Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Pazkoa - 3. domekea - 2019.eko Maiatzaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: ondo etorriak guztiok ospakizun honetara.

Jauna presente dago Elizan bere Hitzez, Gorputz eta Odol santuaz eta bere Alkartea garanon bidez. Gaurko ospakizun honetan bere Gorputzaz elikatzeko deia jasoko dogu, ondoren Kristoren testiguak izan gaitezan.

Jauna ezagutzeko, berarekin topo egiteko, bihotzeko begiak garbiak eta aurre-iritzi eta egoismoetatik aske izan behar ditugu. Bestela, Jaunaren presentzia ohartu barik galdu daikegu, hasieran apostoluei gertatu jaken lez.

Jaunak zabaldu deiguzala buru-bihotzak bere mezua gure barruan sakon sartu daiten, eta ospakizun hau gogotsu bizi deigula. Hasi dagigun.



ELIZBIRA ETA PAZKO ZUZIARI INTSENTSUA

(Ospakizuna hasi orduko dago isiotuta Pazko Zuzia. Ospatzaileak edo buru egiten dauanak eta laguntzaileak elizbira egiten dabe, udabarriko lorezko adarrekin eta “Nire Jaun eta nire Jaungoiko” dinoan pankarta bategaz. Pazko abesti bat abestuko dau herriak. Tokira heldutakoan, Pazko Zuziaren ondoan jarten da pankartea eta intsentsatu egiten da Pazko Zuzia).


UR BEDEINKATUAZ TXIPRISTINTZEA

Anai-arrebok: ur hau bedeinkatu genduaneko Bateo-gaua ospatuta gero, barriztatu dagigun, barriro be, geure Bateoa, Jaunak dakarzkun parkamenari gure bihotzak edegi deioguzan, eta itzi deiogun Jainkoari gure bateo-grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauan bedeinkatutako ur apur bat hartzen dau urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten dau berak eta gero alkartea txipristintzen dau. Bien bitartean, danak abestu daikee Alkartean ezagutzen dan kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jaungoiko errukitsuak garbitu gaizala pekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaizala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).

Senideok: Pazko pozez beterik goratu daigun gure Jainkoa: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Eginak 5, 27b-32. 40b-41

Jesus berbiztuaren inguruan Lehen Kristau Alkarteak egindako autorpenak entzuten jarraitzen dogu. Pedro eta apostoluak laster konturatzen dira zer dakarren Kristo berbiztua autortzea eta iragartea. Apostoluen testigantzak Jerusalemgo agintari politiko eta erlijiosoen ondoeza sortzen dau. “Jainkoaren esana egin behar da” dinosku Pedrok. Entzun daigun.


2. Irakurgaia: Joan-en Agerpena (Apokalipsia) 5, 11-14

Apokalipsia liburuaren egileak beren ikuspegia eskeintzen deusku: Jainkoa aulkian jarrita eta zenbatu bako aingeruak bera gurtzen. Bizitzaren eta historiaren misterioa, hil eta berbiztua izan dan Bildotsaren misterioa, Jainkoarengan Beragan dago. Ikuskari-errebelazino hau izaki guztien gorespen kantuagaz amaitzen da. Saiatu gaitezan testigantza honen mezua ulertzen eta onartzen.


Ebanjelioa: Joan 21, 1-19

Ebanjelioko atalean agertzen jakunez, Tiberiades lakua Berbiztuarekin aurkitzeko lekua da. Mirarizko arrantza haren inguruan, Jesusek apostoluei jatekoa eskeintzen deutse, Pedro bere misinoan baieztatzen dau, eta alkarte hasi barriaren eta pastoral eginkizunaren oinarrian MAITASUNA ipinten dau. Edegi daigun gure bihotza topaketa honek eskeintzen deuskun mezura.

Jaungoiko herriaren otoitza

Otoitz egin deiogun, bere Espirituaren indarrez, Jesu Kristo biztu dauan eta gizaki guztienganako maitasuna agertzen dauan Jainko gure Aita-Amari.

