Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

BIALKETAREN ospakizuna

# # #

BIALKETAREN ospakizuna

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errezenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartea erabagi dogu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezbardinak eskeintzen ditugu. Kontuan izetea gomendatzen deutsuegu.


SARRERA OHARRA

Senide eta lagunok: egun on eta ondo etorriak. Gaur ospakizun berezi bat dogu.

Zer dala-ta? Gure parrokia alkarteko pertsona batzuk KONPROMISO BAT eskuratuko dabe. KATEKISTA eta EBANJELIZATZAILE lez BIALDUAK izango dira; ume, gazte eta nagusien ebanjelizatzen ardurea hartuko dabe. Zeregin ederra!

Eginkizun honetarako PRESTATU DIRA. Parrokia alkartearen eta arduradunen babesa eta otoitza eskeintzen deutsegu. Jesusen alkartea izan gura dogu.

Ospakizuna jarraituz ulertzen joango gara, GAUR eta HEMEN, zer bizi, esan eta ospatu gura dogun.

Prestau gaitezan ospakizun hau BENETAN OSPATZEKO. Gure alkartearen sinismen batzar hau hastera goaz.

Hona hemen ospakizun honen lehenengo KEINUA: Ebanjelizatze misinoa hartuko daben pertsonak, Abadeagaz batera PROZESINOAN SARTUKO dira. Kantuan parte hartuz hasten dogu ospakizuna.


KANTUA

KRISTOREKIN GUK FEDE BERA,
BATEO BERA, BERA JAINKOA,
JAUNEN JAUNA, GUZTIEN AITA.


Gorputz batean zati asko, bihotzez bat,
Espiritua bat emon deusku Jainkoak.
Hagaitik gora dinogu:

Erakusten dau hau dala gure bidea.
egin dagigun batasun eta bakea.
Hagaitik gora dinogu:

Deituak gaitu, eta geroztik gabiltza
zabaldu nahiez, Jesus, zure esperantza.
Hagaitik gora dinogu:


ABADEAREN AGURRA

Anai-arrebok: Jainkoaren grazia eta dohaiak ugari isuri dira gure gainean. Gabonak ospatu barriak ditugu; estalpe batean Jainkoagaz bat egiteko aukera ederra izan dogu.

Gaur, Belengo umetxo hori, JORDAN IBAIAN aurkitzen dogu BATEOA hartzen. Jesusen bizitzan MOMENTU GARRANTZI-TSUA izan zan.

Jainkoaren grazia eta indarra Jesusengan agertua, izan bedi beti zuekin.

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

OHARRA

Anai-arrebok: gaurko ospakizunaren momentu berezi bat bizi izango dogu orain. Ospakizunean lagunduko deuskuen EZAUGARRIAK aurkeztuko doguz. Sakontasunez bizitzen ahalegintzen gara.


BATEOKO PONTEA

OHARRA: Hemen dogu BATEOKO PONTEA. Holako leku baten hartu genduan Jainkoaren seme-alaba izatea, FAMILIA batekoak izatea. Hor hasi zan gure kristau izatearen ibilbidea. Gogoratu daigun momentu hori, GAURKOTUZ eta BIZI-BARRITUZ.

Isioturik dagoen PAZKO ZUZIAK, Jesusen Pazkoaren misterio ederrean murgiltzen gaitu.


OTZARA BAT KANDELAZ BETERIK

OHARRA: Kandelaz beteriko otzara honek, Jainkoaren maitasunean bat egiten gaitu: beragandik hartutako argia erabili deigula gure bizitza eta gure ondokoena argitzeko. Kristo Berbiztuak argitu gaizala.


GATZONTZIA ETA LEGAMINA

OHARRA: Gatza eta Legamina ekarri doguz; bizitza pozteko eta gozatzeko dogun konpromisoa agertu gura dabe. Munduko ore erdian, legamin, indar eragile izatera deituak gara.


BIBLIA EDER BAT (Itun Barria)

OHARRA: Historian zehar Jainkoak bere herriari eta orain geuri eskeintzen deuskun BERBEA dago liburu honetan. Hemen aurkituko doguz, beste anai-arreba batzuekin alkarturik, egin gura doguzan Jainkoaren bideak. Bere nahia egiten jarraitu gura dogu.


LURREZ BETERIKO ONTZIA

OHARRA: Lurrez beteriko ontzi honekin gure pobretasuna eta hauskortasuna agertu gura doguz; baina baita be Nazareteko Jesusek gura bizitza eratzen jarraitzeko prest gagozala.


HAZIZ BETERIKO ONTZIA

OHARRA: Ontzi honekin gure zeregina agertu gura dogu: Jesusen Mezuaren EREILE izatera deituak gara.


MAHATS MORDO BAT ETA GARIBURU BATZUK

OHARRA: Mahats mordo eta gariburu honeek gure alkartearen batasuna agertu gura dabe. Danok, anai-arreba lez bizitzera eta Jainkoaren egitekoan parte hartzera deituak gara. Eukaristian danok bat egiten dogu.


KANTUA

URA! URA! BURURA, BARRURA
JAUNA, ZURE SALBAMEN URA!


Pazkoako iturburutik
datozen ur onak dira.
Pazkoatik salbamen betez
ibaika datoz herrira!

Bateoko ponte maitetik
askatzaile datoz urak.
Erabat barrituko gaitu
ur honeen Espirituak.

# # #
#
#
# # #

Pregoia

 

SARRERA

Senideok: gure herri askotan, jaiei hasierea emoteko, herritar gauztiak ondo pasatzera konbidatuz, pertsona ezagun batzuk PREGOIA esaten dabe.

Gaur hemen, zerbait haundia ospatu eta eskertu gura dogu: Jainkoa gizon egin da, gizakiokaz batera BIZITZAKO BIDEA egiteko. Hauxe ospatu dogu Gabon aldian.

Gaur, Jesusen Bateoa ospatuz, Gabon jaiak amaitu eta Jesusek hartutako konpromisoa sakondu gura dogu. Baita be, kristau ibilbidea zein dan jabetu.

Jesusen ondoan egin gura dogu GURE BIDEA; noizbehinka bere ESKOLARA hurreratu eta bere ikasle finak izaten ahaleginduz.

Aldi barri honen iragarpena egiten dogu oraintxe PREGOI baten bidez.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

Ospakizun honetan alkarturik gagozan senideok:
Jainkoak, Jesusen bidez gure artean jarraitzen daualako,
graziazko aldian jarraitzen dogu.
Gabonetan holan ospatu dogu
eta holan bizi izaten ahalegindu gura dogu.

Senideok, gaur Jesus Jordanen ikusten dogu.
Bateatzailearen deia entzunez hara joan da,
Bateoa hartu dau,
eta “Seme maitea eta kutuna” izendatua izan da.
Eta hor, Aitarengandik jatorku
proposamen hau: “ENTZUN EGIOZUE”.

Benetan merezi dauala konturatuz,
gure barrua zabaltzen deutsagu
eta gure poza agertzen:

Danok:
JESUS, MUNDUKO ARGIA.
JESUS, ZINEZKO EGIA.
JESUS, BETIKO BIZIA.


Aitaren proposamena, Seme maiteari “entzutea” da,
horra guretzat ERRONKA.
Jordango Bateoaz
Jesusen bizitza guztiz aldatu zan:
Nazaret itzi, bere isiltasun aldia amaitu,
eta Aitaren gogoarekin bat eginda,
Jainkoaren EGITASMOA iragarten hasi zan.
Ulertzeko egitasmoa:
Jainkoa Aita-Ama da, guztiak maite ditu,
eta seme-alabak alkar maite eta laguntzeko prest dagozan
FAMILIA bakarra egin gura dau.
Eginkizun eta dohai eder honi
“JAINKOAREN ERREINUA”
deitzen deutso Jesusek.

Egitasmo hau pozez hartzen dogu
eta gure benetako gogoa agertzen:

Danok:
ZURE ERREINUA, OIHUKATZEN DOGU, JAUNA.
ZURE ERREINUA, ZURE ERREINUA, JAUNA.


Jesus Maisuak
EGITASMO BARRI hau bizitzera konbidatzen gaitu,
bere ESKOLARA hurreratzera,
gure izatea sustraitik aldatuko dauan
ESPERIENTZIA barri bat izatera,
Seme maitearen eta aukeratuaren pareko izan gaitezan.

Konbidapen hau pozez onartzen dogu
eta bihotzez autortu:

Danok:
JESUS, MUNDUKO ARGIA.
JESUS, ZINEZKO EGIA.
JESUS, BETIKO BIZIA.


Senideok, Jesusek bere eskolako izatea
eta beste zerbait gehiago eskatzen deusku.
Aitak berari emondako Misinoa,
gurekin ALKARBANATU gura dau.
Bere antzera BATEATUAK izan garanok,
TESTIGUAK, APOSTOLUAK eta BIALDUAK
izatera deituak gara.
Bera beti gure artean izango dogu,
eginkizun berean,
gure itxaropena sendotuz,
gure iluntasunak argituz
eta egiten gabizana benetakoa dala agertuz.

Egun berezi honetan,
bere Barri Onaren IRAGARLE izatea
proposatzen deusku.

Makalak izan arren, pozez,
gure konpromisoa agertzen dogu:

Danok:
ZURE ERREINUA, OIHUKATZEN DOGU, JAUNA.
ZURE ERREINUA, ZURE ERREINUA, JAUNA.


Senideok,
GAUR ETA HEMEN,
Jesusen lorratzak jarraitu gura doguz.
Gure arteko batzuk,
Jesusen eta bere Barri Onaren IRAGARLE
IZATEAREN KONPROMISOA eskuratzen dabe.
Gure zoriona eta esker ona eurentzat,
jarraitu dagiela gurekin kontatzen,
eta euren eginkizuna gogo onez bete dagiela.

Kantuz agertzen dogu gure egitekoa:

Denok:
Jesukristo, zu zara, zu, danon Jaun:
gaur zu nausi agertuz, nork iraun?
Fededunak, ez etsi, ez ilundu:
barriz Jaunak etorri behar dau.
Danok zutik eskutik hartu alkar:
Kristo beti guk argi, guk indar.

Fededunak, ez etsi, ez ilundu:
barriz Jaunak etorri behar dau.
Danok zutik eskutik hartu alkar:
Kristo beti guk argi, guk indar.














































































































ALKARTEAREN OTOITZA

Jainko Aita-ama ona:
Egun honeetan ospatu dogun misterio ederrean,
zure Seme maitearen oparia emon deuskuzu.
Baina, gainera, nahi izan dozu
Jordaneko bere Bateoan,
bere MISINOAN parte hartzera
deituak sentitzea.

Aita-Ama,
emoiguzu zure Espiritua,
pozik eta erantzukizunez,
Maisuaren ESKOLAN parte hartuaz,
bere mezuaz jabetu gaitezan geurea eginez,
eta gure anai-arrebei iragarteko gai izan gaitezan.

Aita-Ama ona,
bedeinkatu egizuz gure anai-arrebak;
alkartearen izenean,
gure ume, gazte eta nagusien
KATEKISTA-EBANJELIZATZAILE izateko
konpromisoa hartzen dabe.
Euren bitartez Zu hobeto ezagutzeko aukerea izan dagiela.
JESUKRISTO GURE JAUNAREN BITARTEZ.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Senideok: Jainkoaren Hitza entzuteko prestatzen gara. Historian zehar, Jainkoa momentu berezi bat prestatzen joan zan: bere Semeagan Jainko izatea agertu euskun, gure artean bizi izan zan, eta bere Misinoan parte hartzera konbidatzen gaitu.

Lehenengo irakurgai honetan Paulo apostoluak tesalonikarrei egindako zati bat entzungo dogu; sinisten dogunaren testiguak izatera deitzen deusku.


1. IRAKURGAIA: Tesalonikarrei Lehen Gutuna 1, 2-10

Senideok:
Jaungoikoari eskerrak emoten dihardugu beti, zuok guztiokaitik, gure otoitzetan eten barik gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora ekarten ditugu zuen sinismen-egintzak, zuen maitasun-lanak, eta itxaropenaren sendotasuna, Jesukristo gure Jaunagan.

Badakigu, senideok, Jaungoikoaren maiteok, Berak aukeratuak izan zareena. Izan ere, iragarri jatzuen Ebanjelioa ez zan berba hutsetan gelditu zuekan; Espiritu Santuaren indar aberats bihurtu zan eta sinismen sakon. Badakizue zelan jokatu genduan zuen artean, zuen onerako.

Eta zuek gure eta Jaunaren jarraitzaile egin zineen, Espiritu Santuaren pozetan berbea hartuz, hainbesteko estualdien artean. Holan, eredu izan zineen Mazedoniako eta Akaiako fededun guztientzat. Izan ere, Jaungoikoaren berbea zuon bitartez zabaldu da, eta ez Mazedoniara ta Akaiara bakarrik; bazter guztietara heldu da Jainkoaganako zuen sinismena, guk ezer esan beharrik ez izateraino. Izan ere, guztien ahotan dabil zelako sarrera izan genduan zuen artean, eta zelan sasi-jainkoetatik Jaungoikoagana bihurtu zineen, egiazko Jaungoiko biziaren serbitzari izateko eta Harek hilen artetik berbiztutako bere Seme Jesus zerutik noiz etorriko dan zain egoteko: Beronek salbetan zaitue geroko hasarretik.


KANTUA

AGERTU ZURE ERRUKIA.
BEDEINKA, JAUNA, ZURE HERRIA.


Dohatsu, Jaunaren bildur dana,
Haren bideetan dabilana.
Zeure eskuen lana dozu jango,
zoriontsu izango zara ta ondo jatzu joango.

Zure emaztea mahasti emonkorraren antzean,
zure etxe-barruan;
zure semeak orio-kimuen antzean,
zure mahai-inguruan.


EBANJELIOAREN OHARRA

Jesus Jordan ibaian bateatua izan zaneko unea gogoratuko dogu; hantxe entzun ebazan hurrengo berbok: “Hauxe da nire semea, nire aukeratua”; eta berari “entzuteko” deia egiten jaku.

Baitabe, Jesusek, BIDE BAT eta ZEREGIN BEREZI BAT eskeintzen deusku. ALELUIA abestuz prestatzen gara Biziaren Hitza entzuteko.


EBANJELIOA: Mateo 3, 13-17

Aldi haretan, Jesus Galileatik Jordanera etorri zan, eta Joanegana agertu, honek bateatu egian. Joanek, barriz, ez eutson itzi gura, eta honan esaten eutson:
- «Neu izan zuk bateatu beharrekoa, eta zeu zatoz nigana?».
Jesusek erantzun eutson:
- «Itzi oraingoz; holan bete behar dogu Jaungoikoak gura dauan guztia».

Orduan Joanek itzi egin eutson. Jesusek, bateoa harturik, urten eban berehala uretatik; zerua zabaldu zan, eta Jaungoikoaren Espiritua ikusi eban uso-itxuran jaisten eta bere gainera etorten. Eta zeruko ahots batek honan esaten eban:
- «Hauxe da nire Semea, nire Maitea; Beronegan dot nire atsegina».


EBANJELIOA: Mateo 5, 13-16

Aldi haretan, Jesusek honan esan eutsen bere ikasleei:
- «Zuok zaree lurraren gatza. Gatza gazatzen bada, zegaz gazituko da? Kanpora botateko eta oinpean zapaltzeko baino ez da.

Zuok zaree munduaren argia. Ezin daiteke ezkutatu mendi gainean dagoan herria. Argia ere, biztuten danean, ez da lakaripean ipinten, argi-mutilaren gainean baino, etxeko guztiei argi egin deioen.

Bego biztuta zuen argia ere gizonen aurrean, zuen egite onak ikusi dagiezan, eta zeruetan dagoan zuen Aita goratu dagien».


AZALPENA - GOGOETA



DEIAREN ETA BIALKETAREN EZAUGARRIA

OHARRA – AZALPENA

Anai-arrebok: ospakizun honetan mezu asko heldu jakuz. Guztiak, oraintxe biziko dogun momentua argitzeko izan dira.

Ospakizunaren hirugarren zati hau, KATEKISTA-EBANJELIZATZAILE izango diranei deituaz hasiko gara; eta alkartearen izenean Abadeak onartuko ditu.

Ondoren, mundu guztiko kristauak alkartzen gaituan sinismena autortuko dogu.


KATEKISTA-EBANJELIZATZAILEEI DEIA

SINISMEN AITORMENA

OSPATZAILEAK: Senideok: Jainkoaren Hitzak, gure sinismenaren sustraiak Nazareteko Jesusengan eta bere Misinoan dagozala gogoratu deusku; baita zein dan GURE EGITEKOA: Jainkoaren erreinua eraikitzea dan Jesusen egitekoan parte hartzea.

Hori horrela dala:
Sinisten dozue, Jesusek Abba-Aita deitzen eutson biziaren Jainkoagan, gure izatearen hasieran dagoena, maite gaituena eta gure ONA eta biziaren osotasuna bilatzen dauana? Jainko Aita-Amagan sinisten dozue?

DANOK: Bai, sinisten dot.


OSPATZAILEAK: Sinisten dozue Jesusengan, Seme maite eta aukeratua, Jainkoak berari entzuteko esan deuskuna. Sinisten dozue on eginez bizi izan zala. Sinisten dozue Jainkoarekin leiala eta gizakien ondoan egonez igaro ebala bere bizitza; maitasunez emon ebala bere bizia. Kurutzean hil ebela baina Aitak berbiztu egin ebala? Sinisten dozue Jesus gure Salbatzaileagan?

DANOK: Bai, sinisten dot.


OSPATZAILEAK: Sinisten dozue Aitak bialdu euskun Jesusen Espirituagan, gure bidelagun lez? Sinisten dozue berak bizi-barritzen dauala Eleizaren bizia eta gizon-emakumeen bihotzak berak sutzen dituala preminan dagozanengana hurreratzeko? Sinisten dozue Biziaren Espirituan?

DANOK: Bai, sinisten dot.


OSPATZAILEAK: Zuen bihotzera begiratuz: Jesusen Espirituaren laguntzarekin, zuen bizitza eta ekintzakin Nazareteko Jesusen mezuaren LEKUKO izatera konprometitzen zaree?

DANOK: Bai, konpromiso hori hartzen dot.


OSPATZAILEAK: EBANJELIZATZAILE-KATEKISTA izatea eleiz alkarteagaz bat eginda bizitzera konprometitzen zaree?

DANOK: Bai, konpromiso hori hartzen dot.


OSPATZAILEAK: Prest zagoze zuen eginkizuna betetzeko behar diran tresnak erabili, norberen heziketa zaindu, eta gure mundu honetan itxaropen eroale izateko?

DANOK: Bai, prest nago.


OSPATZAILEAK: Barri onaren iragarle izateko, lan horretan iraun eta aurrera egingo dozuen hitza emoten dozue?

DANOK: Bai, nire hitza emoten dot.


OSPATZAILEAK: Senideok, geu gara gure anai-arrebak hartu daben konpromisoaren lekuko: gure alkartearen ebanjelizatzaile-katekista izatearena. Gure indar hutsez ezinezkoa dan lez, Espirituaren laguntza eskatzen dogu.

Prest zagozen ezkero, nik zuen Artzainak, gure ume, gazte eta helduen katekista-ebanjelizatzaile izatera BIALTZEN zaituet. Jesusen Barri Ona ezagutuaz, Erreinua eraikitzen ahalegintzen dan Eleizaren kide izan daitezan.

(Euren gainera eskuak luzatuz, jarraitzen dau:)

Jainko Aita-Ama ona,
on guztien hasiera eta argi guztien oinarri,
zure maitasun misterioa gizadiari agertzeko,
BIZIAREN HITZA dan zure Semea bialdu zeunskuna.

BEDEINKATU () aurrean doguzan anai-arrebok,
Katekesi-Ebanjelizatze lanerako,
gure alkarteak aukeratuak;
Jesukristo eta bere mezua
leialtasunez eta zintzotasunez iragarteko dohaia emon egiezu.

(Eskuan argizaria hartuaz hurrengo ezaugarria prestatzen dabe.

Banan-banan aurreratu eta ospatzaileak agertzen deutsen Bibliaren gainean eskua jarriaz, haren berbak entzuten dauz:)


HARTU EGIZU JAINKOAREN HITZA. HAUSNARTU ONDOREN, EROAIZU ZURE ESKUETAN, ZURE EZPAINETAN ETA ZURE BIHOTZEAN. ZU IKUSI ETA ENTZUTEN ZAITUENAK, JAINKOAREN HITZA EZAGUTZEKO AUKEREA IZAN DAGIELA.

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

Jesusek emoten deuskun konfiantzarekin eta Espirituaren argitara, Jainko Aita-Amari zuzentzen deutsaguz gure eskariak.

1. Zure Barri Ona iragarteko zeregina dauan Eleizaren alde eskatzen deutsugu: gaurko gizon-emakume guztiekana heltzeko gai izan daitela. ESKATU DEIOGU JAUNARI.

2. Sinismenean anai dogun Frantzizko Aita santuaren alde eskatzen deutsugu: guztion laguntzagaz, ebanjelioaren esanetara biziko dan Eleizea eraikitzen joan daitela. ESKATU DEIOGU JAUNARI.

3. Katekista-Ebanjelizatzaile izateko euren berbea emon dabenen alde eskatzen deutsugu: kristau alkartearentzat pozgarri izan daitezan, bete egizuz zure argiz eta adorez. ESKATU DEIOGU JAUNARI.

4. Gogoan doguz gure gaisoak, ezinduak eta beharrizanean sentitzen diran guztiak: gure kristau alkarte honek behartsu guztien ondoan egoten jakin dagiala. ESKATU DEIOGU JAUNARI.

5. Hemen gagozanon alde eta gure alkarte osoaren alde: bakotxak GEURE BOKAZINOA jarraituz, alkartearen onerako zerbait eginez, Jesukristoren jarraitzaile lez agertu gaitezan. ESKATU DEIOGU JAUNARI.

# # #
#
#
# # #

Konpromisorako unea

 

EBANJELIZATZAILE - KATEKISTAREN OTOITZA

Jauna,
zure aukeraketa ustebako bideetatik helduten da nigana.
Pertsona askoren bidez deitzen deuskuzu,
-batzutan ezagunak, bestetan ezezagunak-
euren testigantzaz, euren bizikeraz, euren beharrizanakaz.
Batez ere, behartsuen bidez deitzen deuskuzu
eta baita gure Alkartearen bitartez.

Zure ahotsa argia, hurrekoa eta sendoa da;
gure erantzuna bilatzen dau eta zain dago,
erantzun zabala, konfiantzazkoa eta borondatezkoa,
morroikerizko traba barik, bildur barik, baldintza barik.

HEMEN NAUKAZU, JAUNA!

Eskerrak damotsudaz deitu eta aukeratu nozulako
beste lagun batzuen lankide izateko,
Zuganako bidean.

Eurentzat zure Ebanjelioaren testigu
izan naitela gura dozu,
zure Erreinuaren mezulari,
barri onen oihulari,
argi biztua eta zabaldutako gatza,
euren bizitzaren laguntzaile,
eurentzat altxagarri izango dan legamia,
euren bidelagun,
zure Espirituaz euren begirunezko gidaria.

Zure konfiantzeari erantzuten jakingo ete dot?

Zure Berbaz aratu nagizu,
erein nigan zure bizi-mezua
eta bialdu egidazuz zure euri eta eguzkia, eurrez,
nire lur lehor eta alperrik galduaren gainera,
bizi-lorez eta frutuz jantzi daiten.

Oratu egidazu zure eskuz nire eskutik,
biok batera askoren eskuak oratu dagiguzan
eta pertsona asko bizi barri batera jaso dagiguzan.

Eskerrak Zuri, Jauna,
neu aukeratu eta deitu nozulako
nire anai-arreben
EBANJELIZATZAILE-KATEKISTA izateko.


ESKERRAK EMOTEKO ABESTIA

ESKERRIK ASKO, JAUNA, BIHOTZ-BIHOTZETIK,
ESKERRIK ASKO, JAUNA, ORAIN ETA BETI.


Eskerrik asko, Jauna, gugan zaozalako
eta zure biziaz bizi garalako.

Zure hitzen gozotan zu gure gidari,
ogi eta ardotan Zu gure janari.

Erakutsi deuskuzu zure maitasuna,
ta maitasun bidea dan zuzentasuna.

Zure antzera, Jauna, gaitezela ibili,
Zure antzera, Jauna, on eginez beti.


(Juanjo Elezkano - Disco: “A los pueblos, Jaunari” – Ed. Paulinas)

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

AZKEN OHARRA

Anai-arreba eta lagun guztiok.

Gure Alkartearentzat gaur egun berezia da; alkar zoriondu geintekez. Jainkoak deika jarraitzen dau; andra-gizon, gazte eta helduak, BAKOTXAK geure bokazinoari erantzun behar deutsagu. Gaur, gure Alkarteko batzuen KONPROMISOA ospatu dogu. Jesusen alkartea egiten joatea danon zeregina da.

Gaur, ESKERRAK emoten deutsaguz Jainkoari anai-arreba honeek hartu daben konpromisoagaitik. Euren eginkizuna betetzeko gu guztiokin kontatzen dabe. Prest gagoz lan eder honetan parte hartzeko?

Orain, BEDEINKAZINOA hartuko dogu; eta Jesusen jarraitzaile guztien Ama dogun Mariari abestuz amaituko dogu gure gaurko ospakizuna.


BEDEINKAZINOA


AZKEN ABESTIA

Zure errukizko begiak, Ama,
arren itzuli egidazuz.
Negarrez dagon seme gaixoa
gozatutzen badakizu.
Ama zara ta semien alde
zuk zer egingo ez dozu?
Gure saminak gozatutzeko
zagoz bai hor altaran zu. Ama...

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue