Hemen zagoz : Sarrerea > Espiritualitatea - Testiguak > Alkartea Ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

IBILIAN - Bidea hasten dogu

# # #

IBILIAN - Bidea hasten dogu

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errezenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartea erabagi dogu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezbardinak eskeintzen ditugu. Kontuan izetea gomendatzen deutsuegu.


SARRERA OHARRA

Anai-arrebok eta lagunok: bidean ipinten gara.

Maisuak gonbidatzen gaitu. Hilabete batzuetako ibilbidea hasten dogu. Eta ondo hasteak bere garrantzia dauka: begiak zabalik eta bihotza adi.

Bidean ustekabeak izango ditugu eta pozezko uneak ere bai: gozatzeko, dastatzeko eta alkarbanatzeko prestatzen gara. Izango dira, noraezean edo galduta lez sentitzen garan uneak.

Ipini daiguzan gure begiak eta gure bihotza Maisuarengan, bera gurekin dator… eta ezagutzen dau bidea. Abantaila hori dogu. Horregaitik “bildurrak” eta “atzera begiratzeak” ez dabe balio.

Alkarrekin bidea egin gura dogunok alkartu gara gaur. Hauxe da otoitz giroan egiten dogun proposamena.

Isil unetxo baten, geure begiak eta bihotza zabalduz, Jesus Maisuaren posterra begiratzen dogu. Isiltasunean, gure hitzak eta sentimentuak berari zuzentzen deutsaguz.


KANTUA

Gure gogoak batzen doguz eta alkarrekin kantatu.

Maitasun ta zuzentasunez dagigun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dogu distiratsu egunsentiko argitasun.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI (bir).


Zerua eta lurra barriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI (bir).

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

BIZKAR-ZORROA ETA MAKILA

OHARRA: Jauna, bidea egiteko, bizkar-zorro eta makila hau aurkezten deutsuguz. Zuk dinoskuzu, “jaiki eta ibili”: gonbidapena eta agindua dogu. Jauna, ilusinoa eta bildurrak nahastean bizi doguz, baina gura dogu. Zu gurekin zatozela jakinik, aurrera egin gura dogu.


IKAS URTEKO PASTORAL EGITARAUA

OHARRA: Jauna, ez dogu gura inuzenteak izatea, ezta “datorrena” beste barik hartzea. Ez. Horregaitik egin gura doguna idazten ahalegindu gara eta gaur hemen aurkezten deutsugu.


BIBLIA

OHARRA: Zure Hitza aurkezten deutsugu, Jauna. Gure bidea argitu eta zuzenduko dauana zure Hitza izatea gura dogu. Bakarka eta alkartean zure hitza irakurriz zure proposamenak eta eskeintzen deuskuzun bidea kontuan izatea gura ditugu. Zure Espirituak lagundu gaizala.

# # #
#
#
# # #

Pregoia

 

OHARRA

Anai-arrebok: gure herrietako jaiak eta beste jai berezi batzuk ere euren iragarpena edo pregoia izaten dabe. Gehien bat zer ospatzen dogun eta zelan ospatuko doguzan agertzeko izaten dira. Baita be herria parte hartzera gonbidatzen da.

Jesusen jarraitzaileok ere badogu zerbait aldarrikatzeko. Gure pozak eta alaitasunak sustrai sendoak ditu eta ondo jatorku hori gogoratzea.

Ibilbidearen hasieran prestau gaitezan gure gogoak agertuz bidean aurrera egiteko.

Sinismenez eta pozez entzuten dogu.


IRAGARPEN-PREGOIAREN ALDARRIA

Anai arrebok:
gaur eta hemen, Jesukristo Berbiztuak
alkartu gaitu
eta hurrengo hau gogoratzen deusku:
“Bi edo hiru nire izenean alkartzen diranean,
euren erdian nago ni”
.

Gure bihotzak berotzeko
Bera gure artean dagoela konturaturik
barru-barrutik,
sinismen goralpen hau aldarrikatzen dogu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
Zuk argitzen dozu gure bidea;
Zu gurekin zatoz;
zure Erreinuaren proposamena egiten deuskuzu,
Aita-Amak zuri egindako proposamena guri luzatuz.
zure hitzak guretzat benetan janari dira;
zure mahai inguruan alkartzen gaituzu
anaitasunaren indarra gure barruan sartzeko.
Horregaitik barriro dinotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
gaur hasten dogun ibilbide barria
Zurekin batera egin gura dogu;
zure arnasea sentidu gura dogu;
gurekin batera izerditan ikusi gura zaitugu;
zure ezpanetatik
BIZIAREN EBANJELIOA entzun gura dogu,
bere freskotasuna eta indarra sentitu,
bere deiak eta proposamenak.
Zuri entzunez,
zure Ebanjelioaz maitemindu gura dogu.
Horregaitik dinotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
barrutik ezagutzen gaituzu,
gure ilunaldiak eta neke aldiak ezagutzen dituzu.
Baina gure gogoa,
ilusinoa eta itxaropena ere ezagutzen dozu.
Horregaitik gaur barriro dinotsugu,
Zugan SINISTEN dogula, Zugan ITXARON,
Zurekin batera BIDEA egiteak pozten gaituela.
Jesus Berbiztua, kontatu gurekin
eta alkarrekin Aita-Amaren egitasmoa
egi bihurtzen joan gaitezala.
Horregaitik dinotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

OHARRA

Anai-arrebok: Maisuari entzuteko prestatzen gara, bere Hitza onartzeko. Hitz esanguratsuak entzungo ditugu, baita zorrotzak ere. Jesus bera ere bere “Orduan” aurkitzen da; Aita-Amak beretzat pentsatuta daukan egitasmoaren aurrean, aske egon onartzeko.

Onena zer dan badakielako, ez inork ez ezerk ez dau geldituko. Ziur egote horretatik, eta Bera ezagutu gura dabenei erantzuna izan daigun, BIDE konkretu hau eskeintzen deusku. Entzun dagigun.


EBANJELIOA: Joan 12, 20-28.

Jaietan Jainkoari kultu emotera joan ziranen artean baziren greziar batzuk. Honeek Galileako Betsaidako Felipegana hurreratu eta eskabide hau egin eutsoen:
- «Jauna, Jesus ikusi nahi genduke».

Felipe Andresi esatera joan zan, eta biak, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi eutsoen. Jesusek erantzun eutsen:
- «Heldu da Gizonaren Semearen aintza azalduko dan ordua. Bene-benetan dinotsuet: gari-alea, lurrean sartu eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hilten bada, ostera, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gitxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau.

Nire zerbitzari izan nahi dauanak jarraitu beist eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana Aitak goratu egingo dau.

Larri dot orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko ete deutsat Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri naz eta! Aita, agertu zeure aintza!».


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

(Beharrezkoa ikusten bada)


ALKARTEAREN ERANTZUNA

Danok:
ZU GABE, JESUS, NORA
JOANGO GARA GU?
ZUK BETIKO BIZITZAKO HITZAK,
JAUNA, DITUZU.


Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari,
zure Hitza guretzat indar eta argi.

Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure Hitza,
zu zaitugu egia, bidea, bizitza.

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

Jesusen PROPOSAMENA entzun dogu. Bihotzera hitz egin deusku. Orain gure barrua Berari eta anai-arrebei zabaltzen deutsagu.

Otoitzerako minutu batzuk izango ditugu. Bakez. Prisa barik. Sakontasunez. Gure bihotz barruaren isiltasunean egiten dogu otoitz.

Baina apaltasunez gure hitza ere erabili geinke, Jesusi zerbait esateko, otoitz bat egiteko, zerbait eskatu, batez be otoitzean alkartu garan Taldearen alde eta gure ALKARTE osoaren alde.

Parte hartzera animatzen bagara, bakotxaren ondoren ere isilunetxoa egiten dogu, entzundakoa geureganatzeko.

Bakez sentitzen gara une honetan.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Aurreko oharra jarraituz egiten da.

Gura izan dabenak parte hartu ondoren, ALKARTEKO OTOITZA egiten da; ondoren datorrena edo beste bat)


ALKARTEKO OTOITZA

JESUS JAUNA

Jesus, ez dozu eskurik;
gure eskuak bakarrik dituzu,
zuzentasunezko eta anaitasunezko
mundu barri bat eraikitzeko.

Jesus, ez dozu oinik;
gure oinak bakarrik dituzu,
zapalduak askatasun bidean ipinteko.

Jesus, ez dozu ezpanik;
gure ezpanak baino ez dituzu,
behartsuei askatasunaren Barri Ona iragarteko.

Jesus, ez dozu bitartekorik;
gure ekintza baino ez dozu,
gizon-emakume guztiak anai-arreba izan gaitezan.

Jesus, ez dozu iragarlerik;
bakarrik gure testigantza,
biziaren bide bila dabizanak aurkitu dagien.

Jesus, zure Ebangelioa geu gara,
gure bizitzak, ekintza eta hitz eraginkorrak badira,
jendeak irakurri leiken Ebanjelioa bakarra.

Jesus, zure alkartean,
gure eleiz alkartean,
zure aurpegia munduari erakutsiko deutseen
pertsona bokazinodunak behar ditugu.

# # #
#
#
# # #

Konpromisorako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“IBILIAN. BIDEA HASTEN DOGU”: batzar honen eta ospakizunaren goiburua izan dogu. Amaitu aurretik, ahalegintxo bat egingo dogu, hemen entzundakoa, hausnartutakoa eta ospatutakoa, bakotxak zelan bizi izango dogun agertzeko. BAKOTXAREN KONPROMISOA agertzeko unea dogu.

Otoitz giroan egingo dogu; zentzunez eta alkarteko konpromisoari begira bizitzeko era bakarra dogu.

Era bitara egin geinke: norberak dauan konpromisoa era laburrean esanez; edo, ospakizunaren hasieratik aurrean ditugun ezaugarrietako bat hartu (niretzat esanguratsuena dana) eta alkarteari erakutsi, bere lekuan itzi eta norberen tokira joan. Bigarren era hau isiltasunean egiten dogu.

Bakarkako konpromisoa, ahoz esaten danean, ondoren abestu geinke:

ESKERRIK ASKO, JAUNA BIHOTZ BIHOTZETIK.
ESKERRIK ASKO, JAUNA, ORAIN ETA BETI.


Une hau askatasunez biziko dogu. Garrantzitsuena bakotxak bere barruan hartu dauan konpromisoa da.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Anai-arrebok: ospakizun hau amaitzera goaz. “IBILIAN. BIDEA HASTEN DOGU” izan da proposamena. Honek esan gura dau erronka ederra dogula aurrean. Ospakizunaren amaieran, Mariarengana hurreratzen gara: bere bizitza osoa bidean egotea izan zan. Nazareteko Maria dogu, Jesusen Ama. Bere laguntzak, segurutik, ziurtasuna sortuko deusku.

Berari abestuz amaitzen dogu gaurko ospakizuna.


AZKEN ABESTIA

Zure errukizko begiak, Ama,
arren itzuli egidazuz.
Negarrez dagon seme gaixoa
gozatutzen badakizu.
Ama zara ta semien alde
zuk zer egingo ez dozu?
Gure saminak gozatutzeko
zagoz bai hor altaran zu.
Ama zara ta semien alde...

Hortikan zagoz Euskal herriko
seme gaixoei begira;
gaur zure seme horren kontrako
etsaiak ugari dira.
Zugana gatoz, Ama maitea,
zure babespe argira;
isuri eizu zure indarra
Euskal bihotzen erdira.
Zugana gatoz Ama maitea...

# # #
 

Alkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 


bidean@bidean.net
castellano euskera batua euskera bizkaiera orue