1.- Eleizaren alde: munduak ipinten deuskuzan zailtasun guztiak gorabehera, Ebanjelioa iragarteko izan dagigula apostoluek euken ausardia. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau Eleiza guztien alde: euren arteko hartuemonak maitasun, alkar onartze eta lankidetza giroan garatu daitezan, eta gizaki eta herri guztiak alkar aurkitu daitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko agintarien alde: herri guztiak gizakien egiazko aurrerapenerantz gidatu daiezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Sinisten ez dabenen alde; Eleizarengan uste onik ez daukenen edo Jesu Kristogan fedea autortzen jarraitu arren Eleiza bertan behera itzi dabenen alde: Berbiztuaren presentziaren ezaugarriak ikusi deiela beragan eta guk, geure bizitza dala-eta, Jesus Jaunarekin topo egiten lagundu deiegula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Fededun guztion alde: bizi garan inguruan, bildur eta aurre-eritzietan jausi barik, Jainkoaren testigantza emon deigula, Kristo berbiztuarengan dogun fedea agertuz. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UMEEN EKINTZA

(Bizkor-bizkor jarten da, aurretik umeekin gertau edo prestau dana: abestia, dantza edo ekintza labur eta atsegina. Amaitutakoan, eskeintzaren aurkezpena egiten dau umeetako batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor izten deutsugu alkarteagaz batera euki gura izan dogun alaitasuna. Uste dogu Zeu zarala gure barruan poz hori isiotu dozuna eta berari eutsi eta bera gehitzen dozuna, guk besteei zabaldu deiegun. Badakigu nagusiak, helduak, eragozpenak izaten dituela eta horrek kezkak eta tristura sortzen deutsezala. Horregaitik, euren aringarria izan gura dogu, eta, noizean behin ez bada be, irribarretxo bat atara gura deutsegu.


ARRAIN BATZUEN, OGI ZATI BATEN ETA ARDAO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskeintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertau edo prestau behar da. Aurretik, banan-banan, eskeintzak daroezanak eta atzean, irakurriko dauana. Edozeinek egin daike, nahiz eta hobe izan adin desbardineko lauk egitea, janaria eta ospakizuna alkarte guztiarena dala adierazoteko. Eskeintzak buru egiten dauanari emondakoan, hauxe dino laugarrenak:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mirarizko arrain harrapaketearen ostean zeugaz jatera deitu zeuntsen ezagutu zinduezan ikasleei. Gaur, Zeuk emondako dohai horreek eskeini gura deutsuguz, Zeuk, zeure borondatearen beste ezaugarri barri baten bitartez, gure alde emondako zure Gorputzaren janari bihurtu daizuzan. Biztu eizu gure fedea, Jaunartzea Zeugaz bat egitea izan daiten eta mundura eta bizitzara eroan gaizan, zure testigantza emon daigun eta gaur egun Zeu biziko zintzatekezan lez bizi gaitezan.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurten dauanak egingo dau eskeintza, edo katekistaren batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare honeek dakartzudaz. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin orduko apostoluek itzi ebezanen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromisoa eskeintzen deutsugu. Jakin be badakigu eta, zuk emon deuskuzun fedearen oparia ez dala gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure alkarte barruan sartuta egoteko, misinorako eta, hainbestetan ezer aurkitu barik bila dabilzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna alkar banatzeko baino.


EGUNKARIA AURKEZPENA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian diharduan alkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituan batek, aurkeztu behar leuke eskeintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakartzut. Gaur jazoten danaren isladea da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dana, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertau. Barri emotea hain ugaria danez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek dinoenez. Egunkari hau eskeintzerakoan, konpromiso hau hartzen dot, danen izenean: albisteen eta eurak bizi dabezan edo jasaten dabezan gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dogula orain zer gertatzen dan irakurten dogunean. Eta Zuk ez gaizuz itzi gure bihotz gogorkerian. Zabaldu eizuz gure bihotzak alkartasunera.


BIBLIA AURKEZPENA

(Ez dogu gaur lehenengoz aurkezten. Oraingo honetan, alkarteko pertsona apalenetariko batek egin daiala aholkatzen dogu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Biblia dakartzut, guretzat idatzitako zure Berbea. Eta, eskeini barri deutsugun egunkariaren beste aldetzat joten dot. Beragaz batera, Zeuri entzuteko beti gertu egotea eskeintzen deutsut. Baina ez zeure Berbearen bidez bakarrik, baita egunkariak islatzen dituan jazoeren eta gertaeren bitartez be bai. Zu, Jauna, ez zaitez behin be isilik geratu. Eutsi zure Berbea zuzentzeari. Bera da gure bizitzak argitzen dituan argia. Baina ez ahaztu gure bihotzak ikutzea, Zeuk zuzentzen deuskuzun Berbeari behin be itxi ez dakiozan.

Agurra

Senideok: Joan “ikasle maitearen” arabera, testigantza emoteko zerbait bizi egin behar da edo gertatutakoaren esperientzia zuzena izan behar da. Holan, Kristau Alkarte bat ezin da konformatu Jesusen bizitzako jazoerak jakiteaz eta kontatzeaz; guzti horren ESPERIENTZIA izaten ahalegindu behar gara.

Ebanjelioa, barrutik Jesusek eta bere egitekoak aldatutako Alkartearen testigantza da; Aitaren egitasmoa eta misinoa aurrera eroan gura dauan alkartearen testigantza. Jainkoaren maitasuna gizaki guztiek ezagutu daien gure testigantza emotera deituriko alkartea gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinkatu gagizala Pazko honetan eta haren errukiak gorde gagizala gaitz guztietatik. Amen.

- Kristoren Berbizkundearen bidez salbatu gaituenak aberastu gagizala betiko biziaren sariagaz. Amen.

- Jaunaren Pazkoa pozez ospatzean, betiko Pazkoaren itxaropenez alaitu gaitezala. Amen.

- Eta bedeinkatu gagizala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.

Egun honetarako gogoetea

“Jesus Jauna, azaldu eiguzuz Liburu santuak.
Biztu egizu gure bihotza zure hitzetara”.




Pazko barruan jarraitzen dogu eta gure kristau izatean dana da garrantzizkoa: Pazko barik ez dago sinismenik ez ezer hurreratzen jakonik. Eta domeka honetan hurrengo itauna egiten dogu: nire kristau sinismenaren gauzarik garrantzitsuena eta sinismena bera ahalbideratzen dauana, Pazkoa ete da?

Itaun hori “lekuz kanpo” dauala uste badozu, zure kristau fedea zelan dagoan begiratu beharko dozu. Lehen kristauak ere zalantza bardina euki eben: “Jauna ikusi dogu” sinistea ez jaken egin batere erreza; hori autortzea arriskutsua zan, Jaunagaz bat egiteak EUREN BIZITZA ALDATZEA eskatzen eutselako. Eta hau gauza serioa da. Horregaitik, guretzat ere itauna bardina da: benetan esan daiket Pazko honetan “Jauna ikusi dodala”? Berak bakarrik aldatu leike nire bizitza.

Argi dago, GAUR aurrean daukaguna eta bizi doguna beste egoera bat dala; gaurko tentaldi bat, “salbamenik ez dogula behar” pentsatzea da; eta hori holan izanik, PAZKOAK ez dauka zentzurik, ez dogu behar. Pazkoak, Jesusen estilora osotasunean bizi gura daben GIZAKI BARRIAK sortzen ditu. Zelan sentitzen naz... aurrera pausorik emoten dot... Jesukristo Berbiztuagaz aurkitzearen esperientziarik badaukat...?

ZORIONTSUAK Berbiztuaren esperientzia bizi dabenak:
BIZITZA OSOTASUNEAN izango dabe-ta!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta hainbeste izanarren, ez zan sarea urratu"

(Jn 21, 11)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue