Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

Jaun BERBIZTUAREKIN bat egin

# # #

Jaun BERBIZTUAREKIN bat egin

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errezenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartea erabagi dogu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezbardinak eskeintzen ditugu. Kontuan izetea gomendatzen deutsuegu.


SARRERA OHARRA

Senide eta lagunok: PAZKO ZORIONTSUAK guztioi!

Alkarrri eskeintzen deutsagun agurra da. Badogu horretarako arrazoirik. Bere IBILBIDEAN laguntzen dogun eta BERE JARRAITZAILEAK izan gura dogun Jesus hau, honek garaitu dau gaitza eta heriotza bera. Jainko berbera izan da horrela erabaki eta burutu dauana. Hauxe da gure pazkoako agurraren arrazoia.

Horrengaitik, GAUR, Pazkoko aldi honetan, poz honetan sakontzeko eta hain sakona dan ESPERIENTZIA hori GAURKOTZEN eta BIZIBARRITZEN alkar animatzen gara. Izan ere, Pazkoa, Jaun berpiztuarekin AURKITZEKO gonbidapen pozgarria da; itzi deiogun gure bihotza ikutzen eta eraldatzen bere bizi-estiloa geuganatu arte.

Hau da gure gaurko topaketaren arrazoia. Hori dala eta ZEINU berezi bategaz hasiko dogu: INTSENTSUAK topaketa-ospakizun hau girotu daiala eta bere anai-arreben artean aurkitzen dan Jaun Berbiztuaren aintzarako izan daitela.

Bakez eta pozez bizi dogu momentu hau. Jaun Berbiztuari egiten deutsagun agurra dogu.


KANTUA

Orain, kantu honekin, gure pazko poza agertzen dogu.

Abestu dagigun danok
misterio haundiena;
garaiturik heriotza,
biztu da Jesus Jainkoa.

Aleluia!, Aleluia!
hilobitik biztu Jauna! (bir)


Ekaitzaren ondorean
eguzkia agertzen da;
garaiturik heriotza,
Jesus ona berbiztu da.

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

PAZKO ZUZIA

OHARRA: Jauna, Pazko Gaubelako su barrian isiotutako PAZKO ZUZIA begira gagoz. Bertan zure presentzia bizia ikusten dogu. Zuzi honek gure ibilbidea argitu, gure bihotza berotu eta gure sinismena sendotzen dau. Eskerrik asko, Jauna, egin deuskuzun erregaluagaitik.


UR BEDEINKATU ONTZIA

OHARRA: Jauna, Pazko Gaubelan URA beste elementu garrantzitsu bat izan zan; Egiptoko esklabotasunetik askatzea agertzen dau batetik, eta Kristo Berbiztua dan UR BIZIAN murgiltzea bestetik. Gure BATEOA han barritu genduan eta Jesusen antzera BIZI BARRI bat bizitzeko konpromisoa eskuratu. Eskerrik asko, Jauna, gure Bateoaren dohaiagaitik.


KANPOKO LORA SORTA BAT

OHARRA: Lora sorta honek, Jauna, Jesusen Pazkoan bizi barria agertzen deusku eta horrek dakarren edertasuna. Eskerrak bihotzez, pazko honetan bizi dogun guztiagaitik. Gure bizitza edertasunez beteriko lora txorta honen antzekoa izatea gustatuko litzakigu.


INAUSTEKO ARTAZIAK

OHARRA: Baina kontzienteak gara, Jauna, Jaun Berbiztuarekin AURKITZEAK, gure bizitza landu beharra ekarriko deuskula. Zure laguntzarekin, prest gagoz zuk gure bizitzak landu daizuzan, frutu barriak eta ugariak emon daiguzan.

# # #
#
#
# # #

Pregoia

 

SARRERA

Senideok: Pazkoak, kristau sinismenaren jazoerarik nagusiena dan ezkero IRAGARPEN BAT, PREGOI bat eskatzen dau. Jainko Aita-amak errazoia emon deutso Nazareteko Jesusi BETIKO BIZIA emonez.

Badogu arrazoirik pozik egoteko. Bere Alkartekook, bere Eleiza garanok, lau haizetara aldarrikatzen dogu, gure KANTU, BERBA eta EKINTZAKIN. Jesukristoren biztuereaz MUNDU BARRI baten hasierea aldarrikatzen dogu.

Momentu hau sakontasunez bizitzeko prestatzen gara; Jesu Kristorengan BIZITZA BARRI baten hasierea dogu.

Buru-belarriak zuhur izanez entzuten dogu.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

1.

Argia, lurraren mugetara arte egin dedila
eta poztasunak gizakien bihotzetan gainezka egin;
bakearen itxaropena barriz jaio dedila;
bizitza indarrarekin agertu dedila,
eta maitasuna indartsu isuri dedila
gure erlazinoak harmoniaz betez.
Graziazko eta bakezko urte barri honetan
indartsu eta itxaropentsu iragarten deutsuegu:
Kristo bizi da berbiztu dalako!

Ebanjeliotik agertzen dan indarrarekin
iragarten dogu,
kristau guztiontzat Jainkoaren ahalmena dan
eta gure oihua
eguneroko oiturakerian galduko ez dan itxaropenarekin.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



2.

Nire abotsak gizakien bake oihua izan nahi dau,
Eleizaren oihua,
Kristo biztu dala
eta gu ere biztuko garala aldarrikatzen dauan oihua.

Abots barik geratu arte
nire abotsak aldarrikatuko dau
merezi dauala
bizi izatea eta bakeagatik borroka egitea,
maite izatea eta sufritzea,
kantatzea eta arriskatzea,
Kristo berbiztu dalako!

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



3.

Eta gertaera honek, anai-arrebok,
komunitatean alkartuta mantentzen gaitu;
bata-bestean ondoan ipinten gaitu,
Kristok inauguratzen dauan giza solidaritate barrian;
gure aurpegietan irribarre barria sortzen dau
eta gure eskuak lanerako prest ipini;
zeruetako Aita-amari eskerrrak emotera garoaz
bere denda gure artean ipini daualako,
eta berbiztutakoak,
gure poztasunak eta tristurak
gure grinak eta egonezinak partekatzen ditu.

Kristo berbiztu da. Kristo bizi da.
Pazkoa, graziazko, maitasunezko,
poztasunezko eta bakezko aldia da.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



4.

Lurreko behartsuak
zoriontsu diran denpora dogu,
pobreziatik urtetera bultzatzen dauan indarra
Kristo dalako.

Ezer ez daukeenak,
zoriontsu diran denpora dogu,
Kristok lurraren nagusitasuna emoten deutselako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



5.

Sufritzen dabenen eta negar egiten dabenen denpora da,
Berbiztearen osotasunetik
euren zoriontasuna argitzen dalako.

Euren borondatez bizitza behartsuen artean
bakeagaitik eta zuzentasunagaitik arriskatzen dabenen denpora da
Kristoren garaipena euren garaipena dalako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



6.

Torturaren bidegabekeria eta kartzelako izen galtzea
sufritzen dabenen denpora da,
euren bidea Biztueran amaitzen dalako.

Milaka BOLUNTARIOEN denpora da
fededunak eta ez fededunak,
mundu guztian zabalduta,
behartsuenen artean Jainkoaren errukiari,
eskuak, oinak, aurpegia, eta bihotza ipinten deutsezela.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



7.

Gizarte indartsu eta farisearrak
baztertutako guztien denpora da,
pekatari eta emagalduekin batera
Jainkoaren Erreinuan lehen izatea itxaron leikelako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



8.

Senideok: Pazkoa da,
Jauna pasatzen da bere herriaren erditik;
askatasunaren eta bakearen aldia dogu.
Pregoi honek, gizaki askoren bihotz gogortua ikutu
eta bigundu gura dau,
Jainkoaren maitasunari atea zabaltzeko.
Zergaitik bilatu hilen artean bizirik dagoana?

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



9.

Gure Pazkoa izango da,
indarrez agertzen jakun Kristo aintzatsuari
gure bihotza zabaltzen badeutsagu.
Gure herriko eta munduko bakearen alde
bakotxak bere neurrian
gure bihotza lanerako zabaltzen badogu.
Kristo berbiztu da. Kristo bizi da.
Eta alkarrekin gurea ere badan
bere garaipena ospatzen dogu.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



10.

Alkarrekin zatitzen dogu ogia,
eta gure bihotza pozten dauan ardau barria edaten.
Jainkoa eskeintzen jakun ITUN hau onartu dagigun,
lur barri baten alde jokatzeko poza eta eskaerea da,
esker onari eta itxaropenari geure bihotza zabalduz,
gure abotsa,
Jauna maite, itxaron, otoitz eta abesten dauan
Jainko herriaren abotsagaz bat egin dagigun.
Jainko ta errege bizi da ta gizaldi eta gizaldietan.
AMEN.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Anai-arrebok: Biziaren Hitza entzuteko prestatzen gara. Jaun Berbiztuaren lehen lekukoak testigantza argi bat eskeintzen deuskue: Berbiztuak, “Idazki Santuak ulertzeko euren adimena zabaldu eban”. Eta hemen egoan euren aldaketaren giltza.

HITZA, EUKARISTIA eta ALKARTEA, Jesus Berbiztuarekin aurkitzeko prozesuan, elementu garrantzitsuak izan ziran. Poliki-poliki PRESENTZIA BARRI baten esperientzia egi bihurtzen joan zan, eta honek euren bizitzak aldatu ebazan.

Gu ere bidean goaz; Jesus berbiztuarekin AURKITZEAREN ESPERIENTZIA geuganatzeko gogoaz. Bere hitza geure barruan onartuz, argitu gaizala, eta gure sinismenaren lehen testiguen antzera gu ere aldatu gaizala.


EBANJELIOA: Lukas 24, 13-35.

Jesusen ikasle bi, Jerusalendik ordu biko bidean dagoan Emaus izeneko herri txikira joiazan. Eta jazo-barri guztietaz alkarregaz berbetan ziharduen. Alkarregaz berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken, eta eurakaz batera joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan, eta ez eben ezagutu.

Harek esan eutsen:
- «Zer da bidean dakazuen berbeta hori?».
Eta arpegi ilunez gelditu ziran. Kleofas eritxon biotako batek, erantzunez, esan eutson:
- «Zeu bakarrik zaitugu hain arrotz Jerusalenen, egunotan han jazo diranak ez jakiteko?».
Jesusek erantzun:
- «Zer, ba?».
Eta hareek:
- «Nazareteko Jesusi jazotakoa. Profeta zan, egitez eta berbaz gizon ahaltsua, Jaungoikoaren eta herri guztiaren aurrean; zelan abade nagusiak eta gure agintariak heriotzarako emon eta kurutzean josi eben. Guk, barriz, Israel askatuko ebana Bera zala uste genduan; baina hirugarren eguna da hori jazo zala. Gure arteko emakume batzuk, barriz, harrituta itzi gaitue: goizean goizetik hilobira joan eta Jesusen gorpua aurkitu barik bihurtu ziran; eta bizi dala inoen aingeruak ikusi ei ebezan. Joan ziran gutar batzuk ere hilobira; eta emakumeak esandako lez aurkitu eben: Bera, ostera, ez eben ikusi».
Orduan Jesusek esan eutsen:
- «Bai zentzunbakoak zareela eta profeten berbak sinisteko motelak! Ez eban, ba, Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko?».

Eta Moisesegandik hasi eta, profetarik profeta, Liburu Santuan Haretaz idatzitako guztia agertu eutsen.

Joiazan herrira heldu ziranean, Berak aurrera joialakoa egin eban. Baina hareek, geldituazo nahiez, arren eta arren inotsoen:
- «Zagoz geugaz; berandu da, eta eguna iluntzen doa».
Eta hareekaz gelditzeko sartu zan.

Eurakaz mahaian egoala, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta emon eutsen. Orduan edegi jakezan begiak eta ezagutu eben. Bera, ostera, ezkutau egin jaken.

Orduan honan esan eutsoen alkarri:
- «Ez ete genduan sutan gure bihotza, bidean berba egiten euskunean, eta Liburu Santuak adierazoten euskuzanean?».

Eta berehala jagi ta Jerusalenera bihurtu ziran. Han aurkitu ebezan Hamaikak eta euron lagunak esaten:
- «Biztu da Jauna benetan, eta Simoni agertu jako».
Eurak ere adierazo eben bidean jazo jakena, eta zelan ezagutu eben, ogia zatitzean.


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Emausko ikasleei Jesus agertu jakeneko kontaketa honek kristau bizitzako sinismen bidea ezagutzera emoten deusku, oinarri biren gainean: Jaungoikoaren Berbea eta Eukaristia. Jaunagazko esperientzi hau momentu erabagigarri bitan agertzen jaku: a) Ikasleak Jerusalendik, hau da, alkartetik aldendutea, Jesusen sinismenetik, eta lehengo bide zaharrera bihurtzea (13-29. aa.); b) Jerusalenera bihurtzea, ikasleen alkartearen poza eta sinismena berreskuratuz (30-35. aa.).

- Hasierako nahaste-borraste barruan, Jesus, bidari baten itxuran, ikasle burumakur eta kikilduakana hurreratzen da, eta, eurakaz alkarrizketan sartuta, lagundu egiten deutse, Eskriturak argituz, Jaungoikoaren asmoak azalduz eta galdutako itxaropena berreskuratuz. “Eta Moisesegandik hasi eta, profetarik profeta, Liburu Santuan Haretaz idatzitako guztia agertu eutsen” (27. a.). Lukasen katekesia argia da: Kristau Alkarte bat Jaunaren Berbea entzutera prestatzen danean, Eskrituretan agertzen danez, eta Eukaristia bere bizitzaren erdian jarten dauanean, apurka sinismenera bihurtzen da eta Jaun Berbiztuaren esperientzia egiten dau. Berbeak eta Eukaristiak osotzen dabe mahai zabal bakarra, Eleizea Aitaren etxerantzako erromesaldian janarituz. Emausko ikasleak, Jesusegaz izan eben esperientzia honi esker, berehala konturatu ziran Jaun Berbiztua aurkitzen dala, anai-arrebak Pedroren inguruan batuta dagozan lekuan.

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Zoragarria Lukasek eskeintzen deuskun bere eta kristau Alkartearen sinismenaren katekesia! Zehaztasun guztiak dagoz bertan batuta sentiberatasun eta sikologi girokoak batez ere. Ikasleak lurjota eta gogogalduta, azaleko oinarri gaineko sinismenez (Mesiasi buruzko euren “eritziak”), etxerantzako bidea hartzen dabe, lehengo mundu zaharreko bidetik doaz: “Guk uste genduan”... (21. a.); orain hor doaz burumakur eta lurjota; gainera, euren begiak be motelduta dagoz eta ez dabe ezagutzen. Kontrara, atzerantzako bidea guztiz ezbardina da: pozez beterik, Eskrituretako argiz plen-plen, euren artean bizi izandako esperientzia alkarbananduz, Alkarteari noiz iragarriko, anaiartean noiz egongo egarriz. Haruntz-honunzko bidea luze egin da.

- Eskritura Santuak ulertzeak eta aztertzeak asko lagundu eutsen Berbiztuaren presentzi barria ezagutzeko; “ogia zatitzeak”, Eukaristiak, lortu dabe euren begiak argitzea eta... “orduan edegi jakezan begiak eta ezagutu eben” (31. a.). Eskriturak itzartu deutse bihotza; Eukaristiak guztiz aldatu dau euren bizitzaren ikuspegia. Orduan hartzen dabe Alkarterako bidea, anaiartera; han jarraitzen dabe alkartuta, eurak be Berbiztuaren presentzia barria txastatuz. Lukasi zor deutsogu Berbiztuagaz topo egiteko bideko gora beherak: ziur eukiz, Bera agertuko jakula (nahizta lehenengotan ezagutu ez), hor dagoz Eskriturak, hor dago Eukaristia edo ogi zatitzea; hor dago Alkartea eta bertan anai-arrebak. Hortxe egiten da presente -eta zelan egin be!- Berpiztua.


ALKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jaun Berbiztuak gurekin kontatzen dau. Pentsatu daigun ze bide egin behar dogun berarekin aurkitzeko. Berarekin aurkitzen dana, bialdua da; Jaun Berbiztuak bialtzen gaitu bere LEKUKO izatera.

KANTUA

Bizi da Jauna, bizi da! (bir)
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna,
bizi da gure artean! (bir)


Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Biztu da, Kristo biztu, gure eguzkia,
nagusi da argia.

Ilunpetatik Berak gu atara gaitu;
munduaren diztira Berak dau barritu,
Berak gaitu biztu.

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

BIZIAREN HITZA entzun dogu. Hitz horrek, Emausko ikasleen bihotza ikutu eban lez, gurea be ikutu daiala. Berbiztuaren BIZI BARRI horretan murgildu gaitezan, hausnartuz, gure bizitzan eragina izan dagian.

Otoitzerako MINUTU BATZUK izten doguz. Bakean. Prisa barik. Gogoz. Gure bihotzaren isiltasunean egiten dogu otoitz.

Baten batek, alkartearen onerako zerbait esan gura badau, askatasun guztiagaz egin daiala; otoitz bat, eskari bat, esker oneko eskaria…

Berbaz parte hartzen badogu, batetik bestera isilunea egiten dogu, esandakoa norberaganatzeko.

Bizi dagigun une hau bakez eta esker onez.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ELKARTEKO OTOITZA

JESUS JAUNA DA

Esan egizu bihotzez: Jesus Jauna da.
Esan egizu ezpainez: Jesus Jauna da.
Ezarri egizu zure erraietan: Jesus Jauna da.
Zure ahotsez abestu egizu: Jesus Jauna da.

Jesus Jauna da:
askatasun argizuzi,
alaitasun iturri,
bake haize,
heriotz guztien gain garaipena;
lurraren gailurrean garaikur,
gure izatearen sakonean eguzki,
gure ibilpidearen helmuga,
bizitzan eta itxaropenetan lagunkide…
inork inoiz kenduko ez deuskuna.

Jesus Jauna da:
beragandik sortzen da bizia,
beragan gure itxaropena,
beragaz on guztia,
berari gure aintzaren autorpena,
berarentzat gure gogoa,
beragaitik gure betetasuna;
bera da zuzentasuna,
bera gure salbamena...
inork inoiz kenduko ez deuskuna.

Jesus Jauna da:
jadanik ez da beste jaunik;
diruaren eta osasunaren jaunak,
armen eta legeen jaunak,
poterearen eta negozioen jaunak,
demokraziaren eta estatu egoeraren jaunak,
haragiaren eta jauretxearen jaunak,
mundu honetako printze guztiak,
ilunpeetako jaunak
menderatuak dagoz.

Jesus Jauna da:
bizi dana eta biziazoten dauana;
osatu, bizibarritu eta salbatzen gaituana
atzo, gaur eta beti.

Jesus Jauna da.
Ez dago beste jaunik.
Jesus gure Jauna da.


Ulibarri, Fl.

# # #
#
#
# # #

Konpromisorako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“JAUN BERBIZTUAREKIN BAT” izan da gaurko otoitzaldiaren proposamena. Horrela bizi gura izan dogu. Orain, gura dauanak, Pazko aldian zelan bizi izango dauan esango dau. NIRE KONPROMISOA bizitzeko eta agertzeko unea da.

OTOITZ giroan egiten dogu, horrela lortuko dogu pozez beteko gaituen konpromiso bat egitea.

Berbaz edo isiltasunean egin geinke. Askatasun guztiagaz. Baina ondo legoke Jesukristo berbiztuaren JARRAIPENEAN egiteko prest gagozan zerbait esatea.

Keinu bat ere egin geinke. UR BEDEINKATUAREN ONTZIRA hurreratu, eta “Aitaren” egin.

Ekintza honekin geure BATEO EGUNA gogoratu eta barriztatzen dogu; baita be Jaun Berbiztuak gugan sortzen dauan BIZI BARRIA. Berak TESTIGUAK behar ditu eta gu horretarako prest gagozala agertzeko era bat da.

Jendeak parte hartzen badau, bakotxaren ondoren antifona labur bat abestu daiteke (hurrengo hau edo beste ezagun bat).

Izan zaitez beti, Jesus maitea,
gure bihotzaren Jaun ta Jabea.

Bakotxa lasai eta aske sentitzea da bidezko. Garrantzitsua bakotxaren konpromisoa da ta.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senide eta lagunok: gaurko ospakizun hau amaitzera goaz. “JAUN BERBIZTUAREKIN BAT” izan da proposamena. Gure eguneroko bizitzan ERRONKAK hor jarraitzen dau.

Jaun Berbiztua gutaz FIATZEN DA. Lehen testiguak bialdu ebazan antzera, GAUR gu bialtzen gaitu; gure bihotzetan sartu dauan BIZI BARRIAREN testiguak izatera bialduak gara.

Badogu ZEREGINA. Jaun Berbiztuaren presentzia eta bere Espirituaren indarra ia sentitzen doguzan. Jesusen ama Maria gurekin dator gu laguntzen eta animatzen. Izan bihotz!

Itxaropena eta konpromisoa agertzen dauan kantu honekin amaitzen dogu.


AZKEN ABESTIA

Maitasun ta zuzentasunez dagigun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dogu distiratsu egun sentiko argitasun.

Alkartuta goazen aurrera kantari,
bideak zabalduz betiko pozari. (bir)


Zerua eta lurra barriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

Alkartuta goazen aurrera kantari,
bideak zabalduz betiko pozari. (bir)

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue