Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

JAUN BERPIZTUAK bere ESPIRITUA emoten dau

# # #

JAUN BERPIZTUAK bere ESPIRITUA emoten dau

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errezenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartea erabagi dogu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezbardinak eskeintzen ditugu. Kontuan izetea gomendatzen deutsuegu.


SARRERA OHARRA

Anai-arreba, senide eta lagunok, Jaun berbiztuaren eta bere Espirituaren presentzia bego gurekin.

Pazko aldian Jaun Berbiztuaren presentzia bizi izan dogu. Gure bihotza eta bizitza aldatzeko gauza dan esperientzia sakona: biziera, jarrerak, pertsonak, historia eta jazoerak ikusten laguntzen deuskuna.

GAUR barriro deitzen deusku, guztioi deitu ere, daukan gauzarik ederrena eskeintzeko, gure ibilbidea argiz, pozez eta adorez bete daiten. Ez gaitu, beraz, bakar eta abandonaturik itzi nahi. Bestetara baino, pertsonalki emon nahi deusku bere DOHAI NAGUSIA dan ESPIRITUA, gure bidelagun izan daiten. Hauxe orain hemen batzearen errazoia.

Oraindino, Jaun berbiztuaren seinale dan PAZKO ZUZIA dogu ospakizunaren ikur. Itzi deiogun keinu horri girotu gaizan. Poz eta bake ederrez ospatu dagigun gure fedea.


KANTUA

Ondoren, Jaun Berbiztuari gure lehen otoitza, abesti honen bidez, bere Espiritua emon deiskun.

Zeru-lurren egile zaran
Espiritu Santua:
zatoz eta bete bihotzak
biztu gugan maite sua. (bir)

Zentzunari argi emonez
eta bihotzari su,
Jaun onaren irudi bizi
danok bihurtu gagizuz. (bir)

Behartsuen Aita zaitugu,
lanpean atsedena.
Nahigabean gure barrengo
poza sortutzen dabena. (bir)

Aldendu, bai, gure etsaiak
ta arimako kalteak;
gugan beti iraun daiala
Zuk emondako bakeak. (bir)

Aita eta Semearekin
Hirutan bat zarana:
orain hemen zaindu gagizuz
gero eroan Zugana. (bir)

(Kantu ondoren Powerpoint bat ikusteko aukera eskeintzen dogu “ZATOZ, ESPIRITU SANTUA”)

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

PAZKO ZUZIA ETA ESPIRITUAREN DOHAIAK

OHARRA: Jesus Jauna, begira gagoz Pazko Gaubelan bedeinkatu zan sutatik biztu zan PAZKO ZUZI hau. Gure Alkarte erdian zuk dozun presentzia ikusten dogu hor. Zuzi honek argitzen deusku bidea eta, fedea biztuz, bihotza berotzen.

Eskerrak, Jauna, egin deuskuzun erregalu honengatik. ESPIRITUA EMONEZ eskeintzen deuskuzuzan DOHAIEZ inguraturik gagoz. Zabaldu, Jauna, gure bihotzak zuk eskeintzen deuskuzuna pozez hartu dagigun.


FRUITU EZBERDINEN OTZARA EDERRA

OHARRA: Jauna, nik frutuen otzara hau dakartzut. Pentekoste, juduen jai bat zan, Pazko jaitik berrogei eta hamar egunera ospatzen zana, eta batzen ziran lehen frutuak Jainkoari eskeintzeko ospatzen ebena. Guk ere, frutu honeek eskeintzen deutsuguz. Zuk errukiz eta eskuzabalez emonak dira; eta gaur, zure Espirituaren dohaien ezaugarri ditugu. Espirituak GU DANOK egin gaitu dohai ugarien otzara eder. Zure Alkartea gara: frutu ezbardinak baina batasun eta maitasun ontzi.


BANDEJA BATEN, KRISMA ONTZIA ETA LEGAMINAREN PLATERTXOA

OHARRA: Bi ezaugarri berezi eta fededunontzat esan nahi haundikoak. Bata, BATEOA eta SENDOTZA sakramentuan erabiltzen dan olio bedeinkatua. KRISMA deritzona. Bateoan eta bizitzan Jesusen eta bere Ebanjelioaren alde aukera egin dabenen izaera barria adierazoten deuskue.

Eta bestea, LEGAMINA, urunez egindako orea jaso dagiken substantzia. Gure gizarte honen barruan zure Seme maite Biziaren aldeko proiektua eta bere BARRI ona aldarrikatu nahi ditugu. Gure ibilbidean lagun dogun Espirituaren dohaia da hau.

# # #
#
#
# # #

Pregoia

 

SARRERA

Senideok: Pazkoak, kristau sinismenaren jazoerarik nagusiena dan ezkero IRAGARPEN BAT, PREGOI bat eskatzen dau. Jainko Aita-Amak errazoia emon deutso Nazareteko Jesusi BETIKO BIZIA emonez.

Badogu errazoirik pozik egoteko. Bere Alkartekook, bere Eliza garanok, lau haizetara aldarrikatzen dogu, gure KANTU, HITZ eta EKINTZEKIN. Jesukristoren biztueraz MUNDU BARRI baten hasierea aldarrikatzen dogu.

Momentu hau sakontasunez bizitzeko prestatzen gara; Jesu Kristorengan BIZITZA BARRI baten hasiera dogu.

Buru-belarriak zuhur izanez entzuten dogu.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

Jesus Biztuaren Espiritua,
geure txirotasunetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure makaltasunetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure fedetik dinotsugu: etorri zaitez;
geure guraritik dinotsugu: etorri zaitez.
Maitasunez dinotsugu: etorri zaitez.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Aita-Ama, bialdu zeure Espiritua:
aldien hasieran nahas-mahasen gainetik ebilen Espiritua:
kreazinoaren sorreratik dana biziz beteten dauan
eta unibertsoa indarrez beteten dauan Espiritua;
basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen ebana;
profeten bidez berba egin ebana eta gaur be egiten dauana,
eta haizeak eroaten dituan berbak baino berba ozenagoa daukana;
bihotz gogorrak aldatzeko gauza dana;
isiltasunaren eta ahazmenaren
haranean sakabanatuta dagozan hazurrei
bizia emon ahal deutsena;
zeure Semearen Espiritua.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Jauna, bialdu zeure Espiritua
eta edegi eiezuz gure bihotzak gizon-emakumeen
sufrimentuari eta kurutze, heriotza, odol, garrazi,
bihurtutako zotinari eta minari.
Atara eizu gure begietatik harrokeriaren gure estalkia
eta ikusi daigula bizitza hau guztiau dala, dana batean:
dohaia, norbera emotea, oparia, entzutea, errukia, gorespena,
zerbitzua, burrukea eta otoitza.
Zure Espiritua, Jauna, isuri daitela gure gainera
eta Berak bideratu, igurtzi eta zureak egin gaizala.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Emon eiguzu gauza ez danaren, txiroaren, apalaren zentzuna;
gitxiaren, ezerezaren, makaltasunaren zentzuna;
zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzuna.
Emoiguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza dan bihotz apala.
Emoiguzu zure errukia sumatu daian
eta gure norberekeriaren hesia apurtu daian bihotza.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Isuri eizu gure eskuetara zeure Espiritua,
bialdu eizu sua gure bihotzetara.
Bota zure arnasea sinisten dabenengan, ezbaian dagozanengan,
maite dabenengan, bakarrik dagozanengan,
zuzentasunaren alde jokatzen dabenengan,
bakearen alde burrukatzen dabenengan,
etorkizuna eraikitzen dabenengan.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Barri Ona iragarteko,
munduan maitasunaren lekuko izateko,
alkartea eraikitzeko eta ondasunak alkar banatzeko,
mahaia danei edegiteko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko, ordua da.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Espirituaren eguna da,
alkartearen eta egiaren ordua,
askatasunaren helduerea,
Espirituz eta Egiaz gurtzen dabenen lekua,
barriro jaio gura dabenen aldia.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.



Danerako ahalmena emoten dauan Espirituaren aldia da.
Orain, Erreinua ibilian jarri da, eta Jauna dogu gure indarra.
Orain, fededunok esan daikegu:
“Bakea eta poza iragartera bialdu nau”.
Hemen eta orain, zure lekuko izan gura dogu, Jauna.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAIEZ BETE MUNDUA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Senideok: Pregoia entzun ondoren, BIZIA DAN HITZA onartzeko prestatu gaitezan. Lehen kristauak esperientzia hauxe izan eben Jesus Alkartearen erdian eta iragarten zan Hitzean sentitzeko.

Jesus berbiztuarekin topo egiterako bidean garrantzi aparta izan eban, alkarturik egozan senideentzat, HITZAK, EUKARISTIAK eta ALKARTEAK. Poliki-poliki, Berbiztuaren presentzia azaltzen joan jaken eta euren bizitzak aldatzen.

Baina, prozesu hau bere betera eroan eban Berbiztuak dohai haundi bat emonez: Biderako laguna eta Maisuak proposatzen eutsen Misinorako bultzada gertatuko jaken ESPIRITUA.

Hemen gagoz, gaur ere, Berbiztuarekin TOPO EGIN nahirik eta bere Erreinuko hazia ereiteko eta Aitak aginduriko Misinoa betetzeko asmoz.

Bihotz onez onartu dagigun Ebanjelioko atal hau eta itzi deiogun argitu gaizan.


EBANJELIOA: Joan 20, 19-23

Astearen lehenengo egunaren iluntzean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, judeguen bildurrez. Sartu zan Jesus, eta euren erdian zutunik, esan eutsen:
- «Bakea zuekin».
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziran, Jauna ikustean.

Jesusek, barriro ere:
- «Bakea zuekin. Aitak Ni bialdu nauan lez, Neuk ere bialtzen zaituet zuek».
Eta hori esanez, hareen ganera arnasa-egin eta esan eutsen:
- «Hartu egizue Espiritu Santua: zuek pekatuak parkatzen deutsazuezanei, parkatuta gelditzen jakez; eta lotzen deutsazuezanei, lotuta gelditzen jakez».


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK


ALKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jaun berbiztuak GUREKIN KONTATZEN DAU. Hitza entzun ondoren eta eskeini deuskun bidea onartuz, gure asmoen barri azaltzen dogu orain. Espirituaren laguntza dogula ez dagigun ahaztu.

KANTUA (Salmoa)

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)


Ene arima, goratu egizu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari dirala, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago.

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)


Izan bedi Jaunaren ospea sekuletan,
poztu bedi Jauna berak eginetan.
Atsegin bekio nire olerkia,
nire poza da Jainkoa.

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

BIZIA DAN HITZA entzun dogu. Jesus berbiztuaren garaipenetik sortu ziran bizi barriaren testiguei eta Espirituaren dohaiak bere betera eroan eutseen dizipuluei lez, indartuko deusku guri ere bihotza.

Hartu dagigun otoitzerako unetxo bat. Bakez. Prisa barik. Gogotsu. Bihotzaren isilean, egin dagigun otoitz.

(1. “ESPIRITUAREN DOHAIAK” (Powerpointa) ikusi.

2. “Azalpen orria” hartu eta dohai bakotxaren aldarrikapen bat egin.)

Dohai bakotxari dagokiona entzun ondoren, adierazi deiogun alkarri, gu bakotxari Espirituak esana. Edo eta, otoitz dagigun Jesusengana hurreratuz, hemen alkartekide ditugunon alde zerbait eskatuz.

Parte hartze bakotxaren ondoren, isilunetxo bat itziko dogu, entzun doguna onartuz eta egin dan otoitza geurea eginez.

Bakez egin dagigun otoitz.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ELKARTEKO OTOITZA

EZ DOT, EZ, NIK LURRIK BERTAN BEHERA IZTEN,
EZ DOT NIK GIZONIK INOLAZ AHAZTEN.
BANAUZUE ERE BEGITATIK GALTZEN,
BARRIZ IKUSIKO NAUZUE ETORTZEN.


Zertan zagoze hor zerura begira?
Zuen pozaldiak norantz galdu dira?
Aldenduagatik zuen idurira,
zeuron bizitza naz ta bizitz-pilpira.

Hasirik dozue zeruko bizitza,
zuek zaituet nik frutu aberatsa.
Aitak hor zaitue onartu bakoitza,
zeruan nirekin dagizuen aintza.

Zoazte mendebal ta eguzki-aldera,
urten sinistedun danak salbatzera.
Hotsegin: "Kristoren ordua bete da".
Zuen zereginak orain dau hasiera.


ALKARTEKO OTOITZA

AITA, ESKERRIK ASKO ESPIRITUAGAITIK

Bedeinkatzen zaitugu, Aita-Ama, Espirituaren dohaiagaitik,
zure Semearen bidez munduari eskeinia.

Hasieran egin zenduan, gauza guztien hasieran,
unibertsoa Espirituaren berotara sortzen egoanean
mundu argitsu eta bizia eginez
eta bertan gizakia jarriaz.

Eskerrak emoten deutsuguz, Espirituaren bitartez,
sortzen, zaintzen eta edertzen jarraitzen dozulako,
gure ibilbidea alaitzeko
eta zure Erreinuaren hasikinak gozatzeko.

Bedeinkatzen zaitugu, zure Espiritua
gizon eta emakume, ume eta helduetan ipintearren;
eta giza historian
dohai hori beti erabili izan dozulako:
epaile eta agintarietan, indar Espiritua;
lider leialetan, zuzendari Espiritua;
ikertzaile jakintsuetan, sortzaile Espiritua;
artista eta olerkarietan, amets Espiritua;
bialdu pobreetan, solidaritate Espiritua;
betiko herrian, bizi Espiritua.

Bedeinkatzen zaitugu, batez be, Jesukristogaitik,
munduko gauzarik ederrena,
parebako gizon “espirituala”.
Espirituaren argitara bizi izan zan,
pobreak ebanjelizatuz,
guztiak lagunduz eta indartuz...
biztu zanean,
Eleizeari eta bihotz zintzoz bila dabizan guztiei
Espiritu berbera iragarri arte.

Zure Espirituaren ekintza goratzen dogu
profetengan,
erreformatzaileengan,
hezitzaileengan,
iraultzaileengan,
martiriengan,
santuengan,
pertsona on guztiengan...

Espiritu horrek emon deigula
egiaren, zuzentasunaren eta maitasunaren alde
burrukatzeko indarra,
guztiak ulertzeko argia,
zerbitzeko laguntza,
maitatzeko bihotz handia,
bizitzeko solidaritatea,
itxaroteko eroapena...

Aita-Ama,
zure Espirituaren haizea bialdu Eleizara,
batasuna eta ebanjelio bizigarria emonez;
herri, erraza eta nazino guztietara
askatasuna, bardintasuna eta anaitasuna ekarriaz.

Munduan eta historian
zure Espirituaren eragina ikusi dagigula.
Zientzian, kulturan, lanean, teknikan
aurkitzen lagundu eiguzu;
zeru barrien eta lur barrien etorrera,
gizakia eta Espiritua
alkarregaz prestatzen dabizan gauza guztietan.

Jesukristo, zure Seme berbiztua eta gure anaiaren bitartez.
AMEN.



ESPIRITU SANTUA, ERAKUTSI EIGUZU

Espiritu Santua,
Jesusen Espiritua,
zatoz guregana,
ernaldu
gure alkarteak,
emoiguzu indar eta kemen
Ebanjelioa bizitzeko
eta Erreinuaren alde borrokatzeko.

Espiritu Santua,
Jesusen Espiritua,
adore emon gure indarrei,
eutsi gure ezinetan,
lagundu bereizketak egiten,
gatazkak
ez gaizan geratuazo.
Jesusen apustuan
aurrera egin behar da!

Erakutsi eiguzu
zelan gaurkotu
Jesusen Erreinuko
baloreak eta aukerak.

Espiritu santua,
Jesusen Espiritua,
aditzera emoiguzu
Aitaren aurpegia,
bere argitan,
bilatu dagigun
bere Proiektuari zerbitzea
justizian
eta danontzako bizian.

# # #
#
#
# # #

Konpromisorako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“JAUN BERBIZTUAK BERE ESPIRITUA EMOTEN DAU”, hauxe izan da ospakizun honetarako gaia. Hori bizi nahi izan dogu. Ondoren, guzti hori zelan biziko dogun agertzera goaz. Bizi nahi doguna agertzeko unea da. NIRE KONPROMISOAREN ordua da.

Otoitz giroan jarraitzen dogu. Hortik lortuko bai dogu gure konpromisoa sendoa eta pozgarria bihurtzea.

Otoitz apal batzuen bidez edo eta isilean, Jesus berbiztuari eta bere Ebanjelioari zelan jarraitu nahi deutsogun bakotxak agertzea ondo legoke. Jokatu dagigun askatasunez.

Hona hemen, expresa-bide errez bat: POSTAL bat emon jaku ospakizunera sarreran. Gure konpromisoa, Espirituaren dohai bat aukeratuz idatzi daikegu, emon diran azalpenak erabiliaz, eta abotsez azaldu taldekideei edo nire dohaia kartoizko tiran aurkitu, postalarekin ikutu, aitaren egin eta nire jarlekura bihurtu.

Ezaugarri honekin gure BATEOA gogorarazi eta BARRITZEN dogu; eta era berean, Jesus berbiztuak bere Espirituaren bidez emoten deuskun Bizi Barria adierazten dogu. Konpromiso honen bidez bere LEKUKO edo TESTIGU izan nahi dogu.

Konpromiso bakotxaren azalpen ondoren, antifona bat abestuko dogu.

GORA JAINKOA, EGIN KANTU,
BIHOTZ HAUTSIAK BIZTEN DITU.

Bakotxa lasai eta aske sentitzea da bidezko. Garrantzitsua bakotxaren konpromisoa da ta.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senideok: ospakizuna amaitzera goaz. “JAUN BERBIZTUAK BERE ESPIRITUA EMOTEN DAU”, da egin jakun proposamena. Orain dogu aurrean erreza ez dan ERRONKA.

Baina, Jaun Berbiztua GUREKIN FIATZEN da. Eta garai haretan apostoluak lez, gu bialtzen gaitu gaur gugan biztu dauan BIZI BARRIAREN lekuko izatera.

Badogu zer egin. Sentitu dagigula Jaun berbiztuaren eta bere Espirituaren presentzia gugan.

Eta, ziur gagoz, ANDRA MARIA, Jesusen Ama, bidelagun dogula, gure ahaleginean indar eta poz. Eta Ama. Ongi izan!

Bialduen kantu honekin amaitzera goaz ospakizuna.


KANTUA

Maitasun ta zuzentasunez dagigun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dogu distiratsu egun sentiko argitasun.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI. (bir)


Zerua eta lurra barriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI. (bir)

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue