Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. igandea - 2019.eko Urriaren 27a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ongi etorriak ospakizunera.

Gaur Jesusek fariseuaren eta zergabiltzailearen parabolaren bidez, bi jarrera espiritual, bi otoitzerako era, sinesteko eta Jainkoarekin harremana egiteko bi molde jartzen dizkigu aurrez aurre. Jesusek salbamenaren DOHAINTASUNA gogorarazten digu, barrenetik, gu bakoitzaren sakonen eta egiazkoenetik hasi beharra. Gure pobretasunetik, gure egiarik sakonenetik bakarrik aurkitu ditzakegu Jainkoaren maitasuna, errukia eta salbamena.

Senideok: Jaunak ireki ditzala gure bihotza, gure adimena, gu garan guztia Eukaristia hau fedearen berotasun guztiarekin bizitzeko; Jaunaren maitasun eraldatzaileak moldatu gaitzala. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Siracida 35, 15b-17. 20-22

Entzungo dugun testu sakratu honetan, batez ere behartsuaren ezpainetatik irteten duen otoitzean sakontzen joango gara; hau da: zapaldu, umezurtz eta alargunak. Idazle sakratuaren arabera, Jainkoa beti prest dago haien erregua entzuteko. Jainkoaren bihotz samurrera beti iristen dira erreguka dabilzkionen oihuak. Entzun dezagun.


2. Irakurgaia: 2 Timoteori 4, 6-8. 16-18

Bi eratara izan daiteke Jesusen jarraitzaile: bata, egunero Jesusen izena ezagutzera emateko bizia galduaz; bestea, hura aitortzearren odola isuriaz. Paulok bietara bizi izan zuen; Jaunagan zuen konfidantza eta babes bakarra. Onar dezagun apostoluaren testigantza bikain hau.


Ebanjelioa: Lukas 18, 9-14

Jainkoaren aurrean egoteko bi era agertzen dizkigu gaurko ebanjelioak. Fariseuaren eta zergabiltzailearen otoitza. Jainkoak hitzak baino gehiago bihotza begiratzen du. Otoizlariaren izatea agertzen da otoitzean. Jaunaren aurrean ze otoitz egiten dugu? Hau da Jesusek planteatzen digun benetako galdera. Azterketa ongi datorkigu.

Jainko herriaren otoitza

Jesusek, Aitarekin topo egin premia sentitzen zuenean, otoitzera jotzen zuen; guk, Jainkoa behar baitugu, Hari zuzentzen dizkiogu gure otoitzak.

1.- Gure Elizaren alde: Jesusen nahiekin eta aginduekin leiala izan dadin eta ez dadila ohore edo indar bila ibili izan, eta bere erabateko ahalegina gizaki guztien, batez ere behartsuenak zerbitzatzen ipin dezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jesusen Espirituak bultzaturik, handikeriazko gogoak gaindi ditzagun, eta Jainkoak nahi duen senide-maitasuna nagusitu dadin gure artean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko gaixo, baztertu eta zapaldu guztien alde: Jaunak haien oinazeak arinduz bakea eman diezaien eta gure solidaritate anaikorra senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gaurko gizartean karitatea, harrera ona eta adiskidetasuna baloratzen eta bizitzen ikasi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Lurreko boteretsuen alde: Jainkoaren graziaren bitartez, jarrera alda dezatela eta horrela etor dadila herri guztien arteko berdintasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

6.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: zerbitzari eta senide den Parrokia-Elkartea eraikitzeko gai izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PAISAIA BATEN ARGAZKI EDER BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, paisaia eder honen argazkia dakarkizut. Zuk eskaintzen diguzun salbamenaren antzera, edertasun guzti hori dohainekoa da; edertasun guztiak beren sorburua Zuregan daukate. Argazkiarekin batera zure dohaina bizitzeko gaitasuna, nire garbitasuna eta nire zintzotasuna eskaintzen dizkizut. Sentimendu hauek ez daitezela itzali.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gizakion arazo eta nahi eta ezinekin beterik dagoen egunkari hau dakarkizut. Jauna, ez daitela gogortu gure bihotza. Gizakion arazoak solidaritzara eta zure aurrean otoitz egitera eraman gaitzala. Gizaki guztiak eta gizakien arazo guztiak kontuan izan ditzagula. Jauna, zure aurrean aurkezten ditugun beharrizan guztiak entzunak izan daitezela.


GATZAZ BETERIKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko talderen baten sartuta dagoen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala nire izenean, militante guztien eta elkartearen izenean dakarkizut gatzez beteriko ontzi hau. Gizaldietan zehar beste testigu askoren antzera, bizitza tokatu zaigun mundu honetan zure hitzaren misiolari izan nahi dugu; ez da lan erraza baina hortxe egin nahi dugu gure ahalegina. Zure laguntzarik gabe gure gatza gezatzeko arriskuan dago. Zurekin kontatzen dugu!.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


KATEKESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ongi legoke zerbait idatzia edukitzea, denok ikusteko eran, edo denoi banatzeko eran. Denon izenean pertsona batek aurkezten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Berri Ona iragartzea da. Egiteko hau benetan hartzen dugu. Baina Zuk badakizu ez dela erraza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskaintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen dizkizugu. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen dizugu.

Agurra

Berdinak dira atzoko eta gaurko fariseua: bere buruaz pozik eta bere balioez ziur dago; arrazoia beti berea duela uste du; egiaren jabe sentitzen da eta, egia horrekin baliaturik, besteak epaitzen eta gaitzesten ditu. Fariseu jarrera da, agian, gure gizartearen eta gure kristautasunaren gaitzik handiena. Gauzak aldatzea nahi dugu, gizarte gizatiarragoa, bizitzeko egokiagoa lortzea, gizakien historia aldatzea eta hobea egitea; baina... a zer inozoak garen!, geure buruak aldatu gabe nahi genuke gizartea aldatzea.

Jaunak isur dezala guregan bere grazia, alda ditzala gure bihotzak, erakuts diezagula berak guretzat eraikitzea amets egindako gizartea eraikitzen. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaungoikoa mundua Berarekin adiskidetzen zebilen Kristorengan,
eta guri eman zigun adiskidetzearen hitza”




Jainkoaren Hitzak ez digula atsedenik ematen begi-aurrean dago. Egia da gaur inork ez duela ikusten bere burua FARISEU bezala (belarrietara ez du ongi jotzen), baina ez du esan nahi ez daudenik. Fariseua da: bere balioaz ziur egonez pozik bizi den gizakia; errazoi guztia berak duela pentsatzen duena, berak bakarrik. Eta... nola ez! Besteak epaitu eta kondenatzeko gai sentitzen dena. Berak ez dauka zertaz damuturik. Beti besteak dira aldatu behar direnak.

“Horrelako jendea” oraindik ez da desagertu gure mundutik, gure elkarteetatik eta gure bihotzetik. Denok nahi dugu mundua aldatzea, baina besteak dira aldatu behar direnak. BAKEA nahi dugu: baina gogorkeri zaleak besteak dira. Norbera, ezta pentsatu ere! Eta begiratu: sarritan gure inguruko indarkeri zeinuak ikusi ere ez edo gainetik pasatzen ditugu; errudunak beti besteak dira.

Egoera honen aurrean, Jainkoari entzun eta bere bidetik ibili nahi dugunontzat gaurko MEZUA BIZIA eta ZUZENA da. Fariseismoaren arriskua aurrean daukagu; “gaixo edo gaitz” horretatik inor ere ez gara libratzen.

Nahiko nuke bekatariaren jarrera guztiok norberaganatzea: zenbat eta nolako pekatuak ez da garrantzitsua. Jainkoaren aurrean makurtuz bere bizitza osoa aldatzen da; JARRERA horrek ematen dio arrazoia.

Zoriontsuak BIHOTZ APALAK direnak,
salbatuak izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zergalaria Jainkoarekin bakean itzuli zen etxera"

(Lk 18, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue