Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Domeketako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizumea - 5. domekea - 2019.eko Apirilaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZINOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Aste Santura eta Pazko Hirurrenera hurreratzen goaz. Munduaren salbamenerako bere burua heriotzara emon eban Jainkoaren Semearen misterioa sakontzen lagundu nahi deuskue liturgiako testuak. Hurrean dogu Aste Santua.

Baina, oraindik ere, sasoiz gabilz geure buruari itauntzeko zelan baliatzen garan Garizuma honetaz; zertan diran Garizumaren hasieran egindako egitasmoak. Berehalakoa izan behar dau gure BIHOTZ-BARRITZEAK; lanari gogoz ekiteko orduan gagoz.

Hasi dagigun gure ospakizuna pozez eta itxaropenez.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Isaias 43, 16-21

Testamentu Zaharreko irakurgaia entzungo dogu. Israel herria erbestean, Babilonian aurkitzen da. Urte asko igaro dira eta profetak, galdutako itxaropena berreskuratu nahirik, erbesteratuei askapena iragartzen deutse. Urteera barri baten aurrean aurkitzen dira. Bere herria salbatzen dauan Jaunagan itxaropena ipiniaz, aurrera egiteko hitzak dinoskuz profeteak. Onartu daiguzan beren itxaropenezko berbak.


2.Irakurgai: Filiposkoai 3, 8-14

Paulo apostoluak bere aurreko bizitza ezereztzat botatzen dau, Kristoren ezagutzaz konparatuz. Aurrera bakarrik begiratzen dau, bere begiak helmugan ipiniaz. Kristorekin bat egiteak, bera eta bere bizitza ezagutza osoa eskatzen dau, heriotza eta Biztuera frutuak norberaganatzeko. Apostoluak hortxe ipinten dau bere bizitzako egitasmoa. Entzun gagigun.


Ebanjelioa: Joan 8, 1-11

Ebanjelioko pasarte honetan, Jesusek ez dau epaitzen, onartu egiten dau; ez dau zigortzen, parkatu egiten dau. Gutako edozeinen irudi izan daiteke emakume ezkontza-nahaslea, adulteriogilea, Jesusen ondoan. Onartuak izan preminan gagoz eta eskatzen ausartzen garen baino onartuagoak gara, legeak eta gizarteak baino askoz onartuagoak. Entzun dagigun adi eta jaso dagigun gure seniderik ez epaitzeko Jesusek egiten deuskun deia.

Jaungoiko herriaren otoitza

Apaltasunez, seme-alaba jarreraz zabaltzen deutsogu gure barrua Biziaren Jainkoari eta aurkezten deutsoguz gizadiaren beharrak.

1.- Eleizaren, Jainkoaren herriaren alde: gizakien artean adiskidetzearen legamin izan dadin eta mundu hobearen alde lan eginez itxaropena zabaldu daian. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: euren legeak dirala eta, ez dagiela ito gizakien artean sortzen diran maitasun, zuzentasun eta senidetasun ahaleginak. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo espirituan sufritzen dagozanen alde: horreen samina eta oinazea ez dakiguzala kontura-gabean pasatu, eta guretzat solidaritzarako deia gertatu daitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitza honetan, euren asmo eta ahalegin guztiak eukiten eta ondasunak pilatzen ipini dituenen alde: bihotz-barritzera eta bizitza aldatzera deitzen dauan Jainkoaren abotsa entzun dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta bakotxaren alde: Jesusen jokaerari jarraituz, ez dagigula epaitu, ez dagigula gaitzetsi gure aldamenekoa, eta Jainkoaren maitasunaren eta parkamenaren ezaugarri bizi eta hurrekoak gertatu gaitezala. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Alkartean holangorik balitz- aldare ostean dagoan ontzitik hartzen dau esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eroan, eta ospatzaile buruak daukan ontzi barri baten izten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dodan esku bardinakaz eskeintzen deutsut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta biztuerearen ezaugarri lez. Zure Semeak erabili eban metafora lez, hauxe erakusteko: Ez dagoala biztuerarik, heriotza barik, ezta galbururik, lurrean hildako galgarau barik. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketea geuretzat hartzen dogu, gure bizitzak eskeintzerakoan, Bizi betean berreskuratuko dogunaren itxaropenez.


LORA BATZUEN ETA LANDARA BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Alkarteko beste kide batek eskeintzen ditu orain lora edo landara batzuk, egunean bertan han-hemen batutakoak. Eta dino:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu honeen bidez, gure itxaropena dakartsut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskeintza eta heriotzea baliagarri izan zirala. Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zengian. Horregaitik, guk eskeintzen deutsuguz gaur gure sufrimenduak, oinaze-minak, destainak, burlak… Emoiguzu zure grazia lagun dogula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Lehenengo gure ospakizunean esan genduanez, aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo barik)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten deutsut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dot. Bizi usaina da, Biztuerearen lurruna. Eta Alkarte osoaren izenean eskatzen deutsut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure berbeten, gure bizikeren eta jokabideen bitartez, Jesus berbiztuaren bizi barriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezala.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Lehenengo gure ospakizunean esan genuenez, aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Alkarteko edozein pertsona nagusiak egin leike)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, alkartearen, militante guztien eta nire izenean dakartsut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dogun ahaleginaren ezaugarri lez dakartsut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, naiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dogu. Emoiguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez daiten gezatu.

Agurra

Senideok: bikaina gaur Jaunak eskeini deuskun mezua: guk lez pentsatzen ez dabenak edo gure erizpideen arabera bizi ez diranak, Eleizatik eta Eleizaren izenean hain errez epaitzen eta gaitzesten direla ikusten dogun aldi honetarako.

Gaur Jesusek, legearen berba hotzetatik, inor ez epaitzera gonbidatzen gaitu; eta bai, gure portaera pertsonaletik hareen egoera ulertzera. Inor harrikatzen hasi aurretik, aztertu deigula geure pekatua. Eta orduan ikusiko dogu, askok behar dabena ez dala legearen zorroztasuna, aurpegia alaitzen eta zutitzen lagunduko deutsen eskua baino. Aste honetan, gitxienik, izan gaitezala beharrean dagoenari laguntzeko luzatzen dan, zabaltzen dan esku errukitsua. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoetea

“Bihurtu zaiteze Nigana bihotz-bihotzez,
bihotz-behera eta errukitsua naz-eta”




Geroago eta hurrago daukagu ASTE NAGUSIA, ASTE SANTUA. Honek esan gura dau “prestatzeko aldia” amaitzen doala, benetako ordua gainean dogula. Hau da, gure bizitza Berarenagaz parez-pare ipinteko ordua; gure jarrerak ea zerikusia dauken Jesus Jaunaren jarrerakaz: bizitza ulertzeko eran, maitatzeko eran, gure jokatzeko eran. Berari begiratuz, BERARI GURE BARRUA ALDATZEN IZTEKO sasoian gagoz.

Bostgarren domeka honetako mezua PARKAMENA da, ulertzea eskatzen dauan parkamena, ahulena zaintzearen parkamena. Parkamen hori Jainkoaren dohaia eta anaiei egiten jaken erregaloa da. “Pekaturik ez daukanak bota deiola lehenengo harria”. Sinismendunak bere ezina edo mugak autortzen dauz, eta Jainkoaren parkamena eta errukia onartu. Jainkoak parkatua sentituz, kristauak bere anai-arrebakaz ere ERRUKITSUA IZAN BEHAR DAU. Besteak salatzen barik, besteak onartzen egin gure ahalegina.

Gure inguru honetan eta gure bizitzan gaurkotasunez beteriko mezua dogu! Gure herriak eta gure kulturak adiskidetze eta parkamenaren behar izan handia dauka! Sinismendunok badaukagu zer jorratu. Pazko jaiak prestatzen joateko era konkretu bat dogu hau.

ZORIONTSUAK PARKATZEN dakienak
eta beti ONARTZEKO prest dagozanak!

 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Pekatu bagarik egon daitenak, jaurti diagiola lehenengo harria"

(Jn 8, 7)

 

 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue