Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

MARIAREKIN JESUSEKIN bat egin

# # #

MARIAREKIN JESUSEKIN bat egin

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errezenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartea erabagi dogu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezbardinak eskeintzen ditugu. Kontuan izetea gomendatzen deutsuegu.


SARRERA OHARRA

Senide eta lagunok: ondo etorriak ospakizun honetara.

Hartu daigun Mariaren irudiarekin emon jakun orritxoa, eta isilunea egiten dogu, begiratzeko, pentsatzeko eta otoitz egiteko.

(isilunea)

ABENDUAN gagoz, graziaz eta biziaz beteriko aldia. Itxaroten genduana eta gure artean dogunaren bila urtetzeko aldia. Horregaitik ez da gertatutakoaren “gogoratze hutsa”; gure jarrera benetakoa bada eta bera hartzeko prestatzen bagara GAUR eta HEMEN ere gertatuko da.

Eta ibilbide honetan NAZARETEKO MARIA lagunik onena dogu. Itxarote hori, beste inork bizi izan ez dauan lez bizi izan eban berak. “Jainkoa gure artean” izatearen aurrean, “Amari” eta “sinismendunari” begiratzea lagungarri jakuz: Hortik gaurko ospakizunaren ikurra edo esaldi nagusia: “Mariarekin Jesusekin bat egin”.

Mariarekin bat egiten dogu, eta itxarote aldi honetan berari begiratuz eta bere sentipenak geureganatzen ahaleginduz, Mariaren begiekin eta bihotzarekin begiratzera konbidatuak gagoz. Bakez egiten dogu.

Ospakizun hau isiltasunean hasten dogu. “Estalpera” ere begiratzen dogu, bizia emongo deutsen elementuak gogoratuz.

(Isilune luze samarra)


KANTUA

Otoitzean alkartu eta Maria ondoan sentitzearen poza agertzen eta eskertzen doguz hurrengo kantu honekin.

AMA ZARA TA

1

Ama zara ta Birjina,
Jesusen Ama Maria;
agur zuri, agur t´erdi,
sortzetik garbi garbia. Amen.

2

Egilearen alaba,
Ama zaitu Egileak;
zure sabela izan dau
sorleku Jainko-Semeak.

3

Espiritu Santuaren
egitez sortu zenduan:
geroztik dago gurekin
Jainko-Semea munduan.

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

LAU KANDELAK

OHARRA: Abenduko koroia eta lau kandelak gure eleizan ditugu eta ezaguna egiten jaku. “Lau kandelak” abendu aldiko, Jesusen etorrerea prestatzeko lau domekak gogoratzen deuskuez. Jesus gurekin egotera dator eta hori prestatu beharra dago. Bihotzez prestatu eta bizitzen ahaleginduko gara.


KARTELA

OHARRA: Zerbait inportantea gertatu behar danaren aurrean Mariaren jarrera gogoratzen deusku kartel honek. “FIAT” – “EGIN BEDI” horregaz Mariak bere jarrerea agertzen deusku. Bera prest dago; Jainkoaren gurariak betetzeko prest.


KUTXATXOA

OHARRA: KUTXATXO honekin hauxe agertu gura dogu: Mariak ALTXOR bat daukala eta guri eskeintzen deuskula. Altxor hori JESUS dogu: Jainkoa gure artean. Hurreratu gaitezan altxor horretara eta ikusi, ukitu eta gozatu dagigun.

# # #
#
#
# # #

Pregoia

 

SARRERA

Senideok: jaien hasiereak momentu berezi bat eukiten dabe. Pregoiak, egun horreek lagun artean jai eginez eta pozez bizitzera konbidatzen gaitue.

Guk, gaur gizadiaren historian behin bakarrik gertatutako zerbait berezia dogu ospatzeko: Jainkoak gizon egitea erabaki dau, gizakiokaz, BIZITZAREN BIDEA egiteko. Albiste ederra.

Baina Jainko honek ez dau inor behartzen; berak ESKEINTZA egiten dau, emon egiten jaku, baina BAKOTXAK ONARTU behar dau. Holan ez bada, ezerezean geldituko da dana eta ez dau gure bizitza ikutuko.

Barri Ona sinismenez entzun eta onartzeko prestatzen gara.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

Senideok:
Graziazko aldian gagozala iragarten deutsuet:
ABENDUAN gagoz.
Horregaitik, jaso begiak eta begiratu zerumugara.
Oraintxe da ordua,
zabaldu gure begiak eta bihotzak
gure historiaren ateak joten dabilen
BARRI ONA onartzeko:
Profeteak iragarpen hau egiten deusku:
“Jeseren enborretik kimu barri urtengo da,
sustrai barria loratuko”
.
Gu, anai-arrebok,
Barri On hau eskeintzen jaken
pribilejiatuak gara.

Egia dala sinisturik,
eta gure barrua ikutu leikela onarturik,
bihotzez esaten dogu:

Danok:
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ, ZURE EGARRI GARA.
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ GUREGANA.


Anai-arrebok,
beste behin ere zerumugan itxaropena sortzen da.
Ostean, egunsentia lez, GABONAK ditugu.
Eta bidean,
emakume apal bat
presentzia barriaren SEINALE dogu.

NAZARETEKO MARIA dogu.
Jainkoaren ezustekora zabalik bizi da,
eta baldintza bako “FIAT” esaten dau,
Jainkoaren promesak beteko dirala itxaroten daualako.

Danok:
AMA MAITE, MARIA,
EGIGUZU LAGUN,
ZURE BITARTEZ JESUS
IKUSI DAGIGUN.


Gaur, anai-arrebok,
Mariaren antzera,
Jainkoaren AGINTZARIEI zabaltzen deutsegu gure barrua,
eta profeten iragarpenak entzuten,
Jainkoa bere herria ikustera datorrelako.

Mariarekin batera goaz,
gure gogoa
BAKEAREN MEZULARIAREKIN AURKITZEA dalako,
Jesu Kristo berbera,
Mariak bere sabelean daroana.
Horregaitik erregutzen dogu:

Danok:
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ, ZURE EGARRI GARA.
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ GUREGANA.


Eta zu, Maria,
itxaropenaren emakumea eta etorriko danaren Semearen Ama,
hartu gaizuz zure ondoan,
zure antzera,
Jainkoaren nahia onartzen ikasi dagigun,
naiz eta batzuetan ulertu ez bere bideak.

Gure Ama,
zure presentziak konfiantza emoten deusku,
Jainkoaren maitasunaren Barri Ona dakarskun
Harengana heltzeko,
BIDERIK ziurrena zaitugulako.
Horregaitik bihotzez dinotsugu:

Danok:
AMA MAITE, MARIA,
EGIGUZU LAGUN,
ZURE BITARTEZ JESUS
IKUSI DAGIGUN.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Senideok: Jainkoak bere herriari zuzendutako Hitza entzutera goaz. Hitz horrek momentu berezi bat izan dau: Bere Semeagan gugana hurreratu dan momentu paregabea.

Gaur, bihotz apalez entzun eta onartuko dogun zatia, herriko emakumea dan Isabelek, Mariagan Jainkoaren miragarriak aurkitzen dituan unea da. Jainkoaren Espirituaren eraginez, Mariari berba gozoak eta ederrak zuzentzen deutsoz; MAITASUNAREN MISTERIOA aurkitzen lagunduko deuskuen berbak dira. Mariak ere, berak bizi dauan guztia, kantu eder baten labur batuko deusku: bere sinismenaren laburpena lez dogu.

Isabelengan eta Mariarengan izan eban eragina, gugan ere izan dagian, Biziaren Hitz hori onartzeko eta hausnartzeko prestatzen gara.


EBANJELIOA: Lukas 1, 39-56.

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendialdera joan zan, Judeako herri batera, eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin eutson.
Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli salto egin eutson umeak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zan, eta honan esan eban oihu handiz:
- «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nondik niri neure Jaunaren Ama nigana etortea? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinistu dozulako; Jaunak beteko dau esan deutsuna!».

Orduan Mariak esan eban:

- «Haundiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
haundiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu,
bota ditu euren aulkitik haundikiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu goses egozanak,
eta esku-hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emona,
Abrahani eta ondorengoei betiko esana».

Hiru hilabete-inguru egon zan Maria Isabelegaz, eta gero etxera joan zan.


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

(Beharrezkoa ikusten bada)


ALKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jainkoaren Hitza entzun ondoren, hurrengo kantu honen bidez, Abendu giroan sartzen ahalegintzen gara.

Zatoz, Jauna! Gaur zain dozu mundua,
zorigaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Nausi da-ta dirua:
jendea maiz dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, behartsuen oihua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:
biztu gugan fedearen sua.
Zatoz, Jauna! Argitu Zeuk mundu hau:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:
jendeek alkar ezin hartu dabe.
Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

Ebanjelioko zatian, gure sinismenerako hain garrantzi haundiko momentua prestatzeko eta bizi izateko emakume biren JARRERAK entzun ditugu. Euren bizi izateko, sinisteko eta itxaroteko erea, Salbatzaileagaz alkartu gura dogunontzat, era jatorra eta benetako BIDEA dogu.

ALKARTE lez OTOITZ egingo dogu. Bakez egingo dogu, prisa barik, bihotzez. Mariari begiratuz, gure bihotzaren isiltasunean egingo dogu otoitz.

Otoitz alditxo honetan Maria dogu bide-lagun. Bere jarrera, bere berbak, bere erea… geureak egiten ahalegindu. Eta geure barruan sentitzen doguna, guztion onerako esan gura badogu, askatasun guztiagaz egiten dogu.

Alkarteko otoitz honetan, Belenera doan bide horretan aurkitzen doguzan ezaugarriak ere lagungarriak gertatu bekiguz.

Une hau bakean gozatzen dogu.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ALKARTEKO OTOITZA

AGUR ZURI, MARIA

Agur dinotsut, Maria,
Jauna zeugaz dagoalako,
zure etxean, zure kalean, zure herrian,
zure besarkadan, zure erraietan.

Agur dinotsut, Maria,
bildur izan zinalako
-nor ez bildurtu holako albiste baten aurrean?-,
baina laster bakez eta adorez jabetu zinan
eta halako bialdu bati sinistu zeuntsan.

Agur dinotsut, Maria,
ulertu ez zenduana itandu zendualako
-goitiko mezua izan arren-,
eta ez zenduan emon bai arin eta bai itsu bat,
hori barik, zeure berbaz alkarrizketara jo zenduan.

Agur dinotsut, Maria,
sortu eta argitara ekarri zendualako
ume bat, Jesus, bizia;
erakutsi ederra emonez:
bizia sortu eta landu egin behar dala
Jaungoikoa presente egin gura badogu.

Agur dinotsut, Maria,
Espirituaren esanera jarri zinalako
eta bere kerizpean iraun zendualako,
zelan ekaitzean, halan barealdian,
Jaungoikoari Jaungoiko izaten itziz
eta zu zeu izateari itzi barik.

Agur dinotsut, Maria,
gure bizitzari aukera barriak zabaldu zeuntsozalako,
zure lehengusina zaintzera joan zinan,
barriona beragaz konpartidu zenduan,
eta ez zinan aspergarri egin.

Agur dinotsut, Maria,
Yaberen hondarren arreba erromesa.
Zatoz bidean gugaz,
besteakaz batera eroan gagizuz
eta eutsi gure sinismenari.


Ulibarri, Fl.

# # #
#
#
# # #

Konpromisorako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“MARIAREKIN JESUSEKIN BAT EGIN” izan da otoitz-ospakizun honen goiburua. Abenduko bidean, gutariko bakotxak zelan bizi izango dogun agertzeko unea dogu orain. NIRE KONPROMISOA bizitzeko eta agertzeko unea da.

OTOITZ giroan egiten dogu, horrela lortuko dogu pozez beteko gaituen konpromiso bat egitea.

Ezaugarri batekin hasten gara: alkarteko buru egiten dauanak, JESUS UMEA aurkeztuko deusku, eta erdizka dagoan “jaiotza” horretan ipiniko.

Une hau barru-barrutik bizi dogu.

(Isiltasun osoz egiten dogu)

Jarraitu daigun. Alkartean bakarka hartu dogun GURE KONPROMISOA onartzen dau Jesusek.

Gura dauanak, alkartearen aurrean esaten dau bere konpromisoa. Guztiok geure bihotzean erabilten dogu konpromiso hori.

Konpromisoak esan egiten badira, eskerrak emonez erantzuten dogu:

ESKERRIK ASKO, JAUNA, BIHOTZ BIHOTZETIK.
ESKERRIK ASKO, JAUNA ORAIN ETA BETI.

Inor ez behartu; aske eta bare sentidu gaitezala. Garrantzitsuena bakotxak bere barruan hartzen dauan konpromisoa da.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senide eta lagunok: otoitz-ospakizun hau amaitzera goaz.

“MARIAREKIN JESUSEKIN BAT EGIN” izan da hasieratik agertu jakuna. Maria, Isabel eta bihotz oneko beste pertsona askoren antzera, EGIN BEHAR DOGUN BIDEA proposatzen jaku.

Aukera ederra dogu Abendu eta Gabon aldian. Gure bizitzan hartu geinken erregalurik ederrena izango dogu.

Isabel eta Mariaren arteko berbak gogoratuz, kantu honekin amaitzen dogu gure otoitz-ospakizuna.


AZKEN ABESTIA

Gora ta gora daukat bihotza nik kantari,
gora ta gora Jaun onari.


Gora ta gora / daukat bihotza / nik kantari,
gora ta gora / Jaun onari.
Pozaren pozez / gainezka daukat / nik gogoa
Salbatzaile dot / Jaungoikoa.

Mirabe honen / ezereza dau / Hak ikusi,
ta munduak ni / haundietsi.
Haundiak egin / deustaz guztia / dagikenak
Santu dau Harek / bere izena.

Bere errukia / gizaldietan / gainez dago
bildur deutsoen / danentzako.
Bere besoaz / harrigarriak / egin ditu;
bihotz harroak / barreiatu.

Ahaltsu diranak / euren aulkitik / bota ditu,
apalak, barriz / goraltxatu.
Gose diranak / ondasunetan / ditu ase;
aseak, barriz / itzi gose.

Aintza Aitari / gizon egin zan / Semeari
ta Espiritu / Santuari.
Lehen zan bezala / eurei aintza / orain ere
hala dedila / beti ere.

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue