak itzi deuskun agindu BARRIA betetzea da bidea: maitasunari maitasunez erantzutea dagokigu. Berak maite izan gaituan lez alkar maite badogu, mundua birsortzen goaz, gure itxaropenaren barri emoten dogu eta lotzen eta askatasuna kentzen deuskuen kateak apurtzen doguz; berradiskidetzeko bideak errezten doguz. Maitasun agindu hori beteteak, zeru barri eta lur barrirako gizakiak sortzeko indarra dauka.

Zoriontsuak Biztueran sinisten dabenak
eta MAITASUN AGINDUA biziaz agertzen dabenak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maite egizue alkar, nik maite izan zaituedan lez"

(Jn 13, 34)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue